Atzo argitaratu zuen Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udaleko bi lanpostu betetzeko deialdia. Tokiko garapeneko saileko teknikari eta arduradunaren lanpostua da horietako bat; eta berdintasun, elkarbizitza eta partehartze saileko teknikari eta arduradunarena bestea.
Bi kasuetan, antzekoak dira lan baldintzak. Administrazio bereziko eskala eta zerbitzu berezietako azpieskala izango dute, eta 17.096,52 eurokoa izango da osagarri berezia. Laugarren hizkuntza eskakizuna ezarri du Udalak. Sailari dagozkion eginkizunak izango ditu lanpostu bakoitzak.
Hautagaiek, 20 eguneko epea daukate eskaerak aurkezteko, Astigarragako udaletxean bertan paperean, edo telematikoki (astigarraga.eus/eu/tramiteak). Aurkeztu beharko dira Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, deialdian parte hartzeko beharrezkoa den tituluaren fotokopia, euskera mailaren ziurtagiri edo tituluaren kopia, eta lehiaketan baloratzekoak diren merezimenduen zerrenda. Berdintasuneko teknikariaren deialdiko kasuan, aurkeztu beharko da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko trebakuntza ikastaroaren titulua ere.