Alokairu sozialeko zozketan parte hartzeko aukera, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 15a, 00:00

Zabalik da, alokairu sozialeko 11 etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen ematea. Eskaerak martxoaren 12ra arte aurkeztu daitezke. 

Astigarragako Udalak 11 etxebizitza alokairu sozialean 7 urterako emateko prozedura jarri du martxan. Hainbat baldintza ezarri zituen Udalak, baina dio, «boletinera bidali zenean hainbat akats zeudela», eta orain xehetasun guztiekin informazio egokia helarazi nahi izan die herritarrei. 
11 etxebizitza hauek, Kontxa Etxeberria kaleko 7, 8 eta 9 zenbakietako atarian eta Urumea Kaleko 6 eta 10 zenbakietako atarietan daude kokatuta. Etxebizitzek, honako ezaugarri hauek dituztela azpimarratu dute, «etxebizitza guztiek garajea eta trastelekua dituzte, eta 7 etxebizitza hiru logelakoak dira eta 4 etxebizitza bi logelakoak». 

Kupoak 
11 etxebizitza horiek lau multzotan edo kupotan banatu dira. Eskatzaile batek kupo bakarrean parte har dezake, hona hemen: lehenengo kupoa, «babes bereziko gizarte-egoeran dauden eskatzaileentzat. 3 etxebizitza, bi logelakoak. Multzo honetan sartzen dira eskatzaile mota hauek: 70 urtetik gorako pertsonak; Desgaitasun psikikoa duten pertsonak; Guraso bakarreko bizikidetza-unitateak (adingabe 1ekin); Genero-indarkeriaren biktimak; Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak, ezkongabeak eta alargunak». Bigarren kupoa, «familia ugariak. 3 etxebizitza, hiru logelakoak». Hirugarrena,  «gazteak (35 urte edo gutxiago). 2 etxebizitza, bat bi logelakoa eta bestea 3 logelakoa», eta laugarrena, «orokorra, 2 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateak. 3 etxebizitza, 3 logelakoak». 
Aipatu moduan, alokairu kontratuek, 7 urteko iraupena izango dute, «baina urtero berrikusiko dira hasierako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko» azaldu du Udalak. 

Parte hartzeko baldintzak
Onuradun izateko, beharrezkoa da Astigarragarekin lotura izatea, «erroldatzearen bidez edota Astigarragan lan egitearen bidez». Horrez gain, parte hartzeko ezin da etxebizitzarik jabetzan izan. Beste baldintza bat da, urtean gutxienez, 3.000 euroko eta gehienez 39.000 euroko diru sarrera haztatuak izatea. Bina hala ere, «lehentasuna 25.000 euro baino gutxiagoko diru sarrera haztatuak dituzten eskatzaileek izango dute». 

Eskabideak aurkezteko epea eta lekua 
Parte hartu ahal izateko, eskabide eta oinarrien 4.atalean zehaztutako dokumentuak aurkeztu behar dira. Eskabideak aurkezteko epea, martxoaren 12an amaituko da, «egun hori barne». 
Eskabideak aurkeztu behar dira Astigarragako udaletxeko Erregistroan, aurrez aurre, edota modu telematikoan. 

Oinarriak eta argibideak  herritarrentzat
Oinarriak jada argitaratuta daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta Astigarragako Udalaren webgunean. Halaber, eskabidea egiteko eredua ere eskura dago Astigarragako Udalaren webgunean. 
Argibideak jasotzeko, jarri harremanetan Astigarragako Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Etxebizitza sailarekin. Horretarako bi modu daude:  943 33 52 41 telefonora deitu daiteke, edo hirigintza@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!