Nazioarteko pelikula onenaren saria jasotzeko nominatua izan zen Jon Garaño astigartarrak, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako La trinchera infinita filma. Pasa den urteko azaroan Espainiako Zinema Akademiak aukeratu zuen estatuko ordezkari izateko, baina saria jasotzeko atean gelditu da.
Asteazken gauean eman zuen berria Hollywoodeko Akademiak: Garañoren zuzendaritzapeko filma ez zen aukeratua izan kategoria horretako lehenengo aukeraketako 15 filmen artean egoteko. Beraz, ez da hautagai izango Oscar sarietarako. Behin-betiko aukeraketa martxoaren 15ean egingo da, eta sariak apirilaren 25ean banatuko dituzte, Los Angeleseko Dobly Theatren.
Netflixen ikusgai, 'La trinchera infinita'
Arrakasta izan du La trinchera infinitak, eta Oscarra jasoko ez badu ere, 2019ko Zinemaldian jaso zuen zuzendari onenaren Zilarrezko maskorra, gidoi onenaren saria eta Euskal Zinemaren Irizar saria. Gainera, bi Goya sari ere jaso ditu: bata Belén Cuestarentzat, aktore onenaren saria; eta bestea, berriz, soinu onena izateagatik.
Egun, ikusgai dago hainbat plataformatan, Netflixen kasu. Pelikularen zuzendariek lan haundia egin dute azken urte honetan, ikus-entzunezkoa publizitatzeko. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren, Diputazioaren eta ICAAren (Instituto de la Cinematografía y de las Artes audiovisuales) finantzaketa jaso dute, beste batzuen artean. Plataformetan ikusgai jartzearen helburua zen filma ahalik eta gehien ikustea jendeak eta, batik bat, akademiako adituek. Dena den, kanpaina zabaltzea konplikatua izan da, COVID-19ak mugikortasun murrizketak ezarri dituelako eta, beraz, telematikoki egin dute lanaren defentsa.
Filma Antonio de La Torrek eta Belén Cuestak aktoreek aurkezten dute, eta De la Torre pertsonaiaren pasarteak ditu hizpide. Protagonista espioia edo satorra da eta filmak kontatzen du 1936an Estatu frankistak eman zuen kolpearen beldur, hiru hamarkada bere etxean ezkutatuta egon zen gizonaren istorioa.