Mirene Mendiburu astigartarrak hainbat gai jorratuko dituen K. ERA proiektua sortu berri du. Instagram (k.era.official) sare soziala erabiliko du hainbat gairen erakusleiho izateko eta, besteak beste, moda, edertasuna, norberaren zaintza eta harreman osasuntsuak landuko ditu bertan. Kronikari azaldu dioenez, hasitako horrek non amaituko duen ez dakien arren, «ilusio eta gogo haundiarekin» ekin dio bideari. Mendiburuk Zuzenbidea eta Komunikazioa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta, egun, Abokatutza Masterra burutzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Egindako proiektuak ikasketekin lotura zuzena ez badu ere, amarengandik datorkio gai horiekiko pasioa, eta bere egunerokotasunean garrantzia haundia daukate K. ERA-n lantzen dituen edukiak.
Mendiburuk Gipuzkoan jarri du fokua, «baina ateak zabalik daude parte hartu nahi duen edonorentzat», esan du. Proiektuak landu dituen balioak dira berdintasuna, aniztasuna, tolerantzia, errespetua eta zaintza. Eta, bestalde, ahotsa eman nahi die gaur egungo gazteei. «Batez ere, hemengoei», esan du astigartarrak. «Ez dakit zein izango den jendearen erantzuna eta horrek beldurra ematen dit; baina, era berean, ilusioa ere sorrarazten dit. Sare sozialetan argitaratuko dudan edukia beti kontsumitu izan dut eta ez dakit zergatik ez zaidan ideia hau lehenago bururatu, baina uste dut hau dela momentua horrelako zerbait egiteko», onartu du.
Aniztasunari bidea ireki nahi izan dio horren guztiaren sortzaileak, «guztien artean ez dagoelako bizi-estilo perfektu bakarra edo norberak bere burua zaintzeko modu bakarra. Tamalez, gizarte patriarkalak aspaldi ezarri zituen arauak eta, ondorioz, publizitatean eta argitalpen askotan ikusten da emakume argala, ile luzearekin, ezpain lodiekin eta sudur finarekin», salatu du. Dena den, astiro bada ere, hori aldatzen ari delako gogoeta egin du. «Zentzu horretan bide luzea dago egiteko oraindik, baina aurrerapausoak ematen ari gara. Errua norbaiti edo zerbaiti botatzeak ez du balio, nire ustean: egin behar duguna da aurrera begiratu eta etorkizun hobea eraiki».
Aurrekoaren harira, azken urteotan nabarmendu den joera plazaratu du. «Sare sozialek indarra hartu dute azken hamarkadan eta, horrekin batera, Instagram bezalako erremintekin gero eta gehiago ikusten dira, esaterako, gizarteak ezarrita dituen arauak jarraitzen ez dituzten gorputzak. Jendea animatu egin da errealitatea erakustera eta erreibindikatzera, hain justu ere, aniztasuna dagoela zentzu guztietan eta, hortaz, ez dagoela gorputz eder bakarra, janzteko modu ideala edo bizitzeko modu perfektu bakarra», aipatu du.
Horixe da, hain justu ere, proiektuaren xedea. «Bizi-estilo ezberdinak dituen jendeari eman nahi diot ahotsa, zeren pentsatzen baitut horiek guztiak ondo daudela, norberak bere prozesu pertsonala duelako eta bidean ikasten ari direlako. Are gehiago, bata ez da bestea baino hobea», esan du. «Ohitura osasungarriak eta balio onak badituzte, eredugarriak izango dira. Eta hori da plataforman islatzea nahi dudan xedeetako bat», azpimarratu du.
Ildo beretik, tinko heldu dio mezuari: «emakume eta norbanako bakoitzak edertasuna bere moduan ulertu dezake eta horretarako aske da. Inor ez da nor bestearena epaitzeko». Ideia horretatik, Mendiburuk Instagram-eko kontuan igoko ditu argitalpenak, «ahal dela, egunero», eta hiru ataletan sailkatuko du edukia: apaindu, zaindu eta ezagutu. Bertan ikusgai egongo dira norberak bere egunerokotasunean aplikatu ditzakeen ideiak, aholkuak eta errutinak. Horrekin batera, argi utzi nahi izan du K. ERA ez dela soilik Mirene Mendibururena. «Helburua da plataforma hau izatea kanal bat, nahi duen horrek kontatzeko besteentzat onuragarria izan daitekeen eta interesa piztu dezakeen zerbait». Izan ere, dio, «guztiok dugu zerbait kontatzeko eta besteekin partekatzeko».
Halaber, Instagram izango da proiektua aurrera eramateko tresna nagusia. «Ikaslea naiz eta, beraz, ez dut baliabide ekonomiko haundirik ideia beste modu batera zabaltzeko. Sare sozial hau doakoa da eta eskatzen duen bakarra nire denbora eta lana da». Hala ere, etorkizunean blog bat sortzea ere ez du baztertzen Mendiburuk. «Aspaldi lantzen ari garen zerbait bada ere, duela gutxi jaio da K. ERA eta, hortaz, pixkanaka-pixkanaka ikusiko dut ea zein erantzun duen eta jendeari gustatzen zaion ala ez». Azken horrek, hain justu, «hobetzeko» pistak emango dizkiola zehaztu du.
Gainera, K. ERA-k kontsumo arduratsua bultzatuko du. «Garrantzitsua da zer kontsumitzen dugun jakitea eta norberaren zaintzarako erabiltzen dugun produktu bakoitza, arropa edo janaria bera, zerez egina edo osatua dagoen jakitea».
«Edonorentzat eskuragarri»
Proiektua egitea unibertsitatean zegoela bururatu zitzaion Mendibururi. «Eskolan nengoela Condé Nast-eko mezua heldu zitzaidan emailera. Vogue-ko editoriala da eta nik asko irakurtzen dut aldizkari hori, izan ere, oso ondo landutako edukia argitaratzen dute bertan eta estetikoki oso bisuala, garbia eta polita da».
Dena den, astigartarrak hainbat traba topatzen dizkio horrelako aldizkariei. «Beti pentsatu izan dut Vogue bezalako aldizkarien edukian islatzen diren arropak, produktuak, materiala edo esperientziak ez daudela eskuragarri herritar guztientzat. Adibidez, Vogue-ko modeloen arropak asko gustatzen zaizkit eta asko apreziatzen dut goi-mailako jantzigintza. Baina errealitatera etorrita, niretzat behintzat, ezinezkoa da horiek erostea. Hain justu, Vogue zuzenduta dago erosteko ahalmen haundia duen jendearentzat eta, egia esan, inspirazio iturri gisa oso baliagarria zait eta alde on asko ditu, baina, aipatu moduan, gabeziak ere baditu, nire ustean. Vogue-k ez ezik, horrelako aldizkari batzuek kontsumismora bultzatzen dute askotan eta ni ez nator horrekin bat».
Beraz, burua martxan jarri eta gabezia horiei erantzuna emango dien plataforma sortzea erabaki zuen. «Pentsatu nuen ideia ona izango litzatekeela proiektu bat sortzea gaur egungo gazteentzat. Alegia, guk ditugun baliabideekin, diruarekin, interesekin eta giza balioekin kontsumitu daitekeen zerbait sortzea. Gainera, nire ustean, egun sustatzen ari dira balio batzuk, pasa den belaunaldietan horrenbeste landu ez direnak, eta horiek guztiak islatu nahi ditut K. ERA-n».
Behin ideia bururatuta, bi lagunekin harremanetan jartzeko pausoa eman zuen Mendiburuk. «Leirerekin eta Elenerekin hitz egin nuen, haiek lagunduko zidatela banekien eta. Batak diseinu grafikoa ikasi du eta besteak, berriz, enpresa-sorkuntza edo ekintzailetza», zehaztu du. Hori horrela, hainbat hilabetetan ideiak biltzen eta informazioa jasotzen aritu ziren hirurak eta, prozesu horren ostean, K. ERA sortu zen. Izenak esanahi berezia du, hainbat ideia bildu nahi izan dituztelako. «Alde batetik, K. Lagun minak gara eta elkarri K deitzen diogu, goxotasunez edo, eta izenean hori egotea nahi genuen. Modu berean, K, euskeraz, plurala da. Horrekin, bildu nahi ditugu talde, norbanako eta kolektibo guztiak. Eta, azkenik, era ingelesez eta gaztelaniaz denbora edo aroa da, eta euskeraz, aldiz, modua esan nahi du. Beraz, horixe da eslogana: A new era, Gure erara».
Hori horrela, oraintxe soilik Mendiburu dago horren guztiaren atzean. Hala ere, zehaztu du, «jende askok laguntzen dit beraien ideiekin eta proposamenekin». Unibertsitatean dagoenean izan ezik, denbora librean horretan dihardu. «Goizetan eta gauetan, klasetik bueltan, informazioa bilatzen eta eduki berriak ikertzen ematen dut nire denbora. Oso pozik eta motibatuta nago».
Apaindu, zaindu, ezagutu
K. ERA-k hiru oinarri nagusi ditu eta horien bueltan sortuko ditu edukiak Mendiburuk: Ezagutu, zaindu, apaindu. «Ezagutu atalean ikusgai egongo dira proiektuak, pertsonak eta esperientziak. Atal horretan egongo da aukera ahotsa emateko bertako jendeari. Nahi dutenek kontatu ahal izango dute herritarrengan interesa piztu dezakeen zerbait: positiboa eta gehitzeko, ahazteko, balio izan dezakeena. Bestalde, zaindu atalak bilduko ditu norberaren burua, pentsamendua, osasuna, harremanak eta ingurumena zaintzeko aholkuak. Eta, azkenik, apaindu sekzioan egongo dira gai hauexek biltzen dituzten ideiak: makillajea, arropa, ilea, eta abar».
Aurrekoarekin batera, Astigarragakoak argi utzi nahi izan du sare sozialetan argitaratuko duen informazio guztia aurrez kontrastatutakoa dela. «Komunikazioa ikasi dut eta jakin badakit garrantzia haundia duela eta ezinbestekoa dela iturriek fidagarritasuna izatea», azaldu du. «Gainera, aipatu dudan moduan, ahotsa eman nahi diet herritarrei eta, batik bat, gazteei; alegia, zerbait esateko duten gazteei». Adibide moduan jarri du Nazioarteko lankidetzako eta garapeneko masterra ikasten duen bere lagun baten kasua. Harekin elkarrizketak izateak inspiratu egiten du astigartarra, plastikoaren neurriz gaineko kontsumoaren gainean hitz egiten baitio hark, eta bestelako gaiak mahaigaineratzen ditu Mendibururekin mintzo denean. «Berarekin hitz egiteak ideiak ematen dizkit eta hori da, esaterako, K. ERA-n argitaratu daitekeen eduki mota bat».
«Nire ustean proiektu hau oso periodistikoa da; hau da, argitaratzen dudan informazioa aldez aurretik kontrastatutakoa da. Alegia, gaian aditua den norbaitek emandako gomendioak edo egindako proiektuen berri emango dut»
Horrekin batera, zehaztu du aipatutako hiru oinarri horietan garrantzia dutela xehetasunek. «Modan, esaterako, ez dira edonolako edukiak landuko. Alegia, jasangarria dena soilik ezagutaraziko da». Horrez gain, edertasunaz aritu denean, hauxe argitu du: «ez dago edertasunaren definizio bakarra eta, beraz, proiektuak ez du horrelako ezer islatuko. Hau da, argitalpenetan ez dugu jarriko zer egin behar den eder egoteko; alderantziz, edertasunari erreferentzia egingo diogunean norberaren zaintzari egingo diogu keinua, hau da, ondo sentitzeko egin daitekeenari». Hori argitzeko asmotan, hauxe gehitu du: «beste ekintzen artean, sortutako plataforman aholkuak emango dira norbera hobeto sentitzeko, baina nik ez dut lotuko, adibidez, makillatuta egotea, osasuntsu edo eder egotearekin». Hitz gutxitan, K.ERA bisitatzen dutenek aurkituko dituzte ohitura osasungarriak eta proiektu eta ideia interesgarriak, «pertsona moduan ahazteko eta, halaber, gusturago sentitzeko balio izan dezaketenak».
Bere esperientziatik hasita emango dio argia proiektuari
Gaur egun burutzen ari den ikasketekin zerikusia ez duten arren, bere pasioa dira moda, zaintza, ingurumena eta solidaritatea. Azken horrek biltzen du, hain justu ere, K. ERA-ren misioa. Astigartarrak eskarmentu haundia du alor horretan, hainbat boluntariotza egin baititu mundu osoan, gehien behar duten horiei laguntza emateko asmotan. Sortzailea bezalakoxea da, beraz, proiektua bere ere: eskuzabala. «Nahi dudana soilik da kanala izan, jendeari ahotsa emateko». Mendiburuk bere hondar alea jarri nahi izan du, «ustez, aurretik egin ez den horrelako proiektu bat kaleratuta».
Hori horrela izanik, Mendiburuk ere bere esperientziak kontatuko ditu. «Argitalpenetan eta kontuan ez da nire izena ageriko, izan ere, esan dudanez, proiektua guztiona da. Dena den, nire buruari erreparatuta nik hartu ditudan erabakiak islatuko ditut; alegia, niretzat baliagarriak izan direnak». Aknearekin azalean izan zuen arazoa mahaigaineratu du, aurrekoa zehazteko. «Nik uste nuen azala ondo zaintzen nuela eta ohitura osasuntsuak nituela, beti kentzen nuelako makillajea eta egunero garbitzen nuelako aurpegia xaboiarekin. Hala ere, granoak ez ziren desagertzen. Banekien nire gorputzari zerbait gertatzen ari zitzaiola eta konponbidea eman nahi nion. Beraz, azkenean, dermatologoarengana joatea erabaki nuen». Horrela, bada, azaldu duenez, «egoera berean dagoen edonori baliagarria izango zaiolakoan, horrelako kasuetan zer egin daitekeen gomendatuko dut, betiere nire esperientziatik abiatuta».
Sare sozialek eta, batez ere, Instagram-ak mota horretako arazoei laguntzeko balio duela aipatu du Mendiburuk. «Ezinbestekoa da aditu batengana jotzea eta, aurrez azaldutako kasu horretan, dermatologoarengana jotzea. Dena den, esan beharra dut Instagram-eko kontu askotan gomendioak ematen dituztela eta informazio ugari topatu daitekeela bertan».
Astigartarrak horrelaxe betetzen du ideien koadernoa: «nire kabuz ikasi dut azala zaintzen eta errutina onak jarraitzen; izan ere, dermatologoak hainbat aholku eman zizkidan eta tratamenduak egin nituen, baina, azkenean, garrantzitsuena norbera kontzientziatzea eta aldaketa hori egin nahi izatea da». Edonola ere, kontatu du «normala» dela norberak bere buruan ezohikoa den zerbait ikusi arte arazo edo aldaketa horretaz ez jabetzea eta esku ez hartzea. «Esan dudanez, granotxoak atera zitzaizkidan arte, uste nuen azala ondo zaintzen nuela».
«Ahotsa eman nahi diet gaur egungo gazteei eta gizartean dagoen aniztasunari. Guztiok dugu zerbait kontatzeko eta nire asmoa da K. ERA horretarako kanala izatea»
Bestalde, aurrez aipatu legez, sortu berri duenaren antzeko plataformarik ez du ezagutzen. «Balio horiek guztiak biltzen dituen eta estetika zehatz hori jasotzen duen horrelako proiekturik ez dut ezagutzen, nik behintzat». Izan ere, Instagram-eko kontuan asko zaintzen ditu xehetasunak eta azpimarra egiten du astigartarrak, kontuaren itxura zaintzean. «Egia da alde horretatik behintzat, erreferentzia asko ditudala». Aintzat hartzen ditu kolorea, argazki mota eta bestelakoak, eguneroko argitalpenak egiteko. «Alde estetikoa lantzeko beste hainbat kontutan oinarritzen naiz eta, gero, ahalegintzen naiz nirea propioa sortzen, K. ERA-k berezko esentzia izateko». Dena den, edukiari dagokionean, Mendibururena berezia dela esan daiteke. «Uste dut ez dudala ezagutzen Instagram-eko konturik, horrelako itxura edo estiloa izanik, mota horretako edukia argitaratzen duenik».
«Parte hartu nahi duen oro beso zabalik hartuko dut»
Astigartarrak Gipuzkoako gazteei ahotsa emateko sortu du proiektua, baina, oro har, adierazi du «gizartearentzat onuragarria izan daitekeen zerbait esan nahi duen oro» dela ongi etorria. Alegia, Mendibururena erakusleihoa izango da herritarrentzat eta, ondorioz, berarenean parte hartu nahi dutenek ateak zabalik izango dituzte. «Gomendio bat eman nahi dutenek, proiektu baten berri eman nahi dutenek edo esperientziaren bat kontatu nahi dutenek egin behar duten bakarra da Instagram-eko kontura mezu bat bidali eta listo. Ondoren, hitz egingo dugu!».
Etorkizunari irribartsu begiratzen dio astigartarrak. Ortzemuga non dagoen eta geroa zer nolakoa izango den ez badaki ere, «gogotsu eta ilusio haundiz» hartuko du datorrena. «Instagramean norberak erakusten duena, perfil pertsonaletan, soilik argazki bat da. Hau, berriz, aukera bat da zerbait esateko, argazkiaz haratago. Errebindikatzeko garaia da, esperientziak kontatzekoa eta nahi dugun hori lau haizetara oihukatzekoa». Hortaz, herritarrak horretara animatu ditu astigartarrak. «Parte hartu nahi duen oro beso zabalik hartuko dut», amaitu du elkarrizketa.