Brontzezko domina Ourensen, June Baldak eta Unai Loyartek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 00:00
June Balda eta Ane Unzueta taldekidea, dominarekin. Argazkia: Ur Kirolak

Espainiako Txapelketa izan zuten, eta domina banarekin bueltatu ziren astigartarrak. Laugarren bukatu zuen
Ander Baldak.

Joan den asteburuan jokatu di­tuzte Ourensen, Castrelo de Miño herrian, distantzia luzeko Espainiako Txapelketak. Bertan izan dira lau arraunlari astigartar, Ur Kirolak taldearekin; eta emaitza bikainak lortuta bueltatu dira: brontzezko domina ekarri dute June Baldak eta Unai Loyartek, eta gertu izan du podiuma Ander Baldak ere, laugarren postua lortuta; zortzigarren postuan bukatu zuen Nahikari Artanok.

Binaka aritu zen June Balda, kadete mailan; eta Ane Unzuetarekin osatu zuen bikotea. Beste 10 ontzirekin aritu ziren, eta 22:19 denboran osatu zuten proba, hirugarren izateko. Aurretik izan zituzten Sevillako Lidia Florido eta Marta Ordoñez (22:10), eta Santiagotarrak taldeko Ane Calvo eta Elaia Saez (22:18).

Unai Loyarte (eskuinean), domina kolkoan duela, Peru Jauregi taldekidearekin. Argazkia: Ur Kirolak


Binaka lortu zuen brontzezko domina, Unai Loyartek ere, jubeniletan. Peru Jauregi izan zuen bikotekide, eta 20:15 denbora lortu zuten, domina eskuratzeko. Urrutiago izan zituzten aurrekoak, Sevillako bi bikote: Andres Diaz eta Juan Kaulani Martinez (19:40), eta Jorge Flavio Kanabe eta Jaime Valencia (19:48). 15 ontzi utzi zituzten atzetik, Loyartek eta Jauregik.

Nahikari Artanok, berriz, Li­be Goñirekin hartu zuen parte, jubeniletan; eta zortzigarren bu­­­katu zuten, 12 ontziren arte­an: 22:49 denboran osatu zuten proba. Oso lehiatua izan zen lehia, irabazteko: 21:47 denbora egin zu­ten Amanda Gil eta Alejandra Gelart sevillarrek, eta 21:48 Santiagotarrak taldeko Naroa Zubimendik eta Itxaso Goikoetxeak.

Eta binaka ez, banaka aritu zen Ander Balda, jubenil mailan. 45 ontzi aritu ziren lehian, eta aurreneko postuetan sailkatzea lortu zuen berak: laugarren bukatu zuen, 20:36 denborarekin. Postu bakarrera izan zuen podiuma, baina urruti izan zituen aurrekoak: Caetano Horta galiziarra (19:35), Eric Pastor kataluniarra (20:04), eta Pablo Moreno sevillarra (20:05).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!