«Zaintzaileak ikusarazi behar ditugu, eta ondo egon daitezen lagundu, izugarri merezi dutelako»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00
Saioa Garmendia astigartarrak eskainiko du zaintzaileen egoerari buruzko hitzaldia, gaur arratsaldean.

'Zaintzaileak zainduz' hitzaldia eskainiko du gaur Saioa Garmendia astigartarrak, arratsaldeko 18:00etan Kontxaenean: «saioaren asmoa da, zaintzaileek ikustea eta sentitzea ez daudela bakarrik, oso gogorra delako hori».

Zaintzaileen egoera ikusarazte­ko asmoz, eta haiei sentiarazte­ko ez daudela bakarrik, hitzaldia eskainiko du gaur Saioa Gar­mendia astigartarrak, Kontxaenean, kultur etxe zaharrean. Arratsaldeko 18:00etan izan­go da, Harituz elkarteak antolatuta, Astigarragako Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako sailekin el­karlanean.

Aforoa mugatua de­la eta, bertaratzeko asmoa dutenei eskatu diete aurretik izena emateko: familiamadejas@gmail.com helbide elektronikora idatzita, edota 630 678 474 eta 655  701 203 telefonoetara deituta.

Urtetako esperientziatik ariko da Garmendia, gaurkoan. 20 urte baino gehiago daramazki zaintzaile bezala lanean: «18 urterekin hasi nintzen etxez etxe Astigarragan, Zestoan aritu nintzen gero, eta 17 urte daramazkit Azpeitiko zahar etxean». Harreran egiten du lan orain, lesio bat tarteko; eta horrek ahalbidetzen dio, adinekoekin harremanetan jarraitzeaz gainera, familiekin ere asko hitz egiteko: «senideek dagoeneko pasa dute lehenago, adinekoak etxean zaintzearena; eta askok, beste senideren bat ere badute zahar etxetik kanpo, zaintzen dutena. Beste perspektiba bat ematen dit, beraiekin hitz egiteak», azaldu du.

Baina harrerako harremane­tatik baino, gauetan 11 urtez lan egitetik abiatu zuen Garmendiak, zaintzaileak zaintzeari bu­ruzko lanketa: «garai hartan, heriotzari aurre egin beharra tokatu zitzaidan askotan. Eta horren ondorioz, formakuntza bat egin nuen Orion, Mandalara Kultur Elkartearekin, ikasteko nola kudeatu momentu horiek, ondo eramateko», dio Garmendiak.

20 urte pasatxo horiek baino lehenago hasi zen Garmendia, zaintza lanetan. «Alzheimerra zeukan amonak, eta amarekin batera zaintzen nuen, 9 urte nituenetik. Eskolatik atera eta bera zaintzera joaten nintzen. Ondoan hil zitzaidan, 12 urterekin», kontatu du. Heriotza hura eta gauetako txandetakoak bizi izanak eraman zuen, formakun­tzaren ondoren, tesina bat egitera: Necesidades del cuidador con el enfermo terminal en el hogar. «Tesina egitean, ikusi nuen zein egoeratan dauden etxeko zaintzaileak, eta konturatu nintzen sekulako lana egiten dutela, baina ixilean; eta behar dutela hori ikusaraztea. Babesa behar dute, norbait kezkatu dadila beraien osasunarekin. Izan ere, zu ez bazaude ondo, ezin duzu ondo zaindu beste pertsona bat», dio Garmendiak.

«Hain daude pendiente bestearen zaintzaz, ahaztu egiten direla bere burua zaintzeaz»

Hortik abiatuta jarri zuen martxan Zaintzaileak zainduz lana, gaurko hitzaldiaren oinarria. Eta horrekin batera, zaintzaileentzako laguntza tailerrak ere prestatu zituen Saioa Garmendiak. Tailer hori ere eskainiko du Astigarragan, Harituzen eskutik; eta saioen datak aurrerago zehaztuko dituzte, izena ematen duten zaintzaileen eta pandemiaren egoeraren arabera.

Hitzaldian zein tailerretan, helburua da «zaintzaileak elkartu, eta beraientzako denbora bat hartu dezatela. Izan ere, ezkutuko pazienteak dira beraiek. Hain daude pendiente bestearen zaintzaz, ahaztu egiten direla bere burua zaintzeaz. Alde batera uzten dute beraien bizitza soziala, lagun artean egotea, nola dauden beraiek...».

Gaurko saioan, bilatuko duena da «zaintzaileek ikustea ez daudela bakarrik. Ikusi behar dute, beraiek bezala jende asko dagoela. Oso garrantzitsua da, sentitzea ez daudela bakarrik, oso gogorra delako hori». Zaintzaileen egoera ere azaleratuko dute bertan, eta ondoren, landuko dute nola eman diezaioketen irtenbidea horri. «Tailerrak izan daitezke aukera bat horretarako. Izango dira laguntza tailerrak, baina baita arnasa hartzekoak ere. Balio behar dute, beraientzako momentu bat hartzeko, besteekin konpartitzeko, beraien burua zaintzeko eta zalantzak argitzeko», dio astigartarrak.

Lau oinarri izango baitituzte tailer horiek: «hasteko, zaintzaileak egongo dira beraien egoeran dauden beste pertsona batzuekin. Inportantea da edukitzea gune bat, non beraien egoeran dauden beste pertsona batzuekin egongo diren, kezkak eta esperientziak konpartitzeko. Bestetik, erakunde laguntzaileei buruzko informazioa emango diegu, eta aholkularitza eman diezaieketen erakundeei buruzko orientazioa eman. Hirugarrenik, landuko ditugu zaintzarako tresnak eta teknikak. Postura aldaketak nola egin, pertsona dependienteak nola zaindu... Eta azkenik, norberaren zaintzarako tresnak landuko ditugu, eta baita erlaxazio teknikak ere», aurreratu du Garmendiak.

«Inportantea da espazio bat izatea, zure sentimenduak konpartitzeko»

Saioa Garmendiak dio, gainera, zaintzaile gehienak ez direla sanitarioak, eta horrek ataka estuan jartzen ditu: «bat-batean, daude egoera batean, non jakin behar duten pertsona dependiente bat zaintzen, eta kudeatzen ez dakiten egoera batean. Ikusarazi egin behar dugu beraien lana, eta ondo egon daitezen lagundu, izugarri merezi dutelako». Menpeko pertsonarekin daukaten harremanak ere «asko» eragiten duela azaldu du Garmendiak: «pentsatu, adibidez, ama daukazula dependentzia egoeran, eta zaindu egin behar duzula, baina harreman txarra izan duzula berarekin. Inportantea da espazio bat izatea, zure egoera eta zure sentimenduak konpartitzeko, barruan daukazuna askatzeko. Zure egoera berean daudenek, ez dute zuri buruzko epairik egingo; gizarteak, ordea, bai. Agian ez daukazu inolako gogorik pertsona dependiente hori zaintzeko, baina esan ezazu hori gizartean... Eta espazio honek balio dezake horretarako. Konpartituta, sekulako pisua kentzen dute gainetik». Eta horixe da tailerren asmoa: «beraiek ondo sentitzea, eta daramakiten pisua arintzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!