«Zuhurtziaz» jokatzeko eskaera herritarrei, Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
«Zuhurtziaz» jokatzeko eskaera egin die herritarrei, Udalak.

Ostegunean Astigarraga eremu gorritik atera zen, eta Astigarragako Udalak honakoa azaldu du, «prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu». 

Duela bi egun, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik jaitsi zen Astigarragan, azken egunotako datu onen ondorioz. 
Astigarragako Udalak dio, azken hiruzpalau asteak gorabeheratsuak izan direla, koronabirusaren kutsatzeari dagokionez. Izan ere, «urtarrilaren 25era arte oso kasu gutxi izan genituen, baina urtarrilaren 26tik otsailaren 12ra 73 kasu izan genituen, eta intzidentzia tasa 900era igo zen». Kutsatzerako garaian, Udalak dio «oso arrisku altua izan dugu aste horietan, eta pertsona asko gaixotu dira eta familia askok egon behar izan dute konfinatuta».  

«Zorionez» dio Udalak, azken egunotan kasu positibo oso gutxi izan dira, eta hori kontuan edukiz, intzidentzia tasa nabarmen jaitsi da. Une honetan tasa 404,55ekoa da eta Astigarraga eremu gorritik kanpo dago. 

Egoerak hobera egin badu ere, Astigarragako Udalak, «zuhurtziaz eta arduraz» jokatzeko eskaera egin du, «prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu, izan ere, 500etik jaitsi arren kutsatzeko arriskua oraindik altua da».  

Urte bete egingo du «pandemiak hartu gintuenetik, nekea eta tristura nagusitzen ari zaizkigu denborarekin», azaldu du Udalak. Hala ere, herritarrei honakoa helarazi die: «etsi gabe jarraitu behar dugu prebentzio neurriak bete eta bizimoduari aurre egiten». 

371 positibo, aste hauetan
Azken asteotan,  371 pertsonak eman dute positibo Astigarragan, «horietako askok sintoma arinak izan dituzte, baina badira sintoma larriak izan dituztenak, eta lehengo osasun egoerara itzultzeko zailtasunak dituztenak ere». 

Hori horrela, neurrien inguruko zalantzak argitzeko, ohiko galderen dokumentu bat erantsi du Udalak, webgunean: https://labur.eus/DvSVe. Galderaz gain, Covid-19aren inguruko Astigarragako datuen mapa ere ikusgai dago, esteka honetan: https://www.astigarraga.eus/eu/covid-mapa.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!