Udala

Errealitate birtualeko esperientziak bizitzeko aukera, Gaztelekuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 00:00
Aintzane Barandiaran, Xabier Urdangarin, Leyre Jauregui, Sara Viglione eta Mikel Arostegi, asteazkeneko prentsaurrekoan.

Genero-berdintasuna eta sexu-hezkuntza erdigunean jarri dituzte Middin enpresak eta Udalak, abian jarritako jolas birtual batekin. 

Herenegun aurkeztu zuten Astigarragako Udalak eta  Middin enpresak, Gaztelekuan erabilgarri egongo den errealitate birtualeko jolasa. Middin-ek eta Astigarragako Udalak elkarlanean egindako proiektua da, eta, betaurreko batzuen bidez, aukera ematen du  genero berdintasunari eta sexu-hezkuntzari buruzko errealitate birtualeko esperientziak bizitzeko. Aurkezpenean izan ziren start-upeko ordezkariak, Aintzane Barandiaran Berdintasun zinegotzia, Xabier Urdangarin alkatea eta Mikel Arostegi Gazteria Saileko teknikaria. Guztiek egin zuten bat helarazitako mezuan: «proiektua oso interesgarria da, eta lagungarria izango da nerabeentzat, errespetuko harremanak izaten lagunduko dielako».   

Proiektu horrekin, Astigarragako Udalak apustu sendoa egin du berdintasunaren eta sexu-hezkuntzaren alde. «Ikusi genuen hutsunea dagoela nerabeen heziketa-sexualean eta, besteak beste, errespetuko harreman osasuntsuetan. Hori horrela, Middinen proposamena jaso genuenean, Berdintasun Sailetik ez genuen zalantzarik izan proiektua martxan jartzeko», zehaztu zuen Barandiaranek.

 

Proposamena eskuragarri Gaztelekuan, gazteentzat

Jolasa Gaztelekuan dago, eta sei hilabetez luzatuko dute jarduera egiteko aukera. Bestalde, 12 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat zuzendutako jolasa da. «Adin hori zehaztea erabaki dugu, norberak bere buruarekin eta ingurukoekin dituen harremanen segurtasunik eza eta kezkak adin horretan sortzen direlako, oro har», azaldu zuten Middinekoek. Hala ere,  «jolasak arrakasta izanez gero, zalantzarik ez dugu beste adinetara ere zabalduko dugula», argitu zuen Aintzane Barandiaranek. Gainera, jolasak eguneroko egoerak birsortzen dituzten 10 esperientzia eskaintzen ditu, eta berdintasun eza, emozioen kudeaketa, plazer erotikoa, osasun sexuala edo aniztasuna bezalako gaiak lantzen ditu. «Nerabeek aukera izango dute egunerokotasunean bizi ditzaketen egoerak erreproduzitzeko; eta, ondoren, hartutako erabakiaren gainean hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko unea izango da», azaldu zuen Barandiaranek.

Horrez gain, errealitate birtualeko egoerak bizitzeko jarduera horretan, gazteak Gaztelekuko hezitzaileekin egongo dira. Hain justu, edukiak zeintzuk izango diren adostu dute Gaztelekuko hezitzaileek, Middineko langileek eta Udaleko Berdintasun Saileko kideek. Horren harira, Leyre Jauregui Middineko bozeramaileak argitu zuen jolasean ez dela erabiltzaileen jarrera epaituko. «Esperientzia gamifikatua da, guk ez dugu esango hartutako erabakia ondo ala gaizki dagoen. Xedea da esperientzia bizitzea, eta, gero, ikusitakoari eta egindakoari buruz ondorioak ateratzea».

Aipatu moduan, nerabeek 10 murgiltze-esperientzia izango dituzte aukeran, eta berdintasunarekin eta sexu-heziketarekin lotutako eguneroko egoerak ikusiko dituzte, errealitate birtualaren bidez. Horren bueltan, asteazkeneko prentsaurrekoan, jardueran parte hartu duten bi gazteren testigantzak jaso zituzten eta, horien arabera, «jolasa oso erreala da». Gazteen esanetan, «sozialki ez ditugu barneratuta horrelako gaiak, eta hezkuntzaren bidez horiek jorratzea ezinbestekoa da, horien gaineko ardura hartzeko». Beraz, esandako guztiagatik, jolasa arrakastatsua izango dela aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!