Harituz Elkarteak, Astigarragako Udal Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako sailekin elkarlanean, Zaintzailea Zainduz hitzaldia antolatu du etzirako. Saioa Garmendiak eskainiko du, arratsaldeko 18:00etan hasita, Kontxaenean.
Garmendiak azalduko du zein zeregin «funtsezkoa den zaintzailearena, izan ere oso garrantzitsua da laguntza teknikoa, psikosoziala eta gizatiarra ematea, ahaztu gabe zaintza trebetasuna hobetuko duten tresnak ere ematea, mendekotasuna duen pertsonaren beharrak asetzeko eta aldi batean bere osasunari eusteko». Horrez gain dio, garrantzitsua dela babestua sentitzea, bakarrik ez daudela ikustea, «oso garrantzitsua da emakume horiek isilean eta beren etxeetan bakartuta egiten duten lana ikusaraztea, zaintzaileak etxean mendeko pertsonarekin dituen beharrak erakustea, are gehiago gaur egun Covid-19 pandemia egoerarekin».
Etzi eskainiko den hitzaldi honetan, «zaintzaileak zer egoera duten azaltzeaz gain, egoera horretan dauden zaintzaileei laguntza eskaini nahi da», Harituzen bidez eskaini diren tailerretan parte hartzeko aukera emanez.
Hori horrela eta bizi duten egoerari aurre egiteko, Harituz elkarteak, zaintzaileentzako laguntza eta laguntza-tailerrak prestatu ditu, horrez gain, atseden hartzeko gune bat eskainiko zaie, «entzute aktiboarekin eta erlaxazioarekin gainkarga prebenitzeko». Saioen kopurua, iraupena eta parte hartzaileen kopurua Covid-19aren ondorioz gaur egun bizi dugun osasun egoeraren arabera moldatu dira.
Helburu nagusiak
Harituzek hainbat helburu ditu, eta helburu nagusia zaintzailearen beharrak zein diren jakitea eta mendekotasuna duten pertsonarekin duen karga fisiko eta mentalaren maila ezagutzea da, bere burua ahalik eta ongien zaintzeko, eta horrela, «mendeko pertsona bat zaindu ahal izateko behar duen guztia eman eta lagundu ahal izateko».
Gainera, gaur egun Covid-19 pandemiarekin bizi duten isolamendua murriztea eta haientzako espazio esklusibo bat eskaini nahi da, «zaintzaileak zaindu eta babestu behar dira».