Astigarragako udalak Sahara erdigunean jarri nahi izan du eta, horregatik, erakusketa eta ikus-entzunezko baten proiekzioa antolatu ditu Erriberan. Andoni Lubakiren eskutik, Sahara, 40 urteko exilioa izenburupean, txuri-beltzeko 40 argazkien bidez islatu da azken 6 urteotan saharar errefuxiatu eremuetan eta Mendebaldeko Saharan gertatzen ari dena. Ikusgai egongo da otsailaren 12ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.
Bestalde, Haizearen egia film laburra eta mahai ingurua antolatu dituzte Erriberan. Dokumentalak 22 minutuko iraupena du eta Taharren, saharar gazte baten, istorioa kontatzen du. Euskal Herrian bizi den mutila da eta bertan dagoela, aita Saharan hilzorian dagoeneko deia jasotzen du. Beraz, zirt edo zarteko erabakia hartu beharko du. Laburmetraia egunero proiektatuko dute, bihar arte, arratsaldeko 20:00etan.
Ostiralean, solasaldia
Haizearen egia film laburra gaur eta bihar ikusi ahal izango da Erriberan. Horrez gain, bihar, dokumentala ikusi ondoren mahai ingurua egongo da, «gaian sakontzeko».