Zerbitzu berri bat, ikastaro-bonuak dituzten kiroldegiko erabiltzaileentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 00:00

Herriko kirol instalazioak erreserbatzeko aukeraz gain, ikastaroetan ere erreserbak egin daitezke orain, horretarako sortu zen aplikazioaren bidez. 

Astigarragako Udalak zerbitzu berri bat jarri du martxan, ikastaro-bonuak dituzten kiroldegiko erabiltzaileentzat. Herriko kirol instalazioak erreserbatzeko egungo aplikazioaren bidez, ikastaroetan ere erreserbak egin daitezke orain, aldez aurretik eskuratutako ikastaro-bonuak erabilita. 

Ikastaro-bonuak 10 saiokoak dira, eta horiek eskuratzeko, dagokion tasa ordaintzeaz gain, erabiltzailearen datu pertsonalekin fitxa bat bete beharko da. 

Bestalde, bonuen prezioari dagokionean, bazkideentzat 51 eurokoa izango da eta gainerakoentzat, berriz, 61,30 eurokoa. Gainera, ikastaro-bonua erosten denetik, urtebeteko iraungipena izango du, eta edozein ikastaro egiteko balioko du. Salbuespena dira aireko pilatesa eta Bungee Air Fit ikastaroak.

Instalazioen erreserbak, aplikazioaren bidez
Koronabirusa dela eta, herriko kirol instalazioak erreserbatzeko aplikazio bat jarri zen abian. Horrela, erabiltzaileek libre dagoen instalazioa zein den jakin dezakete, eta hori erreserbatzeko aukera dute. Orain, ordea, osasun neurriek ez dute baimentzen taldeko kirola egitea. Beraz, hauexek dira erreserbatu daitezkeen instalazioak: kiroldegian, fitness gela, ziklo gela eta ikastaroak (bonuak dituzten herritarrek).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!