Urtarrilaren 22an sartu zen Hernani eremu gorrian, eta atzo, Astigarragak (524,42) gainditu zuen 500 kasu positiboen langa, 100.000 biztanleko. Izan ere, beste zazpi astigartarrek eman zuten positibo. Hori horrela, gaur eta bihar emango dituzten emaitzen zain, litekeena da ostiraletik aurrera itxita egotea ostalaritza, Astigarragan ere. Ostegunean eguneratuko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eremu gorrian dauden herrien zerrenda. Bertan egonez gero, ostiralean bertan aplikatuko dira neurri zorrotzagoak Astigarragan: itxi egingo dira ostalaritza establezimenduak eta jokoarekin zein apustuekin lotutakoak; eta ezingo da kirola taldean egin herrigunean.