Errepideko txirrindularitza denboraldia hasi berri da eta aurten Xabier Mikel Azparren astigartarrak debuta egingo du mailarik altuenean Euskaltel-Euskadi taldearekin. Alacanten Euskalteleko txirrindulariak kontzentraturik egon dira, Altea herrian, egun batzuetan eta bertan egon da Azparren.
Hasiera batean, bertan entrenatzen egon eta gero Valentziako Itzulian, Murtziako Itzulian edo Andaluziako Ruta del Solen debutatzea zen asmoa, baina COVID-19aren eraginez bertan behera edo atzeratu egin dira lasterketa hauek. Hala ere, Almeriako Klasikoa hilaren 14an korrituko da. Azparren ilusio haundiarekin dago eta entrenamenduak ongi joan zaizkio. Bere adierazpenetan azpimarratu du Euskaltel-Euskadirekin profesionaletan aritzea «amets bat betetzea» dela.