Astigarragako Eragiyok abesbatzak, Eneko Amundarain Irastorzaren zuzendaritzapean eta Ignacio Arakistain Agirre piano-jotzailearen eskutik, Jose Maria Iparragirre oroimenezko kontzertua eskainiko du Erribera kulturgunean, datorren larunbatean, urtarrilak 30ean, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Musikari eta kantari urretxuarraren jaiotzaren 200garren urteurrena ospatzen den honetan, bere bizitza eta kantuak gogora ekarriko dituzte Santestebandarrek (aitak eta semeak), Bastidak edota Garbizuk abesbatzarako eta bakarlarientzako egindako moldaketen bidez.
Eragiyok gizon ahotsez osatutako abesbatzak, urrian Donostiako Gros auzoko San Inazio elizan eskainitako kontzertuak zeresan asko eman zuen, arrakasta haundia eduki zuen eta orain bere herrian abestuko dute. Orduan abestutako Iparragirreren abestiak ikus eta entzungai jarri zituzten eta mezu hau helerazi zion Urretxuko herriari. «Bi lerro besterik ez aurten Iparragirreren 200. urteurrenaren inguruan egin dugunaren emaitza moduan. Kantzelazio guztion artean lortu genuen kontzerturen bat ematea eta egindakoaren emaitza, neurri batean grabatzea. Hemen gure ekarpen txikia urteurrenari, nahi duzuenerako erabilgarri izan dezazuen».
Honela Iparragirreren ondoko abestiak daude ikusgai eta entzungai opari gixa YouTuben: Iparragirren lau abesti (bere bizitzaren lau pasarte, abesbatzako lau bakarlariren ahotsean); Ara nun diran (Iparragirrek idatzitako jatorrizko hitzekin); Zugana, Manuela; eta Gernikako arbola.
Sarrerak salgai daude eta edukiera %60koa izango da
Bestetik, sarrerak salgai daude 6 euroan eta 3 euroan adin txikikoentzat. Hala ere, gogoratu gaur sartuko diren neurriekin kulturgunearen edukiera %60an geratu da.