Parke berritua Arrobitxulon eta 'pump track' pistaren obrak abian

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 19a, 00:00
Arrobitxulo eta Izaskun kalearen arteko track pista. Argazkia: Astigarragako Udala

Arrobitxuloko haur parkearen konponketa eta mantentze lanak amaituta daude, eta 'pump track' pista eraikitzen hasiak dira jadanik. 

Otsailean zenbait obra hasi dituzte Astigarragako Arrobitxulo auzoan. Alde batetik, haur parkean konponketa eta mantentze lanak egin dira, eta dagoeneko amaituta daude. Bestetik, pump track pista eraikitzen hasiak dira, eta «6 asteko epean amaituta» egongo dela azaldu  du Astigarragako Udalak.

«Arrobitxulo bidea eta Izaskun kalearen arteko 'track' pista eraikitzen hasi dira» 
2018ko aurrekontu partehartzaileetan herritarrek aukeratutako proiektua da pump track pistarena. Inertzia zirkularren zirkuituak dira eta maila guztietako erabiltzaileei daude zuzenduta. Zirkuitua asfaltozkoa dela ere jakinarazi du Udalak, «horrek bizikletentzat, patinentzat, monopatinentzat eta mikropatinentzat egokia izatea ahalbidetzen du, eta helduleku ezin hobea eskaintzen du, baita gainazala bustita dagoenean ere». 
Udalaren asmoa da, instalazio hau ahalik eta erabiltzaile gehienek erabiltzea. Erabiltzaile guzti hauei erantzuteko, «instalazio funtzionala eta balioanitza egingo da, non adituek entrenatu eta teknikak garatu ahal izango dituzte, eta hastapeneko erabiltzaileek pista eroso eta seguru batean praktikatu ahal izango dute». 
Poolsport Soluciones S.L  enpresak garatuko du obra eta 6 asteetako iraupena izango duela jakinarazi du Udalak eta gaineratu du, aurrekontua 73.000 eurokoa (BEZa barne) dela.

Haur parke berritua 
Arrobitxulo plazako haur parkean hainbat elementu «egoera txarrean edota zikinak zeudenez», konponketa eta mantentze lanak egin ditu Udalak. 
Egoera txarrean zeuden joko elementuak aldatu dira, hau da, bi kulunkak, txirristra haundia eta txirristra txikia. Horrez gain, zikin edo egoera txarrean zeuden panelak, edo bestelako elementu batzuk berritu dira.
Aurrekontuari dagokionez 15.000 euro inguru (BEZ barne) erabili dira, eta Ganboa Lan, S.L izan da lanak bideratu dituen enpresa.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!