Asteartean egin zuen otsaileko Plenoa, ohiko deialdian, Astigarragako Udalak. Eta desadostasunik gabe, aho batez onartu ziren Plenoko gai guztiak.
Horien artean zegoen, esaterako, kirol instalazioak kudeatzeko kontratuaren luzapena. 2011n sinatu zuten kontratua Udalak eta Mundarro Kirol Elkarteak, bost urterako; baina bost urteko beste lau luzapen egiteko aukerarekin. Horrela, aurten bukatu da bigarren epealdia, eta kudeaketarekin jarraitzeko asmoa erakutsi du Mundarrok, eta kontratua 2026ra arte luzatzearekin ados azaldu ziren alderdi guztiak, Plenoan.
Horren aurretik, lanpostuen zerrendaren zati bat aldatzea ere onartu zuten. Izan ere, erretiroa hartuko du liburutegiko langile batek, eta haren hutsunea betetzeko prozesua martxan jartzeko, lanpostua hutsik dagoela adierazi behar du Udalak zerrendan, aurrena.
Arrobitxuloko igogailuaz ere aritu ziren. Obra egiteko hiru eskaintza jaso ditu Udalak, baina horietako batek «ausarkeriazko beherapena» daukala eta, erabaki dute 10 eguneko epea ematea enpresa horri, argudiatzeko aurrekontu bajuaren arrazoiak.
Hirigintzako hiru gai landu zituzten ondoren, Plan Orokorrari dagozkionak. Batetik, behin behineko onarpena eman zioten Ubarburu Zabalpenaren aldaketa puntualari, jasotako alegazio bakarra ezeztatuta. Bestetik, erabaki zuten Plan Orokorra berrikusteko prozesuari hasiera ematea, eta herritarren partehartzerako programa onartzea. 3-4 urteko prozesua izango da hori, aurten hasita. Eta azkenik, Txalaka Ergobia 15 HEA Plan Bereziari eman zioten behin betiko onarpena, Gaestopas enpresak gauzatuko duena.
Plenoa bukatzeko, hiru adierazpen instituzional irakurri eta onartu zituzten, hiru udal taldeek elkarrekin aurkeztutakoak. Aurrenekoan, herrian DBHko ikastetxea eraikitzeko premia azaleratu zuten, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zioten, horretarako hitzarmena prestatu eta dagokion izapideak abiaraztea; Hezkuntza Azpiegituren 2019-2023 Planean txertatzea; eta exekuzio proiektua idazteko espedientea martxan jartzea.
Martxoaren 8arekin lotutakoa izan zen bigarren adierazpen instituzionala. Nabarmendu zuten, «pandemian ere *emakumeek gizonek baino ondorio latzagoak» jasan dituztela, eta inoiz baino gehiago, begirada feminista behar dela erakundeetako politika guztietan.
Eta hirugarren adierazpenak, erreferentzian egin zion Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 45garren urteurrenari. Gaur izango da hori, eta saharar herriari elkartasuna erakutsiz eta ospakizunarekin bat eginez, Saharako bandera jarriko dute udaletxeko balkoian.
Hiru adierazpenak instituzionalak osorik daude irakurgai, kronika.eus webgunean.
Dirulaguntza deialdiak, Tokiko Gobernu Batzordean
Plenoaren aurretik, Tokiko Gobernu Batzordeak ere egin zuen bilera. Bertan, onartu zituzten karrerako funtzionarioren bi lanpostu betetzeko oinarriak eta deialdia: berdintasuna, elkarbizitza eta partehartzea saileko teknikari eta arduradunarena da bat, eta Tokiko Garapeneko saileko teknikari eta arduradunarena bestea. Lehiaketa oposizio bidez esleituko dira biak.
Onarpena eman zioten, baita ere, Astigarragako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari. Plan horren helburua da, «pertsonen mugikortasun beharrei erantzutea eredu jasangarri baten baitan, jasangarria hitzaren hiru adieretan: ekologikoa, ekonomikoa eta soziala». Laster aurkeztuko die plana herritarrei, Udalak.
Eta azkenik, hainbat dirulaguntzari eman zieten onarpena, zuzenekoak zein deialdi bidezkoak. Deialdiei dagokienez, honako partidak onartu ziren: merkataritza-ekintzailetza sustatzeko, 18.000 euro; gizarte zerbitzuen esparruan jarduerak, proiektuak eta programak garatzeko, 16.000 euro; garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleen baldintza sozioekonomikoak hobetzeko lankidetza programak antolatzeko, 63.695,31 euro; Kultura (20.000 euro), Euskara (15.000 euro) eta Jaiak (38.500 euro) arloetako dirulaguntzak; eta kirol ekintza puntualetarako (21.000 euro), kirol programetarako (2.200 euro) eta Astigarragako kirolarientzako (1.000 euro) dirulaguntzak.
Eta zuzeneko dirulaguntzei dagokienez, honakoak onartu zituzten: Astiko elkarteari 7.000 euro, Mundarrori 75.000 euro, Gazte Asanbladari 8.500 euro, Norberto Almandoz Musika Eskolari 146.748,55 euro, Aiztondo abesbatzari 14.515,50 euro, Txirriskla txistulari taldeari 8.330 euro, AEK euskaltegiari 13.000 euro, eta Dobera Euskara Elkarteari 30.000 euro.