Makina bat ikuskizun, emanaldi eta solasaldi, urteko hilabete laburrenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Akelarre pelikula ikusteko aukera izango dute astigartarrek, otsailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Erribera Kulturgunean.

Atzo eman zitzaion hasiera Astigarragako Kultur agendari, Saharako erakusketarekin. Etzi berriz ipuin ordua izango dute txikiek, liburutegian.

Urteko bigarren hilabetea behar den moduan hasteko, jadanik astigartarrek esku-artean dute Astigarragako Kultur agenda. Otsaila, urteko hilabete motzena izan arren, hamaika emanaldi, ikuskizun eta estreinaldi antolatu dira. Gainera, urtarrileko agendari jarraipena emateko asmotan, Sahara, 40 urte exilioa  erakusketa jarri zuten atzo, eta otsailaren 12ra arte egongo da ikusgai, Erribera kulturgunean. Bi txanda daude, goizean bertaratu daiteke 09:00etatik 13:00ak arte, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00ak arte.

Etzi, txikien ordua izango da, izan ere, Gianni Rodariren Zer behar da? liburuari buruzko ipuin kontaketa antolatu da. Bi ordutegi jarri dituzte, lehena arratsaldeko 17:00etan eta bigarrena 17:45etan. Lur Korta astigartarra izango da ipuin kontalaria. Hamabosna haurrentzako bi saio izango dira etzikoak, biak 4 urtetik aurrerako haurrentzat, eta horrez gain, haurrek musukoa jarrita eduki behar dutela adierazi dute antolatzaileek, gaineratuz «gurasorik gabe egon behar dutela». Ipuin orduko gonbidapenak liburutegian eskuratu daitezke.

Etxeko txikientzat bi kultur emanaldi gehiago antolatu dira otsailerako. Larunbat honetan,  Ipuin-herriko berriak ikusteko aukera izango dute hain justu, Erribera kulturgunean, arratsaldeko 17:00etan hasita, eta sarrerak 2 euro balio du. Eta otsaila  amaitzeko, 28an, 20 mila legua itsaspeko bidaian antzerkiaz gozatzeko aukera ere eskainiko zaie. Arratsaldeko 17:00etan izango da Erriberan, sarrerak 3 euro balio du txikientzat, eta 6 euro helduentzat.

 

Helduentzat ere, makina bat emanaldi

Astigartar helduek ere, kulturaz bustitzeko  aukera paregabea izango dute otsailean, hainbat hitzaldi, antzerki eta estreinaldi egingo baitira.

Otsailaren 9rako, irakurketa kluba antolatu da, eta hilabete honetan, Alaa al Aswani idazlearen Jakobian eraikina eleberriari buruzkoa izango da. Saioa Joannes Jauregik gidatuko du, eta arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera, Erribera kulturgunean. Parte hartzea doakoa eta irekia dela azaldu dute antolatzaileek.

Otsaileko bigarren asteari jarraipena emateko, Astigarragako emakumeen historia gorputz-praktiken bidez, ikerketari hasiera emateko aurkezpena antolatu da. Bertan, Amets Castrejana Fernández ikerlariak Astigarragako emakumezkoen testigantzetan oinarrituko du bere lana, eta «herriko emakumeei parte hartzera gonbidatu nahi zaie». Arratsaldeko 18:00etan hasiko da aurkezpena, Erriberan.

Datorren astebururako, Hackerrak antzerkiaren estreinaldia eskainiko da, Erriberan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Patxi Perez, Belen Cruz eta Olatz Beobidek antzeztutako lan honek, robotika aztertzeko adimen emozionaleko proba batzuetan parte hartzen duten hiru protagonisten istorioa kontatzen da. Proba egin ahala ordea, «hacker komando bat sortzeko beharraz arituko dira, edota  oso lodia den interneteko kablea mozteaz». Adin txiki zein helduentzat zuzendutako antzerkia da, eta sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro berriz, txikientzat.

Otsailaren 16an, Harituzek antolatutako Zaintzaileari begirada bat. Zaintzailea zainduz hitzaldia eskainiko du Saioa Garmendiak, elebitan. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera hitzaldiari, Kontxaenean.

Tailer eta hitzaldiez gain, zinea ere eskainiko da otsailaren 20an. Akelarre filma ikusteko aukera izango dute astigartarrek, arratsaldeko 19:00etan Erriberan. Sarrera bakoitzak 4 euro balio du.

 

Covid-19aren aurkako neurriak, Erriberako ikuskizunetan

Bizi dugun egoera medio, hainbat neurri ezarri dira, Erriberan egingo diren kultur emanaldietarako: «aforoa mugatua, sartzean eskuak garbitu, musukoa ez kendu, sarrera-irteeretan gezien norabidea jarraitu, segurtasun tartea gorde, txartelean adierazitako eserlekuan eseri eta saiatu ez altxatzen». 

 

Otsaileko agenda

1-12 Erakusketa. Sahara, 40 urteko exilioa, 09:00-13:00/16:00-20:00, Erribera kulturgunean

4 Ipuin ordua. Zer behar da?, 17:00/17:45, Liburutegian.

6 Zinema. Ipuin-herriko berriak, 17:00, Erribera kulturgunean. Sarrera: 2 euro.

9 Irakurketa kluba. Jakobian eraikina, 19:30 Erribera kulturgunea

11 Aurkezpena. Astigarragako emakumeen historia gorputz-praktiken bidez, 18:00. Emakumeon plazan.

13 Antzerkia. Hackerrak, 19:00. Erribera kulturgunean. Sarrera: 8 euro helduek eta  4 euro adin txikikoek

16 Hitzaldia. Zaintzaileari begirada bat. Zaintzailea zainduz, 18:00. Kontxaenean.

18 Tailerra. Zizka-Mizka eta pintxo hotzak, 09:30. Kontxaenean.

20 Zinea. Akelarre, 19:00. Erribera kulturgunean. Sarrera: 4 euro

22 Literatur solasaldia. Ultimas tardes con Teresa de Jesús, 19:30. Liburutegian.

28 Antzerkia. 20.000 Legua itsaspeko bidaian, 17:00. Erribera kulturgunean. Sarrerak: 6 euro helduek, eta 3 euro adin txikikoek.

 

Emanaldietarako sarrerak

Sarrerak erosteko hainbat bide eta toki daude:

Astigarragako Udalaren webgunean erosteko aukera dago: astigarraga.eus

Erribera kulturgunera bertaratuz ere erosi daitezke, «arratsaldez bakarrik».

Aukera hauez gain, leihatilan emanaldiaren egunean ere erosi daitezke, beti ordubete lehenago bertaratuz.

Horrez gain, Astigarragako Udalak jakinarazi du, kultur hobariak eskainiko dituela, kulturguneko emanaldietarako sarrerak erosteko diru sarrera txikia duten herritarrentzat. Eta honi buruzko informazioa, otsailaren 15etik aurrera emango da, Erribera kulturgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!