Bizikletak konpontzeko hiru totem jarri dituzte Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 00:00

Bizikletak konpontzeko totem bat, Urumea Berrin. Argazkia: Astigarragako Udala

Urumea Berrin, Martutenera doan bidegorrian eta Lizardi baserriaren ondoan daude hiru guneak. Bizikletak garbitzeko gunea ere jarriko dute martxan otsailean, Arrobitxulo inguruan.

Bizikletak konpontzeko hiru totem jarri dituzte Astigarragan: Urumea Berrin, Erribera kulturgunearen ondoan; Martutenera doan bidegorriaren ondoan; eta Zarkumendegira doan bidegorri­an, Lizardi baserriaren ondo­an.

Edonork erabili ditzake konponketa gune horiek, eta doakoa izango da. Bertan, herritarrek aurkituko dituzte beharrezko tresnak, bizikletaren konponketa txikiak eta mantentze lanak egin ahal izateko: bihurkina edo destornilladorea, torx giltza sorta, allen giltza sorta, giltza finkoa, giltza ingelesa, desmuntagarriak eta puzgailua.

 

Bizikletak garbitzeko gunea ere, laster prest

Hiru konponketa gune horiez gain, bizikletak garbitzeko gunea ere prest izango du Udalak, laster. Dagoeneko ari dira garbiketa gunea egiteko lanetan, eta pump track pista izango denaren ondoan jarriko dute; Arrobitxulo auzoaren inguruan, hain zuzen ere. Gune horrek iturri bat izango du, mangera batekin, eta bizikletak eusteko oinarriak ere egongo dira ondoan.

Udalak aditzera eman duenez, otsailean zehar bukatuko dituzte lanak, eta jarriko dute martxan, bizikletak garbitzeko gune hori ere.

«Horrelako elementuak jartzearen helburua da, txirrindularitzan dabiltzan herritarrei zerbitzu osagarri bat eskaintzea, eta bide batez, bizikletaren erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzea herrian», na­bar­mendu du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!