Saharako auzia erdigunera Erriberan, datorren asteko erakusketarekin eta dokumentalarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Bi ume saharar, errefuxiatuen kanpalekuetako batean. Aragazkia: ANDONI LUBAKI

Asteartetik hasita 'Sahara, 40 urteko exilioa' argazki-erakusketa izango da kultur etxean otsailaren 12ra arte, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. 'Haizearen egia' dokumentala, berriz, asteartetik aurrera proiektatuko dute egunero, 20:00etan.

Astigarragako kultura-agendaren baitan, datorren astean erakusketa eta dokumentala antolatu dituzte Erriberan. Sahara izango dute hizpide, eta bete-betean murgilduko dira sahararren bizimoduan eta gaur egun lurraldeak bizi duen auzian. Batetik, Andoni Lubaki argazkilariaren argazki-erakusketa izango da ikusgai astelehenetik, otsailaren 12ra arte. Eta, bestetik, Maluta filmsen Haizearen egia dokumentala eskainiko dute kultur etxean datorren ostiralean, hilaren 28an, arratsaldeko 20:00etan. Azken hori ez zegoen aurreikusita, izan ere, beste ikus-entzunezko bat zegoen programatuta egitarauan.

Asteartean emango diote irekiera Lubakiren erakusketari. Izenburua Sahara, 40 urteko exilioa da eta Euskal Fondoak (Borondatezko Lankidetzarako Euskal Erakundeen Elkartea) antolatu du, Astigarragako Udalarekin elkarlanean. Argazkien bitartez azalduko dute saharar biztanleek, kanpamenduetan eta Mendebaldeko Saharan babesturikoek, azken sei urteotan izan duten eguneroko bizimodua. Izan ere, pasa den urteko azaroan piztu ziren gerra hotsak Mendebaldeko Saharan, eta ez dira isildu. Hala ere, ez da gatazka berria, eta, ondorioz, 40 urte pasatxo daramazkite milaka sahararrek Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan. Bizi-baldintza eskasak dira bertan eta erakunde, talde, eragile eta norbanako askok salatu dute  bertako egoera. 

Beraz, erakusketara bertaratzen direnek ikusiko dute sahararren eguneroko bizimodua zein den, «kanpamenduak bisitatzean ikusten dugunaz harago». Modu horretan, lurraldeak bizi duen auzia eta milaka pertsonen errealitate bortitza hobeto ezagutzeko aukera egongo da.

Lubakiren argazki-erakusketak txoko eta herri asko ezagutu ditu, eta mezua lau haizetara zabaltzeko aukera izan du argazkilariak. Hamaika emozio eta istorio kontatzen ditu urretxuarrak, argazki-kamerarekin betikotutako irudiekin. Erakusketan ikusten dira minen eztandek eragindako biktimak, liberatutako lurraldeetako soldaduak, desagertutakoak, osasun arazoak dituzten pertsonak, pertsonaia historikoak edota okupatutako lurraldeetan dauden aktibistak, lurraldea deskribatzen duten beste hamaika errealitateren artean. 

Astigarragan  ia hiru astez egongo da ikusgai Lubakiren lana. Esan moduan, Erribera kulturgunean jarriko dute eta ordutegia da 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, lanegunetan. 

«15 urterekin Saharako errefuxiatuen kanpalekura bidaiatu nuen eta nire bihotza bertan harrapatuta geratu zen jendearen jarrerarekin eta, zeuden egoeran egonda, munduari aurre egiteko zuten gaitasunarekin. Esango nuke bertatik datorrela hori guztia fikziora eramatearen ideia»


Dokumentala eta solasaldia

Sahara izango dute hizpide Astigarragako Udalak antolatutako egitasmo batzuetan. Hori horrela, datorren asteartetik hilaren 12ra arte, egunero eskainiko dute Haizearen egia dokumentala Erriberan. Arratsaldeko 20:00etan izango da, areto nagusian. Horrekin batera,  gaiaz hausnartzeko eta gogoeta egiteko solasaldia antolatu dute ostiralean, dokumentala ikusi ondoren. 

Euskadin eta Aljerian ekoiztutako lanak 2020an ikusi zuen argia, eta ikusgai izango da kultur etxean.   Maluta Filmsen ekoizpen etxearen proiektua da, eta bidelagun izan ditu Zumaiako Udala, Zestoako Udala, Euskal Fondoa, Darahli Elkartea, Wadna Elkartea eta Eusko Jaurlaritza. 

Horrez gain, denera 22 minutuko iraupena du Ekain Albite gidoilariaren film laburrak, eta aktoreak dira Malek Mohamed Fadel, Habub Ali Mohamed Salem eta Cheg Mehdi. Ikus-entzunezkoak sinopsi sakona du eta hausnartzera eta gaiaz pentsatzera bultzatuko ditu ikus-entzuleak. 

Dokumentalak Euskadin bizi den mutil saharar baten bizitza du oinarri. Taharren familiak Tindufeko errefuxiatu eremuan jarraitzen du eta egun batean bere aita hiltzen ari deneko deia jasoko du. Hori jakinda, gazteak zirt edo zarteko erabakia hartu behar du, eta zalantza izpirik gabe Taharrera itzultzea erabakitzen du. Hori egitean, bere iraganari, zauriei, oroitzapenei eta kontraesanei aurre egingo die. Lortuko al du bere bizitzako piezak dagokien lekuan jartzea? Gai izango al dira elkar ulertzeko? Eta elkarri barkamena eskatzeko? 

Laburmetrai honekin Albitek fikziora eraman du Saharan urtetan gertatzen ari den auzia.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!