Dagoeneko osatu dituzte Urumea-Berriko etxebizitzen promozioan eraikitzen ari diren 33 etxebizitza publikoen zozketarako behin-behineko zerrendak. Etxebizitzak bi taldetan daude sailkatuta: batetik, babes ofizialeko 15 etxebizitza; eta, bestetik, prezio tasatuko 18. Zozketarako onartuen eta baztertuen zerrenda Astigarragako Udalaren webgunean dago ikusgai: https://www.astigarraga.eus/eu/.
Halaber, Udalak jakitera eman du zerrendak ikusi ondoren erreklamazioak jarri nahi dituztenek, otsailaren 8a dutela horretarako azken eguna. Horrekin batera, zalantzak argitu nahi dituztenek aukera dute 615 935 915 telefono zenbakira deitzeko.
Etxebizitzen zozketarako lehentasuna izan dute astigartarek. Gainera, parte hartzeko baldintza orokorren artean zeuden aurreko bi urteetan etxebizitzarik ez izatea. Eta, horrez gain, Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, beharrezkoa zen eskatzaileen diru sarrera haztatuak 12.000 euro eta 39.000 euro bitartekoak izatea; eta tasatutakoen kasuan, berriz, 25.000 euro eta 50.700 euro bitartekoak.