Azken asteotan gora egin dute COVID-19 kasuek Urumea bailaran. Zehazki, gaur bi aste beteko dira Hernani eremu gorrian sartu zenetik eta, bere aldetik, Astigarragak herenegun gainditu zuen 100.000 biztanleko 500etik gorako intzidentzia tasa metatua, azkeneko 14 egunetan.
Horrez gain, Osakidetzako atzoko txostenaren arabera, herenegun 5 positibo gehiago egon ziren herrian eta, atzo, berriz, 13 izan ziren. Hori horrela, egun, tasa 749,18koa da. Gainera, azkeneko 5 egunetan denera 33 positibo gehitu dituzte, eta herriko biztanle-kopurua aintzat hartuta, zona gorrirako topea horixe da: 33. Horrek esan nahi du, gutxienez 10 egunetan, astigartarrek ziurtatuta izango dutela eremu gorrian egotea. Horregatik guztiagatik, gaurtik hasita eremu gorritik atera arte, ostalaritzak itxita egon beharko du.
Hernani ere egoera antzekoan dago. Ostalaritzak bi aste daramatza itxita eta, zona gorritik atera arte, Jaurlaritzaren neurri hori betetzen jarraitu beharko dute. Gainera, datuei erreparatuz gero, asteazkenean 9 kasu positibo detektatu ziren udalerrian eta atzo, aldiz, 12 izan ziren. Halaber, atzoko txostenaren emaitzek ondorioztatu zuten 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 670,84 dela herrian. Ondorioz, 500eko langa jaitsi arte Jaurlaritzak ezarritako neurriak bete beharko dira.
Bestalde, Urumea bailaran ere, azken 14 egunetan Goizuetan positibo berri bat atzeman da eta, azken horrekin, denera 6 herritarrek eman dute positibo, orain arte. Aranon, aldiz, ez da positiborik egon azken bi astetan eta, hortaz, pandemia hasi zenetik, guztira 5 kasu detektatu dituzte herrian.