Udala

Hirigintzako Aholku batzordeak bilera, bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 14a, 00:00

Bihar, Hirigintza Aholku batzordea bilduko da, eta batzorde horren egitekoa da Udalak plan orokorraren inguruan hartzen dituen gaietan iritzia eta aholkuak ematea, besteak beste. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da batzordea, Herri Eskolako areto nagusian.

2021eko urtarrilaren 12an Astigarragako Udal Planteamenduari buruzko Aholku Batzordearen Araudia argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Batzorde honen eginbeharra, besteak beste, Udalak Plan Orokorraren inguruan hartzen dituen erabaki, ekimen, proposamen eta aukerak aztertzea da, «azken finean, hirigintza gaietan Udalaren jarduera gainbegiratzea eta aholkuak ematea» dio Astigarragako Udalak.

 

Parte hartzeko eskubidea duten hainbat eragile

Batzorde horretan parte hartzeko eskubidea dute ondoren zehaztuta dauden herriko pertsona eta eragileek. Udalak aipatu du «osaera anitza eta ugaria da», guztion ikuspegi, ekarpen eta iritziak jaso ahal izateko: Galtzaur Jubilatuen Etxea Elkarteko ordezkari bat, Goldea Elkarteko ordezkari bat, herriko kultur eragileen ordezkari moduan, Udaleko Kultur Batzordeak izendatutako ordezkari bat, mugimendu feminista ordeztuko duen udaleko Berdintasun Batzordeak izendatutako ordezkari bat, Astigarragako Gazte Asanbladako ordezkari bat, hurrengo Auzo Elkarteko ordezkari bana: Oialume, Ergobia, Santiagomendi eta Perurena, Astiko Merkatarien Elkarteko ordezkari bat. Mundarro Kirol Elkarteko ordezkari bat, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteko ordezkari bat, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko, Sagardo Mahaiko eta Sagardun Partzuergoko ordezkari bana eta poligonoetako jabe elkarteen ordezkari bana.

 

Aholku Batzordearen lehen saioa, bihar

Lehen saioa bihar izango da eta  arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera, Herri Eskolako areto nagusian. Saio honetan, Hirigintza Aholku Batzordearen inguruko informazio gehiago emango da, eta Udalak jakinarazi du «laster abiatuko den Plan Orokorraren berrikuspenaren inguruko informazioa ere emango dela».

Horretaz gain, Aholku Batzorde hau Plan Orokorraren berrikuspenaren prozesuan giltzarri izango da, eta herritar eta eragileen parte hartzea ezinbestekoa dela ere azaldu du Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!