Dagoeneko aurkeztu daitezke eskaerak, Apeztegi plazako lehenengo zenbakiko etxebizitzetarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 00:00

Apeztegi plazako lehenengo zenbakiko eraikinaren beheko solairuan dauden araubide bereziko udal-babes publiko tasatuko 5 etxebizitza eskuratzeko zozketa egiteko prozesua martxan dago.

Apeztegi plazako 1 zenbakiko 5 etxebizitza tasatu esleitzeko prozesua martxan jarri du Udalak, eta, denera, 5 etxebizitza esleituko dira. Guztiek dute logela bat, komun bat, egongela/jangela/sukaldea eta sarrera. Halaber, azalera erabilgarria 50,28 m² eta 42,93 m² artekoa dute eta prezioari dagokionez, 156.298,17 euro eta 134.062,38 euro bitartekoa da, BEZa sartu gabe.


Hori horrela, eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Horien artean daude adin-nagusikoa izatea, aurreko bi urteetan beste etxebizitzarik ez izatea edota ezarritako hainbat baldintza ekonomiko betetzea. Edonola ere, xehetasun guztiak ikusgai daude Astigarragako udalaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Lehentasuna, Astigarragan erroldatuta daudenek
Araudian adierazitako lehentasunezko-baldintza da, Astigarragarekiko lotura izatea, erroldagatik. 


Hain zuzen, oinarri horiek argitaratzean, aurreko 2 urteetan Astigarragan etenik gabe erroldatuta egongo direnek izango dute lehentasuna; edo,  bestela, Astigarragako udalerrian gutxienez etenik gabe 10 urtez erroldatuta egon izana akreditatu beharko dute eskatzaileek; eta, azkenik, Astigarragan gutxienez etenekin edo aldizka 15 urtez erroldatuta egon direla akreditatzen dutenek. 


Horrekin batera, herrian lan egiten dutenek ere lehentasuna izango dute zozketan. Zehazki, azken 5 urteetan 3 urtez Astigarragan lan egiten dutenek eta egun lan kontratua indarrean dutenek. 

Eskabideak aurkezteko epea, otsailaren 26ra artekoa
Zozketan parte hartzeko interesa duten herritarrek eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko azken eguna otsailaren 26ra arte izango dute, eta eskabideak Astigarragako udaletxean aurkeztu beharko dira dagokion epean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!