Eragiyok abesbatzak 2021. urteko agendari hasiera emango dio, gaur arratsaldeko zazpietatik aurrera, Erribera kulturgunean. Irailak 12an herriko beste talde batzuekin batera inauguratu zuten auditorio berria, oraingoan lehen aldiz bakarka arituko dira.
Ohi bezala, Eneko Amundarainek zuzenduko du abesbatza eta pianoan, Ignacio Arakistain izango da. Sarrerak astean zehar egon dira salgai, hala ere, kulturguneko txarteldegian salgai izango dira, saioa hasi baino ordu bat lehenagotik.
Kontzertua, bi zatitan banatuko da
Ahots grabeen abesbatzak, bi zatitan banatuko du emanaldia. Lehen zatian, euskal folkloreko piezak entzun ahal izango dira: Pablo Sorozabal, Guridi edota Salaberria moduko musikalgile ezagunenak.
Aldiz, bigarren zatian Jose Maria Iparragirreri, musikari eta kantari urretxuarraren jaiotzaren 200.urteurrenaren harira, bere bizitza eta kantuak gogora ekarriko dituzte.