“Laztanen” trukea

Kronika - Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 23a

Laztanen atea

Sare afektiboko kideak errekonozitzeko, haiekin emozionalki konektatzeko edota beraiek gure bizitzetan duten garrantzia balioan jartzeko unitatea, “laztana” da (Berne, 1971) eta honek forma ugari har ditzake. Positiboak direnean, laudorioak, mezuak, irribarreak, adar jotzeak, oparitxoak, besarkadak, begiz kiñu egiteak, kontutan hartzea bestearen gustuak, ukalondoekin topa egitea... izaten dira.

Gure lurraldean nahiko xurrak izan gaitezke laztanak eskaintzean eta esker txarrekoak jasotzean. Are eta garrantzitsuagoa da honetaz ohartzea, afektuen krisi honen erdian bizi ditugun baldintzak kontutan hartuz.

Tradizionalki, uste zurrun batzuk baldintzatzen dute ematen eta jasotzen ditugun “laztan” hauen trukea. Ematen ditugunean, zaurkor senti gaitezke, besteak ondoren gutaz gehiegi itxarongo duenaren beldur izan, berataz zerbait espero dugula pentsatuko ote duen kezka izan, “ñoñoak” garela sentitu, harremana erotizatzen ari ote garen pentsatuko ote duen beldur izan...

Jasotzerako orduan ere ez gara oso iaioak izaten, apaltasunez erantzun behar dela irakatsi digute, ez onartzeko erreakzio azkar eta baztertzaileak automatizatu ditugu sarri. Bestetan, ez ditugula merezi uste dugulako deskartatzen ditugu edo dependiente bihurtuko gaituenaren beldur izan gaitezkeelako.

Gainera, arreta keinu horiek behar ditugunean, ez eskatzeko agindua geureganatua izan dugu. Pentsa genezake espontaneoa denean soilik duela balioa, eskaera gure kontra erabili dezaketela edo indartsuak izan behar garela beti eta guztiekin.

Logika bera jarraituz, norberak bere buruari eskainitako hitz goxo, laztan fsiko edo auto-balorazioak ez dira modu onez ikusten ere.

Azkenik, eta ideia hau bihurrituz, hitz negatiboak, mespretxuak eta egoera desatseginak jasatera gonbidatzen gaituzte sarri, horiek egiaren eta erresistentziaren ideiari lotuz.

Maite ditugunak zaintzeko, matematika hauek oso eskasak dira, eta ideia hauetako bakoitzari buelta eman eta kontrakoa egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Izan gaitezen eskuzabalak besteei laztanak eskaintzen baita geure buruei ere. Ez ditzagun fltratu tratu onetatik iristen diren mezu, arreta edo kontaktuak. Izan gaitezen ausartak, zintzoak eta esker onekoak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!