«Negozio-proiektu batekin ilusioa dutenak animatu nahi ditugu, guk bezala pausoa ematera»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00
Bere esperientziaren berri eman duten bost ekintzaileak, eta udal ordezkariak, atzo Kontxaenean egin zuten agerraldian.

Aste honetan argitaratu du Astigarragako Udalak, lokal hutsetan jarduera ekonomikoak jartzeko dirulaguntzen deialdi berria. Eta atzo, bere esperientziaren berri eman zuten, egitasmoan parte hartu duten bost ekintzailek.

Martxan da Guztion Astigarraga egitasmoaren deialdi berria, dirulaguntzak emateko, hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomikoak jarri nahi dituzten ekintzaileei. Eta horri begira, bere esperientziaren berri eman zuten atzo, Kontxaenean, aurreko deialdiari esker bere negozioa martxan jarri duten bost herritarrek: Eingou Ikasgunea jarri dute martxan Maider Etxeberria Otegik eta Maialen Sarasola Barrenecheak; Oumaima ileapaindegia zabaldu du Oumaima El Gabbasek; eta Mara-Mara Tattoo Studioren ibilbidea hasi dute Ma­ria del Pino Vicedo Rubio eta Eva Vicedo Rubio ahizpek.

«Txikitako lagunak gara gu, eta ingeniaritza ikasi genuen biok», azaldu zuten Maiderrek eta Maialenek: «Donostian egin genuen lan, Eingou akademian. Baina gure ilusioa zen gure ikasgune propioa zabaltzea hemen, Astigarragan. Proiektua prestatu genuen, beldur eta kezka askorekin, bereziki egungo egoeran. Baina familiaren babesak eta Udalaren laguntzak, segurtasuna eman digute pausoa emateko. Eta oso esperientzia ona izan da orain arte, pandemiaren kaltea ere ez baitugu sobera nabaritu».

Oumaimak, berriz, azaldu zuen Marokotik etorri zela bera, eta beste hainbat lanbidetan aritu den arren, ileapainketa estetikoa zuela oso gustuko, eta horri heldu ziola: «pandemiaren aurreneko hilabeteak gogorrak izan ziren, baina martxa hartu genuen pixkanaka, eta oso pozik nago orain».

Eta Mariak eta Evak, azkenik, kontatu zuten txiki-txikitatik izan duten afizio bati erantzuten diola negozioak: «betidanik marraztu dugu, eta duela urte batzuk murgildu ginen tatuajeen munduan. Gure nahia zen, bezeroak ateratzea bere marrazki propioarekin, beste inork ez daukana; eta garrantzia haundia ematen diogu kalitateari», diote. Gainera, nabarmendu zuten «Astigarragarekin maiteminduta» daudela, aspalditik: «herri zoragarria da, eta jendea oso atsegina. Eta oso aukera ona iruditu zitzaigun hemen jartzea tatuaje estudioa, antzekorik ez zegoelako». Horretarako, Guztion egitasmoaren di­rulaguntzak «sekulako bultzada» eman ziela diote.

Xabier Urdangarin alkateak, bere aldetik, nabarmendu zuen kanpotik Astigarragara etorritakoak direla, «ez lo egitera bakarrik, beraien proiektuak ere he­men garatzera baizik»; eta bost ekintzaileak direla emakumeak: «oso esanguratsua da hori».

 

Sostengu ekonomikoaz gain, aholkularitza zerbitzua

Jaione Irazuk, Komertzio, Turismo eta Tokiko Garapeneko teknikariak, azaldu zuen ez dela sostengu ekonomikoa bakarrik, ekintzaileei eskaintzen zaiena: «aholkularitza zerbitzua ere ematen diegu, beraien negozioa martxan jartzen laguntzeko».

Horren garrantzia nabarmendu zuten Maiderrek eta Ma­ialenek ere: «hasieran oso galduta geunden, eta gure hasierako ideiatik abiatuta, horri forma emateko, aholkularien laguntzak lasaitasun haundia eman zigun. Ezinbestekoa izan da», azaldu zuten.

Aurreko deialdiaren antzekoa da, egunotan argitaratu de­na. Udalak diruz lagunduko ditu lokalaren urtebeteko alokairua, enpresa eratzeko gastuak, obra proiektuak eta lanak, eta kotizazioak, aseguruak eta aholkularitza zerbitzua. Gastuaren %30a hartuko du bere gain Udalak, 4.000 euroko mugarekin. Bai­na posible da portzentaje hori haunditzea, baldintza batzuekin: emakumezkoa izatea, langabea izatea, gizarte bazterkeria egoeran egotea... Guztira, %50era artekoa izan daiteke.

Dirulaguntza horiek jaso ditzateke, negozio berri bat martxan jarri nahi dutenek; elkarlan espazio batean hasi eta lokal batera mugitu nahi duten ekintzaileek; edota negozioen eskualdaketak egiten dituztenek. Informazio guztia dago eskura­garri, egitasmoaren webgunean: guztion.astigarraga.eus.

Joan den urtean, lokal hutsen poltsa eratu zuen Udalak, eta ordutik, lau lokal aktibatzea lortu dute. «Beraien proiektua martxan jartzeaz gainera, bizitza ematen diote herriari», azpimarratu zu­en Jaione Irazuk.

Eta horretara animatu nahi izan zituzten herritarrak, atzo bere esperientzia konpartitu zuten bost ekintzaileek ere: «negozio-proiektu batekin ilu­sioa dutenak animatu nahi ditugu, guk bezala pausoa ematera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!