Dagoeneko aurkeztu du Astigarragako Udalak martxoko kultura-agenda. Herenegun ipuin ordua izan zen liburutegian, eta datozen egunetan ere egiteko ugari izango dute astigartarrek. Hilabete osoan zehar izango dira antzerkiak, bakarrizketak, literatura-solasaldiak, hitzaldiak edota ikastaroak. Gainera, hilabetero moduan, oraingo honetan ere haurrei, gazteei, zein helduei zuzendutako ekintzak izango dira, eta, beraz, adin guztientzako aukera egongo da herrian.
Bestalde, ekintza gehienak izango dira Erriberan eta liburutegian. Hala ere, horietako batzuk Emakumeon Etxean, Emakumeon plazan, edota AEK euskaltegian izango dira. Horrez gain, zenbait kultura-ekintzetarako beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena edo sarrera eskuratzea. Gaurko antzerkirako, adibidez, sarrerak salgai daude Erriberan (haurrentzat 4 euroan eta helduentzat 8 euroan). Halaber, hilaren 13ko kontzertuetarako ere sarrerak salgai daude 8 euroan Zipotzan, Gazte Informazio Gunean (616 599 334) edo egunean bertan, Erriberako leihatilan 16:00etatik aurrera. Kasu horretan, 15 euroren truke kontzertuetarako sarrerak eta DVDa ere eskuratu daitezke. Zinema saioetarako eta antzerkietarako ere sarrera behar da, eta horiek salgai egongo dira Erriberan, aldez aurretik edo egunean bertan.
Zuhaitz Gurrutxaga protagonista, hilaren 26an
Hilabeteko protagonista nagusienetako bat Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa izango da. Gurrutxaga telebista-aurkezlea da, eta futbolari ohia ere bada. Realeko jokalari zeneko garaia gogoan, denbora hartako hainbat bizipen eta anekdota izango ditu hizpide. Gainera, jendaurrean lehenengoz, goi-mailako futbolari zenetik lehen pertsonan bizi duen Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz (gazteleraz TOC, Trastorno Obsesivo-Compulsivo) ere hitz egingo du. Mundarro kirol elkarteak antolatu du saioa, eta sarrerak salgai daude, 8 euroan, kiroldegian eta egunean bertan, Erriberako leihatilan 18:00etatik aurrera.
Noka hitz egiten ikasteko aukera, Eli Pagolarekin
Hilabete honetako ikastaroetako batean, noka hitz egiten ikasteko bi saioko ikastaroa emango du Eli Pagola ereñotzuarrak. Noka emakumeei zuzendutako hikaren aldaera da, emakumeek beraien artean erabiltzen dutena, eta ikastaroa Emakumeon etxean emango du Pagolak, martxoaren 19an eta 26an.