Haurreskola berrirako obren proiektua, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 00:00

Obrak egiteko lehiaketa martxan jartzea ere adostu zuen Plenoak; eta espero da maiatzean hastea obrak, zortzi hilabeteko iraupenarekin.

Gai gutxi izan zituen lantzeko asteartean, ohiko deialdian, Astigarragako Udaleko Plenoak; baina horietako batzuk, garrantzia haundikoak izan ziren. Horietako bi, Haurreskola berriari buruzkoak. Plenoak aho batez onartu zituen bi puntuak: Haurreskola berria egokitzeko obrak gauzatzeko proiektua; eta obra horiek egiteko lehiaketaren baldintzak. Hori horrela, martxan jarriko da lehiaketa.


Torre Elorduy SLP enpresak idatzi du proiektua, eta Udaleko hainbat sailek eta Haurreskolako hezitzaileek ere hartu dute parte lanketan. Zortzi gela aurreikusi dira bertan: 0-1 urtekoentzako lau gela, eta 1-2 urtekoentzako beste lau. Hezitzaileentzako gela, bulegoa, komunika, edota erabilera anitzeko gela haundi bat ere aurreikusi ditu proiektuak. Guztira, ia 800 metro karratu dira.


Orain, obrak egiteko lehiaketan, 1.396.815,25 eurokoa izango da aurrekontua, gehienez ere; eta zortzi hilabetekoa izango da obrak egiteko epea. Lehiaketa eginda, obrak maiatzean hastea espero du Udalak.


Udal eraikinen garbiketari dagokionez, berriz, kontratua es­leitzea erabaki zuen Plenoak, hori ere aho batez. Bi lote dauzka kontratu horrek: eraikinen garbiketa arrunta esleitu zaio Gizatzen SA eta OHL Servicios Ingesan SA enpresek osatu duten aldi baterako enpresa-elkarteari; eta leihoen garbiketa, aldiz, Garbialdi SA enpresari. Garbiketa arruntak 226.468,15 euroko prezioa izango du urtean, eta leihoen garbiketak 9.972,40 eurokoa. BEZa barne hartu gabe da prezioa, bietan.

Beterri-Buruntzako garapen sozioekonomikorako hitzarmena, luzatuta
Kontratazioekin hasi baino le­hen, beste bi gai aztertu zituen   Plenoak, asteartean. Horietako bat izan zen, Beterri-Buruntzako garapen sozioekonomikorako hitzarmena aldatu eta luzatzeko proposamena, beste lau urterako. Aho batez onartu zuten. 2017ko urtarrilaren 27an sinatu zuten lau urterako hitzarmena, eskualdeko sei udalek (Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta eta Usurbil); eta hitzarmen hori luzatu eta aldatzea erabaki dute orain. «Bide oparoa egin dugu sei herriok, garapen sozioekonomikoaren ar­loan, enplegua, ekintzailetasuna, enpresen lehiakortasuna eta lurralde garapena sustatzeko 30 programa baino gehiago garatu ditugu, eta harreman sare aberatsa eraiki dugu», azaldu zuen Xabier Urdangarin alkateak.


Beterri-Buruntzako Mankomunitatea sortzea da hurrengo urratsa, eta behin behineko irtenbidea da hitzarmena luzatzea, martxan dauden programei eutsi ahal izateko.

Udal langileen %0,9ko soldata igoera, onartuta
Eta ondoren, aho batez onartu zuten, baita ere, udaletxeko langileen soldatak %0,9 igotzea, Eudelek egindako proposamenarekin bat eginez. EAEko KPIaren igoeraren (%0,73) antzekoa da, proposatu eta onartu dutena.


Aurretik aipatutako kontratazioei buruz aritu ondoren, eta Plenoa bukatu aurretik, Astigarragak pandemian duen egoera aipatu zuten: «egoera ona da oraingoz, baina panorama txarra daukagu inguruan. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen 10 egunetan», zioen alkateak. Eta bestetik, azaldu zuen asteazkenean zirela biltzekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegatuarekin, azaltzeko kezkatuta daudela, Herri Eskolak datorren ikasturterako leku falta izan dezakeela eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!