Urtero antolatzen du Astigarragako Ingurumen Sailak Zuhaitz Eguna. Aurten, gaurko egunean ospatuko dute ekimena astigartarrek eta, ohi bezala egingo ez badute ere, herritarrek aukera izango dute ohiturari heldu eta zuhaitza landatzeko. Andre Gobadarien ibai parkean landatuko dituzte zuhaitz guztiak, eta egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak bermatze aldera, hiru txanda antolatu dituzte, landaketak egiteko: 11:00etan, 11:45etan eta 12:30etan.
Denera, 111 zuhaitz
2020an jaio den haur bakoitzaren izenarekin astigar bat landatuko dute gaur. Guztira 111 ume jaio ziren pasa den urtean eta, dagoeneko, Udalak bidali ditu beraien etxeetara gonbidapenak, gaurko ekitaldiko xehetasun guztiekin. Horrekin batera, antolatzaileek eskatu dute ahal dutenek aitzurra eramateko.
Bestalde, pasa den urtean landaketa gutxiago egin zituzten, 2019an ume gutxiago jaio zirelako herrian. Guztia 94 kimu landatu zituzten, aurten baino 17 gutxiago. Jaioberriei omenaldia egiteko landatu zituzten zuhaitz horiek guztiak, eta goiz ederra pasa zuten haurrek zein helduek, familia giroan.
Hernanin, berriz, aurtengo edizioa 48garrena izango zen. Hala ere, koronabirusa dela eta, arduradunek erabaki zuten bertan behera uztea Zuhaitz Eguna. Jakitera eman zutenez, ekimena udazkenean berreskuratzen saiatuko dira. Pasa den urtean, Joxe Legarretaren omenezko XXXIII. edizioa egin zuten eta Kaldera Zaharretan egin zituzten landaketak, Larre Gainen ondoan. Denera, 200 bat zuhaitz landatu zituzten.