Hainbat hilabete lanean eman ondoren, lortu dute Astigarragan, Zipotza Mendi Taldea sortzea. «2020an hasi genuena, 2021ean gauzatu dugu», esan dute. Lanketa haundia egin dute mendi taldea sortzeko, eta dagoeneko martxan dute elkartea izateko prozesu guztia. «Elkarte gisa eratzeko estatutuak eta batzordekideak sortu ditugu, eta, orain, erantzunaren zain gaude».
Hori horrela, dokumentu guztiak lortzean, arduradunen asmoa da Mendizale Federazioarekin harremanetan jartzea eta uda heldu aurretik, «Zipotza Mendi Taldearen izenean federatzeko aukera izatea».
Bestalde, mendi taldea sortu dutela ospatzeko, martxoaren 14a egun berezia izatea nahi dute astigartarrek. «Egun hori berdez markatu egutegian, zerbait egingo dugu-eta!», aurreratu dute. Dena den, koronabirusa dela eta, ezer ez aurreratzea erabaki dute. Beraz, eguna gerturatu ahala, plangintzaren berri emango dute, zehaztasun gehiagorekin. «COVID-19a dela eta, baliteke azken momentuan gauzak moldatu behar izatea, baina argi dagoena da egun horretan zerbait egingo dugula», azpimarratu dute Zipotzakoek.
Horrez gain, herritarrei deia luzatu diete, edozein proposamen edo ideia izanez gero, beraiekin kontaktuan jartzeko. Gainera, taldeko kide izan nahi duten herritarrek, edota edozein kontsulta egin nahi dutenek, taldeko helbide elektronikora idaztea besterik ez dute: zipotzamenditaldea@gmail.com. «Bestela, beti elkartuko gara Zipotzan aurrez aurre!».