«Bere garaian garrantzirik ez zuten praktikak ekarri nahi ditut gaur egunera, erdigunean jarriz»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00
Amets Castrejanari egokitu zaio Astigarragako berdintasun beka, eta dio «gogotsu dagoela». Argazkia: Nagore Legarreta.

Astigarragako Udalak, abian jarri du berdintasuneko ikerketa beka, emakumeen historia jaso, landu eta herritarren esku jartzeko. Beka hau Amets Castrejana hernaniarrari egokitu zaio, eta emakumeen historia, haien gorputz praktiken bidez kontatu du. 

Astigarragako Udalaren berdintasuneko ikerketa beka abian jarri da, emakumeen inguruko historia jaso, landu eta herritarren esku jartzeko. Hau horrela, Amets Castrejana hernaniarrak bideratuko du ikerketa, eta Astigarragako emakumeen historia haien gorputz praktiken bidez kontatuko duela jakinarazi du. 


Ametsek, iraila eta urria artean jakin zuen berdintasun beka berari egokitu zitzaiola; «egia esan ez nuen espero, izan ere, hasiera batean beste pertsona bati eman zioten, baina honek uko egin zion. Hor badirudi nire proposamena bigarren postuan zegoela, beraz niri deitu zidaten. Momentu horretan gainera, pentsatu nuen dagoeneko beste pertsona bati eman ziotela beka, baina tira niri eman zidaten eta oso pozik hartu nuen albiste hau». 


Orain arte, historia gizonen ikuspuntutik kontatu izan dela dio Ametsek, eta berak, ikerketa honekin lortu nahi du; «emakumeen praktika aintzat hartuz, gordeta dagoen historia berreskuratzea, nolabait». Lan hau, lanketa antropologia feministatik egingo duela ere jakinarazi du: «urte asko dira, emakumeen esperientziak ez direla mahai gaineratu, ez dute garrantzi haundirik izan, eta gabezia hau ikusi nuen. Hori horrela, ideia horrekin, nire proiektua egitea otu zitzaidan, hau da, emakumeen historia haien gorputz praktiken bidez egitea. Eta Astigarraga gainera, da herri bat, nire ikuspegitik tradizioz betea eta modernoa aldi berean, orduan proposatu zidatenean bekarena, aurrera egitea erabaki nuen». 

 

«Astigarragako historian sakondu nahi dut, emakumeen ikuspegitik»
Ametsek, helburu zehatz eta argiak ezarri ditu, dio helburuetako bat dela Astigarragako historian sakontzea emakumeen ikuspegitik, eta horrez gain; «emakumeek eragin zituzten haustura sozial, politiko eta kulturalak, bildu eta plazaratzea. Herriko emakume gazte eta helduen arteko espazio komuna ere sortu nahi dut, testigantzetan agertuko diren ebidentziak orain aldira ekartzeko asmotan. Eta azkenik, herriko historiari buruzko irudimentsio kolektibo berri bat ere sortu eta sustatu nahi da, berdintasun beka honekin». 

 

«Gorputz praktiketan oinarrituko naiz»
Ametsek dio, helburu eta interes jakin batengatik, gorputzarekin egindako edozein ekintza dela gorputz praktika bat, testuinguru zehatz batean kokatzen dena, hain justu; «izan daiteke, jolasa, dantza, lana, hizkuntza, eguneroko ekintzat, ohiturak, keinuak eta mugimendu oro». 


Ametsek dio, bera ez dela historialaria; «ni nago ikasketa prozesu batean, antropologia arloan hain zuzen, eta zehatzago esanda, antropologia feministan ari naiz. Hori horrela, nire proposamena antropologia feministatik da, eta honek asko ikertzen ditu azken urteotan batez ere, gorputz praktikak, feminismoaren aldetik nola gorpuztu esperientziak... Azkenean  ikasten da nola erakutsi historia edo kultura gorputz praktiken bidez. Astigarragan badago historia, eta hori egin da gorputz praktiken bidez, beti egon delako kultura, dantza, kirola...». 


Antzinako, duela urte batzuetako, oraingo eta etorkizuneko emakumeei garrantzia eman nahi die Ametsek; «behar bada bere garaian, garrantzirik ez zuten praktikak ekarri nahi ditut gaur egunera, eta hori erdigunean jarri, eta nagusitasuna eman emakumeari». Horretarako, garrantzia emango zaio egiten diren jarduerei, harremantzeari, espazioa definitu eta erabiltzeko moduei, eta gorputzarekin-gorputzetik-gorputzen artean adierazteari. 

 

Lanaren nondik norakoak 
Nahiz eta Amets historialaria ez izan, Lurdes Ordriozolarekin (historialaria) jarri zen harremanetan; «eta gainera Astigarragarekin lotura dauka, ikerketa batzuk egin baitzituen sagardogintza eta emakumeen  inguruan, eta berarekin hasi nintzen testuingurua lantzen, nik ez daukadalako historian baliabide haundirik. Eta berak, nola eta non kokatu gauzak azaldu zizkidan».


Ametsek dio emakumeen testigantzak hartuko dituela, hau da, elkarrizketak egingo dira herriko emakumeekin, banaka zein taldeka; «oso garrantzitsuak dira emakume helduak, eta hauez gain, egon naiz herriko talde ezberdinekin. Adibidez, emakume helduen talde feminista bat dago, Arituz izenekoa eta hauek badaukate nolabaiteko indarra. Taldekideei bakarka ere testigantzak hartuko dizkiet, noski. Aspaldiko esperientziak hartu nahi ditut, eta gaur egungoak ere». 


Elkarrizketak egiteaz gain, Ametsek, herriko kultur elkarte eta elkarte feministekin eztabaida partehartzaileak ere egingo ditu, eta lanean zehar, objektuak bilduko dira, hala nola, emakumeen argazkiak, objektuak, tresnak, jantziak, gutunak... «Dantza taldearekin ere harremanetan jarri naiz. Nahiko nuke isladatu, emakume arruntaren espazio batzuetan, nola egiten dituzten aldaketak, eta hor gorputz praktikak oso argi ikusten dira».

 

Proiektuko lehen pausuak, emanda 
Astigarragaren historia ikertzen, eta hau esku artean duen lanera pasatzen jardun zuen pasa den hilabetea Ametsek, dio; «Astigarragako historia kokatzen hasi naiz, eta hortik dokumentazioarekin hasi naiz. Horrez gain, harremanetan jarri naiz, talde ezberdinekin. Bestalde, esan beharra dut, badagoela jada lan bat eginda, ez emakumeen gorputz praktiken inguruan zehazki, baina hizkerarekin lotuta, lan bat dago. Euskal hizkerak berreskuratzeko, edo behintzat gordetzeko egin zen lan bat izan zen. Hor bere metodologia zen bideoak hartzea, eta Astigarragako herriko jendearen testigantza asko daude, gizon zein emakumeenak. Eta hauek, hitz egiten dute bere praktikari buruz. Beraz, esan dezaket, alde batetik nagoela dokumentazio hauekin, analisi antropologiko feminista egiten, eta bestalde, talde eta bakarkakoekin bildu eta gai hauek lantzen».

 

Etorkizunerako planak
Printzipioz, Ametsek proiektu honekin buru belarri jarraitzeko asmoa du, eta urte beteko lana dela dio; «informazio asko bildu behar da, eta zehaztu egin behar dut daukadan informazio guzti hau, zerbait interesgarria sortu nahi dudalako. Egia da ezin dudala dena hartu, ezin dut informazio batzuetara heldu, baina saiatuko naiz ahal den guztia ematen, berdintasun beka honetan. Eta lan honetaz gain, Udalak beste zerbait proposatzen badit, beste proiekturen bat, ni horrekin aurrera. Demagun informazio hau aprobetxatu, eta beste ikuspuntu batetik egindako lan bat behar dutela, orduan nire lan hau laguntzeko izango dute, beti».   

 

Parte-hartzea, irekia 
Ikerketa honetan parte-hartzeko, bi modu daude, alde batetik, norberaren edo gertuko baten testigantza ematen; eta beste aldetik, objektuak edo materialak helaraziz. Honako bide hauetatik parte hartu daiteke: Erribera kulturgunean izena emanda, edo helbide elektroniko honetara idatziz ametsucf@hotmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!