Astigarraga Aldizkaria 1982ko uztailean kaleratu zen lehenbiziko aldiz, Astigar Elkartearen eskutik eta herritar eta partaide ezberdin ugarik ere parte hartuz.
Gaur egungo teknologia mundura egokitzeko asmotan, duela urte bete inguru sortu zuten Astigarragako Aldizkariko bloga, hala ere aurtengoan, paperezko aldizkariaz gain, blog honetan eduki gehiago argitaratu dituzte (astigar.eus/aldizkaria). Honakoa azaldu dute Aldizkari taldekoek, «aurten betetzen dugun 40garren urteurrenaren eta ekintzen berri ematen dugu, eta horrez gain, Santiago ermitari buruz txertatu berri dugu bisita didaktikoaren bideoa».
«40 urte, historia egiten»
Astigarraga aldizkariak berrogei urte bete ditu, «gure herriaren historia eta bizitza soziokulturala biltzen» azaldu dute Astigarragako Aldizkari taldeak. Hori dela eta, urtean zehar, aldizkariaren zenbaki berezi bat eta hainbat jarduera soziokultural egingo direla jakinarazi dute.
Edizio berezi honetan, besteak beste, 40 urteko ibilbidea aldizkariko laguntzaileen «lan altruista eta udalerriko elkarteek egiten duten jarduera komunitarioa» aipatu nahi dira.
Berrogei urte hauetako dibulgazio-jarduerak bi izango dira. Lehendabizikoa ekainean izango da, eta aldizkaria jendaurrean aurkeztuko da. Eta hortaz gain, haren historiari buruzko mahai inguru bat ere antolatuko dute. Bigarrena, irailaren erdialdean, argitaratutako aleen eta jatorrizko materialen erakusketa izango da, hala nola, maketak, argazkiak, dokumentuak, besteak beste.
Urteurren hau, «gure komunikazio proiektu komunitariorako pizgarria izatea nahi dugu». Beraz, herri ekimen honetan interesa dutenei dei egiten diete, «parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu».
«Aurten betetzen dugun 40garren urteurrenaren eta ekintzen berri ematen dugu Astigarragako Aldizkariaren blogean»
Bisita didaktikoa, Santiago ermitara
40garren urteurrenaz gain, astigartarrek hain preziatua duten Santiago ermitara bisita didaktikoa ere publikatu dute, Astigarragako aldizkariaren blogean. «Mendeetan zehar, erreferente historiko horrek hainbat aldaketa, gertaera, ospakizun eta festa izan ditu. Horregatik guztion ezagutzarako, ekarpen soziokultural eta historiko hau, bisita didaktiko gisa, landu dugu». Esteka honetan ikusgai bisita didaktikoa: https://labur.eus/GRR7k.