Eskaerak aurkezteko epea zabalik, alokairu sozialeko 11 etxebizitzaren zozketarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 00:00

Kontxa Etxeberria plazako 7, 8 eta 9 atarietakoak dira, etxebizitzetako bost.

Zozketatuko dituzte Kontxa Etxeberria plazako 7, 8 eta 9 atarietako eta Urumea kaleko 6 eta 10 atarietako etxeak. Ostiralean argitaratu zuen deialdia Astigarragako Udalak, eta hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, atzotik hasita.

Alokairu sozialeko 11 etxebizitza zozketatuko ditu Astigarragako Udalak: bost etxebizitza Kontxa Etxeberria pla­­­­­­zako 7, 8 eta 9 atarietan; eta beste sei etxebizitza Uru­­­mea kaleko 6 eta 10 atarietan. Eta horretarako, dagoeneko zabalik dago epea, eskaerak aur­­­­kez­teko: atzotik hasita, hi­la­be­te­­ko epea dago. 55 metro karratukoak dira etxebizitza txikienak, eta 82ko­ak haundienak.

Bi logelakoak dira lau etxebizitza, eta hiru logelakoak beste zazpi etxebizitza. Guztiek daukate garajea eta trastelekua, eta sukaldea ekipatuta: hozkailua, labadora, ontzi-garbigailua, bitrozeramika, ke-kanpaia, arraska eta enzimera.

Zozketan parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek. Hasteko, adin nagusikoak izan behar dute, eta Astigarragarekin loturaren bat eduki. Errolda bidezkoa izan daiteke lotura hori, batetik: duela bi urtetik herrian erroldatuta egon; edo orain erroldatuta ez egon arren, aurretik 10 urtez etenik gabe erroldatuta egon izana, edo 15 urtez txandaka. Eta bestetik, Astigarragan lan egitea izan daiteke lotura: azkeneko bost urteotan, gutxienez hiru ur­tez herrian lan egin izana. Baldintza ekonomikoei da­­gokienez, urteko errenta 3.000 eta 25.000 euro artekoa dutenek izango dute lehentasuna, baina 25.000 eurotik gorako errenta dutenen eskaerak ere onartuko dira, etxebizitzak adina eskatzaile ez badago. Gainera, eskaera aurkeztu dezakete gaur egun Astigarragan alokairu sozialeko kontratua dutenek ere, Aiotzategi 4koa tokatu zaienek izan ezik.

Zozketatuko diren 11 etxebizitzak, talde hauetan banatuko dira: bi logelako hiru etxebizitza, babes bereziko gizarte egoeran daudenentzat (70 urtetik go­rakoak, desgaitasun psikikoa dutenak, guraso bakarreko bi­zi­kidetza unitateak, genero in­darkeriaren biktimak, eta ba­­­nanduta daudenak, ezkonga­be­ak edota alargunak); hiru logelako hiru etxebizitza, familia ugarientzat; bi logelako eta hiru logelako etxebizitza bana, 35 ur­tetik beherakoentzat; eta oroko­rra, hi­ru logelako hiru etxebi­zitza, bi ki­de edo gehiagoko bi­zikidetza uni­tateentzat.

Hilero ordaindu beharreko errentari dagokionez, izango da kopuru finko bat, gehi eskatzailearen diru sarreren ehuneko bat: %13 eta %20 bitartekoa, urteko diru sarreren eta etxearen tamainaren arabera. Gutxienez, hilean 30 euro izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!