Baloia jaurti gabe ez dago sare eta uztaiaren soinurik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Berriz baloiak saskian ikusteko irrikan daude denak

Gipuzkoa mailako saskibaloia geldirik dago eta horrek Mundarroko zortzi taldeei eta Hernaniko lau taldeei eragiten die. Txomin Elorza eta Urko Vitoria dira bi kluben arduradunetako bi eta «aurten zaila ikusten dute lehiaketak hastea».

Baloia uztaian sartu eta sarea ukitzen duen unean ateratzen duen soinurik ez da entzuten Hernaniko eta Astigarragako kiroldegian. Hernani K.E. eta Mundarro saskibaloi taldeak geldirik daude eta ez dute ez partidurik jokatzen ez eta entrenamendu saiorik egiten, azken asteetan. Gipuzkoan lurralde mailako lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira.

an behera geratu dira. Urko Vitoria eta Txomin Elorza dira bi taldeetako arduradun nagusiak eta jokalariak eta kluba gogoz baina tentuz daudela diote. «Denboraldi hau ez da jokatuko edo ez dut uste denboraldia hasiko denik» dio Mundarroko Elorzak.

Astigarragan zortzi talde daude eta Hernanin bost, baina ez dute apenas partidurik jokatu eta entrenamenduak ere urriak izan dira.

Hiru-lau ordu ditu Hernanik lau taldeekin entrenatzeko. «Zaila da egoera». Saskibaloilariak gogotsu daude jokatzeko. «Gure kadeteak Gabriel Celaya plazako saskietan ikusi ditut askotan entrenatzen. Seniorrek zailago dute ikasketen edo lanen ondorioz»

Talde guztiak daude egoera berdinean. Astigarragan eta Hernanin taldekideen eta gurasoen jarrera goraipatu nahi dute. «Oso jakitun dira zein den egoera eta ulertzen dute. Aurrera begira jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Eskertzekoa da benetan erakutsi duten aldez aurretiko jarrera».

Sortu daitekeen beste arazoa diruarena da. «Lizentziak aurretik ordaindu dira eta horrek aurrekontuaren ia gehiengoa suposatzen du eta ez da lehiaketarik egon. Ikusi egin behar da zer gertatuko den horrekin eta ea datorren urtean Federazioak laguntzen duen eta ordaindutzat uzten dituen».


Urko Vitoria, Hernaniko saskibaloiaren arduraduna da

«Aurten apustu indartsu bat egin nahi dugu mutil eta nesken infantil eta alebin taldeak osatzeko eta eskoletara joango gara»


Urko Vitoria da Hernaniko saskibaloiaren arduraduna eta aurtengo denboraldia zaila izan arren etorkizunari begira dago. «Zazpi talde izan ginen garai batean, orain lau gara eta gazteenek saskibaloia probatu eta ezagutzea nahi dugu».

 

Urko Vitoria da Hernaniko saskibaloiaren arduraduna. Hernani Kirol Elkartearen barruan dagoen sekzioa da eta egoera zail honetan ahalik eta hoberen ematea da helburua. «Zona gorrian egon gara orain arte, azken asteetan, eta entrenamenduak ere ezin izan ditugu egin», aipatzen du Vitoriak.

Hala ere, datorren astean berriz ere ekiteko esperantzarekin dago, jakinda denboraldiko partiduak hastea zaila edo ezinezkoa izango dela. «Talde federatuek 500eko intzidentzitik jaistean entrenatu dezakete. Lau talde gara aurten Hernanin eta denak gainera federatuak. Bosgarren bat ere bagenuen, baina COVID-19ak sortutako eragozpenen ondorioz lau taldetan geratu gara»

Bi talde senior daude, junior taldea, kadeteena eta azkenean osatu ezin izan den infantilena. «Guztira sei jokalari genituen maila horretan eta hamar gutxienez behar dira».

Nesken taldea izan zuen Hernanik orain lau urte. «Bi talde zeuden, aurretik lauzpabost urtez jarraian nesken taldea eduki genuen, baina azken urteetan ezin osatu geratu gara. Ez dugu lortzen nesken taldea ateratzea, baina orain zaila da baita mutilena ere osatzea».

COVID-19ak eragin zuzena izan du sekzioan. «Hernanin saskibaloiak gorabeherak izan ditu. Zazpi talde gehi eskolako talde bat edukitzera iritsi ginen. Nik uste hori izan dela sabaia. Belaunaldi indartsu bat baduzu atzetik gazteek jarraitzen dute, baina zoritxarrez taldeak nahiko justu osatzen ditugu jende aldetik eta pandemia honek ez du lagunduko jende gehiagok izenematea»

Ez dira besoak gurutzatuta geratuko Hernaniko arduradunak eta apustu indartsu bat egin nahi du klubak. «Datorren urtean infantil eta alebin nesken eta mutilen taldeak osatu nahi ditugu. Horretarako gure ideia da datorren astean bertan eskoletara hurbildu eta kirol eskolako arduradunekin bildu, igandero edo ahal denean saskibaloi ikastaroak antolatzeko».

Kontuan ere hartu behar omen da kiroldegiaren ordutegia. «Gazteenek saskibaloiarekin lehendabiziko kontaktua izatea nahi dugu, probatzea eta batez ere ezagutzea. Gustura baldin badaude saiatuko ginateke taldeak ateratzen infantil mailan gutxienez».

«Bi partidu bakarrik jokatu ditugu eta entrenamenduak ere eten genituen»
Pasa den urteko denboraldia ez zen amaitu eta aurten berriz hasi eta berehala eten zen. «Bi partidu bakarrik jokatu zituzten lehen seniorrak eta beste hiru taldeek; bigarren seniorrak, junior taldeak eta kadete taldeak denboraldia hasi ere ez zuten egin. Azaroan eta abenduan nahiz eta zona gorrian egon entrenatzeko aukera zegoen, baina gure erabakia izan zen entrenamenduak ere etetea. Azaroaz geroztik oso saio gutxi egin ditugu eta Whatsapp bitartez jokalariek galdetzen digute ea noiz hasiko garen entrenatzen. Irrikaz daude». Sortu den beste arazoa kiroldegiko ordutegiak dira. «Orain ordu gutxiago daude eta talde berdinak. Gure kluba 50 jokalarik osatzen dute eta bost entrenatzailek».

 


Txomin Elorza Mundarroko saskibaloiaren arduradunetako bat da.

«Egoera ez da atsegina eta gazteenek batez ere jokatu egin nahi dute, espero dugu jendeak ulertzea puntuala dela»


Mundarrok zortzi talde ditu guztira eta saski eskola ere bai. «Nesken lehenengo taldeak erabaki zuen partiduak atzeratzea bertan erizainak ere badirelako eta segurtasuna lehenetsi delako. Jokalarien eta ingurukoen jarrera oso ona izan da».

 

Asier Sanchez Santxo eta Txomin Elorza dira Mundarro Elkarteko saskibaloi sekzioko arduradunak. Txomin Elorzak darama batik bat kirol arloa eta Santxok gehiago bulegoetako kudeaketa, Elorzak berak dioen bezala. «Federazioarekin erlazio lanetan, ordutegik finkatzen... ibiltzen da eta niri kirol esparrua dagokit».

Pandemiak eskatuta egokitu egin behar izan da Mundarroko saskibaloia. «Aurten uste genuen denboraldia arraroa izango zela, baina ongi joan zitekeenaren horretan planteatu genuen. Zortzi gehi talde bat gaude: Lau talde senior (bi mutilenak eta bi neskenak), juniorra, kadetea eta infantiletan mutilen talde bat eta bestea neskena. Juniorretan eta kadeteetan ez dago nesken talderik. Gero ere saski eskola taldea dugu, baina ez dira lehiatzen», dio Elorzak.

Astigarraga bezalako herriarentzat zenbaki potoloak ditu saskibaloiak. «Guztira 90 jokalari ditugu. Talde batzuk larriago osatuak. Horrela hasi ginen eta denboraldian zehar aldaketa asko egon dira. Ez dira denak astigartarrak, inguruetako herrietakoak ere badaude. Infantil, kadete eta juniorretan ordea bai, gehiengoa bertakoa da. Seniorretan, kontua da, La Sallerekin zuela harremana eta denetarik dago. Bai bertakoak eta baita ingurukoak ere».

Alde horretatik pozik daude taldean, Txomin Elorzaren esanetan, baina etorkizunak ere kezkatzen du, «urtero atera izan ditugu talde berriak eta aurten gainera infantil nesken taldea ateratzeko aukera egon da. Ea zer egoeratan uzten gaituen pandemia honek».

«Urtero atera izan ditugu talde berriak eta aurten gainera nesken infantil mailako taldea ateratzeko aukera egon da. Ea zer egoeratan uzten gaituen pandemiak»

Hala ere baikorra da: «Espero dut jendeak ulertzea egoera puntuala dela. Gertatzen da ezinegona dagoela, gazteek jokatu nahi dute baina aukerarik ez dago. Hasieran jokatzekoak ginen, gero ez, federazioek martxan jarri nahi zuten, gero ikusi zen ezinezkoa zela. Azkenean ez dugu ikusiko partidurik eta egoera ez da atsegina».

Mundarrok hasieran ere jokatu zituen bi partidu. «Infantilak kirol eskola dira, hasieratik ezin zuten jokatu. Kadeteekin zer gertatuko zen ez zegoen argi eta juniorrekin batera ez dute partidurik jokatu. Seniorretan, lehen mailakoek egutegia aurretik zekiten eta Euskadiko federazioarekin badute lotura igoerak erabaki behar direlako. Bigarren edo hirugarren mailakoek berriz ez dute lotura hori eta askatasuna izan dezakete. Senior mutilak urrian hasi ziren eta partidu batzuk jokatu zituzten. Hirugarren mailakoek bakarra jokatu zuten, Arrasaten. Bigarren mailako neskek ere bakarra jokatu zuten Donostian eta emakumezkoen lehen mailakoentzako aukera desberdinak proposatu zituen federazioak. Ez zuten argi ikusten egoera, bertan erizainak ere badaudelako eta erabakia hartu zuten partiduak atzeratzekoa. Hori urrian. Baina egoera ez da hobetu, alderantziz, okertu egin dela esan liteke».

Mundarron garbi zuten lehentasuna segurtasuna zela, dio saskibaloiaren arduradunak. «Kluba osatzen dugunok gauzak garbi eduki behar genituen eta protokolo bat jarri zuen martxan klubak, Gipuzkoako Federazioarekin batera. Entrenamenduetan dena zaindu da, horrela hasi ginen, baina gero arauak gogortu egin dira. Orain gutxi arte talde txikitan banatuta eta musukoarekin egon gara entrenatzen. Dekretu desberdin asko egon dira eta horiek komunikatu behar izan dira jokalariei eta senitartekoei, asko adin txikikoak direlako».

«Nesken lehenengo taldeak ez zituen gauzak argi ikusten eta partiduak atzeratzea eskatu zuen, gero lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira eta ez dirudi martxan jarriko direnik»

«Zaila egiten zaigu ez jakitea zer etorriko den»
Taldeak entrenatzen aritu dira posible izan den arte dio Elorzak: «Kadete, junior eta senior mutilak entrenatzen aritu dira orain gutxi arte. Oso zorrotzak izan gara eta zorionez taldean bertan ez da kasu positiborik egon. Kanpotik egon dira positiboak gizartean egon diren bezala. Jendea jator portatu da, sen onarekin eta ez da ezer gertatu. Alde horretatik pozik gaude».

Mundarroko klubeko jokalari eta arduradunei batez ere zaila egiten zaie jakitea zer etorriko den hemendik aurrera. «Denbora asko daramagu egoera honetan eta hasieran inork gutxi pentsatzen zuen sasoi honetan horrela egongo ginenik. Aurreko urtean bertan behera geratu zen lehiaketa. Uste genuen hala moduz irailetik aurrera jokatzerik egongo zela edo zerbait egitea posible izango zela, baina gertatu da gertatu dena. Nork daki datorren urtean zer pasako den eta nola egongo garen. Gustatuko litzaiguke saskibaloiak Astigarragan jarraitzea eta klubeko partaideak mantentzea. Horrek bai, behar du lan haundia, baina kontua da ez dela erraza. Aukerarik ez dago eta ikusiko dugu zer gertatzen den».

«Klubak gastu minimo batzuk ditu eta nahiz eta ez jokatu konpromezuak bete behar dira. Mundarrok erraztasunak jarri ditu eta pentsatu nahi dut bermeak mantenduko dituela federazioak»

Txomin Elorzak azaltzen du jokalari denek lehiatzea dutela gustuko. «Entrenamenduetan gogoz eta giro onean aritu dira. Bestalde beti azken entrenamendua izan daitekeenaren sentsazioarekin aritu gara eta noski lehiaketa sumatzen dute faltan».

Ordutegi aldaketak ere eragina duela gogorazten du. «Etxeratze aginduak asko eragin die, batez ere, lana egiten duten jokalariei. 20:30etarako kiroldegiak ateak itxi behar ditu eta horrek ordutegia eta entrenatzeko aukera murriztu die talde eta jokalariei».

Arauen aldaketek ere eguneroko entrenamenduetan eragin zuzena izan dute eta pelotako entrenatzaileren bat saskibaloiko entrenatzaile bezala aritu da. «Azkenengo arauaren arabera kanpokoak ezin genuen etorri Astigarragara eta ezin ginen hurbildu entrenatzera. Bertako entrenatzaile bakarra zegoen eta beste denak donostiarrak gara eta kluba mugitu zen. Esku pelotako beste entrenatzaile batek mesedea egin digu, baina entrenamendu bakarra egitera iritsi dira. Hurrengo egunean zona gorrian sartu zen Astigarraga. Ahal genuen bezala ibili gara denak».

Elorzak ere azpimarratzen du jokalari eta familien jarrera, «benetan eskertzekoa izan da eta ulertzen dute. Klubak bere aldetik ere jarri ditu erraztasunak ordainketen kasuan. Nik behintzat uste dut bermeak mantenduko dituztela. Aldez aurretik daude ordainduak. Denboraldi osoko gastuak dira. Minimo batzuk kobratu behar izan dira bizirauteko».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!