Zerbitzu publikoen partidak haunditu eta inbertsioena txikitu, «beharrei erantzuteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Esti Neira, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, eta Xabier Urdangarin alkatea, udal aurrekontuari buruzko azalpenak ematen.

9.121.834 eurokoa aurrekontua izango du Astigarragako Udalak, 2021ean. Inbertsioen partida murriztu du, 2020tik ere proiektu potoloak daudelako martxan; eta zerbitzuak herriaren hazkundera eta dinamikara «egokitu eta hobetzea» izan da lehentasuna.

Pandemiaren eraginpean, baina lehentasun garbi batekin osatu du 2021erako Udal Aurrekontua, Astigarragako Udalak: zerbitzu publikoak hobetzea eta gehitzea, herriaren hazkundeari eta be­harrei erantzuteko. Eta horren ordainetan, inbertsioen partidak izango du beherakada nabarmena aurten: «2020tik inbertsio potoloak dauzkagu martxan, eta horiek ondo ateratzen badaukagu lana. Zerbitzuetarako partidak haunditzeko, nonbaitetik ken­du behar da, eta udal guztiek beza­la, inbertsioen partida txikitu dugu guk ere», azaldu dute Xabier Urdangarin alkateak eta Esti Neira zinegotziak.

Guztira, 9.121.834,79 euroko aurrekontua izango du Astigarragako Udalak aurten, iazkoa baino %1,83 txikiagoa (9.291.408 euro izan ziren 2020an).

 

Foru Funtsaren igoera, biztanle kopuruagatik zegokiona baino txikiagoa

Foru Funtsaren ekarpena murriztu izana da, Udal Aurrekontua txikitzeko arrazoi nagusia.Biztanle kopuruaren araberako diru sarrera jasotzen dute Udalek, eta hori horrela, urtez urte haunditzen da kopuru hori, Astigarragaren kasuan. Aurtengo kasuan, 600.000 euro gehiago jaso behar zituen Astigarragako Udalak Foru Funtsetik; baina pandemiaren eraginez izandako murrizketa tarteko, 200.000 euro bakarrik haundituko da, jasoko duen kopurua: «guri ez zaigu kopurua murriztuko, aurreko urteen aldean, baina igoera txikiagoa izango da, tokatzen zitzaiguna baino», diote.

«Gainera, Astigarraga asko ari da hazten, urtean 300-400 biztanle gehiago. Eta horregatik, beti goaz atzetik Foru Funtsaren diru sarreretan, aurreko urteko biztanle kopurua hartzen baita kontutan. Orain, 2019 bukaerakoa hartu dute. Noizbait erregularizatuko da hori, herriaren hazkundea orekatzen denean», azaldu du Urdangarinek.

Hazkunde horrek dakar, Foru Funtsaren igoera ez ezik, zerbitzuak egokitu beharra ere: «kale gehiago garbitu behar dira, lorezaintzako aurrekontua haunditu, eraikin gehiago garbitu... Partida batzuk derrigor haunditu behar dira, eta hala egin dugu. Batetik, lan gehiago dagoelako; baina bestetik, kalitate aldetik salto bat eman nahi dugulako. Esate baterako, kale garbiketan, espaloiak garbitzeko makina bat sartuko dugu zerbitzuan», aurreratu dute. Zehazki, 225.000 eurotik 315.000ra haunditu da kale garbiketarako partida; 131.000tik 170.000ra lorezaintzako partida; eta 214.000tik 268.000ra udal eraikinen garbiketari dagokiona. «Banaka hartuta ez dira igoera ikaragarriak, baina gehitzen joanez gero, nabarmena da. Berdin gertatzen da kultur instalazioen kudeaketarekin ere. Lehen ez geneukan kulturgune haundi bat, eta horrek gastu batzuk dauzka. Ia 200.000 euro haunditu da horretarako

Zentzu horretan, alkateak dio «oso herri exijentea» dela Asti­garraga, «transformazio izugarria» ari delako izaten: «ez duzu topatuko beste herririk, bi-hiru urtetan egin duenik kulturgune berri bat, Haurreskola bat, Arrobitxulokoa bezalako igogailu bat, Emakumeon Plaza... Horrek esan nahi du, aurreko urteetan ez garela mugitu herri bezala. Etxeak egin ditugu, baina zerbitzuak gehitu ez. Eta gauza txiki askotan ere, lan gehigarri bat ematen du hazkunde horrek, aurrekoak ez dizulako balio eta dena berrikusi behar delako. Udaletxeko langileentzat ere, oso lan dinamika potentea da», diote.

 

2020 urteari jarraipena, 2021eko aurrekontuak

Urte aldaketak ez du aldaketa haundirik ekarriko Astigarragako Udalaren jardunean, eta iaz jorratutako bideari jarraipena emateko moduko aurrekontua prestatu du Udal Gobernuak, zentzu askotan. Horrela, pandemiari aurre egiteko martxan jarri ziren neurriek, islada izango dute 2021ean ere; eta joan den urtean abiatutako zenbait inbertsio, urte honetan zehar gauzatuko dira.

«Orain ari dira kontuhartzailetzan, 2020a ixten; baina ondo bukatu dugu urtea. Exekuzio maila altua izan da, eta gerakinetik ere asko hartu dugu, ikusi dugunean beharrezkoa zela pandemiari aurre egiteko. Pandemiak lan eta kontu gehiago ekarri dizkigu, baina lan martxa arina ibili dugu, eta mahai gainean geneuzkan gaiak ateratzen joan gara», nabarmendu du alkateak.

2020ko aurrekontua osatzerakoan, noski, aurreikusi gabekoak ziren pandemiari aurre egiteko partidak, eta urtean ze­har sortu zituzten, ostalariei eta merkatariei dirulaguntzak emateko, deskontu kanpainak gauzatzeko; eta gizarte zerbitzuetan edota garbiketan ere, diru gehiago erabili behar izan zuten, COVID-19aren eraginez. Geraki­ne­tik hartu behar izan zuten di­rua, horietarako; «eta beraz, gerakin txikiagoarekin bukatu dugu urtea». Alde horretatik, «maiatzean baino hobeto» daudela onartu dute Urdangarinek eta Neirak, aurreikusteko aukera gehiago dutelako: «gizarte zerbitzuetan, larrialdi laguntzetarako partida haunditu da, eta garbiketa zerbitzuan ere, aurreikusi da zein gehikuntza behar izan daitezkeen, COVIDaren ondorioz. Pandemiari aurre egiteko 3.000 euroko laguntza partida bat ere sortu da, eta egoeraren arabera ikusiko dugu zertara bideratu, nolako laguntzak eman. Eta berriro gerakinetik hartu behar badugu, zalantzarik gabe egingo dugu».

Pandemiari aurre egiteko neurriek ez ezik, inbertsioek ere izango dute segida, 2021 urtean. «2020ko hainbat inbertsio dauzkagu martxan: Arrobitxuloko igogailua, Haurreskola berria, Santiomendiko hiritartze obrak, DBHko partzela hiritartzekoak... Eta horregatik, beharbada ez da hainbeste nabarituko, aurtengo aurrekontu­an inbertsioak gutxitu izana. Horiek denak iazko diruarekin izango dira, baina aurten egingo ditugu». Horietatik harago, inbertsio txikiagoak jaso ditu Udalak, 2021eko aurrekontuan: «komun publikoen gaiari eman diogu garrantzia, herritarrek asko eskatzen dutelako; eta sortu nahi dugu komun publikoen sare bat. Herrian hiru gunetan jarriko dugu; eta laster zabalduko dugu bat kulturgune berrian, kaletik sarrera izango duena», aurreratu dute.

Haurreskola berria (1,5 milioi euro) eta Arrobitxuloko igogailua (1,18 milioi euro) dira inbertsio potenteenak, mahai gaine­an; eta iazko aurrekontuan ez ezik, aurtengoan ere jaso da diru partida bat, horietarako. Eta brigadaren lokalak egokitzeko ere, partida bat aurreikusi dute aurtengo aurrekontuan: «lau lokal erosi genituen, Txalakan; baina egokitu egin behar dira, barru­an obrak eginda, material guztia hara eraman aurretik».

 

Elkarteen dirulaguntzak, «mantendu edo haunditu»

Zerbitzuak izan dira Udalaren lehentasuna, aurtengo aurrekontua osatzerakoan; baina baita dirulaguntzak ere: «ahalegin bat egin dugu, elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak ere mantentzeko eta, ahal den neurrian, haunditzeko, gizarte zerbitzuen, berdintasunaren eta kulturaren arloan; %6koa izan da igoera, guztira. Eta berdin gizarte babeserako laguntzetan (enplegu arlokoak, mer­kataritza arlokoak, larrialdietarako laguntzak, etxe hutsak alokatzeko laguntzak...), %3 haunditu ditugu».

Baina dirulaguntzekin bakarrik ez, Emakumeen Etxearekin ere indartu dute berdintasunaren arloa: «apustu haundia egin dugu, Emakumeen Etxearen pro­iektua bera edo horren inguruko programazioa lantzeko», azaldu dute. 40.000 euroko partida jaso dute horretarako.

 

Jaietarako partida, antzekoa

Joan den urtean jairik egiteko aukerarik gabe, aurten zer egin ahal izango den aurreikustea ia ezinezkoa da. Hori horrela, jaietara bideratuta partida oso gutxi murriztu du Udalak: «aurrekontuak egin genituenean, gure esperantza zen uztailerako dena konponduta egotea. Horregatik, berdintsua da jaietako partida, eta auzoetarako jaietarako partidak ere berdin mantendu dira. Azaroan galdetu baligute zer espero genuen 2021erako, esango genuen ekainerako dena konponduko zela. Baina ikusten ari gara, mantso joan daitekeela. Egoera hobean egongo gara seguruenik, txertoa tarteko; baina ez dakigu noiz kendu ahal izango dugun maskarilla, eta jende pilaketak ere ezingo dira eman oraindik», diote.

Hortaz, jaien datak gerturatu bezala aztertuko dute gaia, baina momentuz, diru partida jasota dago: «edozein kasutan, aurten jaiak normal egingo balira, diru gutxiagorekin ere disfrutatuko genituzke berdin-berdin. Ez genuke gauza haundirik beharko horretarako», nabarmendu du alkateak.

 

Partehartze saio garrantzitsuak, aurten

Herritarren ekarpenak ere jaso nahi izan ditu Udalak, aurtengo aurrekontuan; eta horretarako, Udal Gobernua hasi zenean bere proposamena lantzen, herritarrei eman zieten aukera, ekarpenak egiteko: emailez zein formulario bidez, eta auzoz auzoko bileretan. «Ekarpen horiek gehiago izaten dira esateko zer nahiko luketen auzoan egitea, aurrekontuari buruzkoak baino. Askotan ideia orokorrak dira, herri bideak garbitzea eta konpontzea adibidez, landa eremuan askotan eskatzen dena. Eta horiek sartuta daude aurrekontuan, atal ezberdinetan».

Herri bideak berritzearen kasuan, zehazki, azterlan bat daukate egina, pixkanaka konpontzen joateko: «ezin ditugu bide guztiak batera berritu, inbertsio haundia delako hori. Baina aztertuta daukagu, zein egoeratan dagoen bide bakoitza; eta lehentasunen arabera, urtero berritzen ditugu bide batzuk. Orain, esaterako, Txoritokieta eta Usategieta ingurukoak konpontzeko lehiaketa dago martxan, eta martxoa aldera hasiko dira lan horiek», aurreratu dute.

Ekarpen horietatik harago, herritarren partehartzea ere sustatu nahi du. Udal Gobernuak. Hasita dauden partehartze prozesuei segida emango diete, txakurren ingurukoari eta Emakumeen Etxeari buruzko­a­ri adibidez. Baina berriak ere abiatuko dituzte aurten; horietako batzuk, gainera, garrantzia haundikoak: «agendan daukagu Sagardoetxeari buruzkoa. Aurrekontu bat eskatuta daukagu, prozesua nola egin zehazteko; eta hilabete honetan jasoko dugu. Uste dugu, martxoan jarriko dugula martxan. Eta beste bat, bereziki garrantzitsua, da Plan Orokorra berrikusteko prozesua. Jendeari oso urruneko zerbait iruditzen zaio, entzuten duenean; baina oso gauza konkretua izan daiteke. Azken batean, finkatuko duguna da zer egingo den Astigarragan hurrengo 10-15 urteotan. Espazio gehiago behar dira? Etxebizitza gehiago egin behar dira? Non? Landa eremuan zer indartu nahi dugu? Lehen sektorea indartu nahi dugu eta baserritarrentzako lur gehiago finkatu? Galdera horiei guztiei erantzungo diegu prozesuan», azaldu dute.

Partehartze prozesua burutzeko, lantaldea eratuta dago, eta otsaila aldera jarriko dute martxan: diagnostikoa izango da aurreneko zatia, eta proposamenak jasotzekoa bigarrena. «Bigarren hori momentu inportantea izango da, jendeak parte hartzeko», nabarmendu dute.

«Oposizioaren proposamen gehienak txertatu ditugu, edo dagoeneko sartuta zeuden»

Herritarren ekarpenak jasota eta aurrekontu proposamena osa­tuta, Ogasun Batzordean aur­­keztu zuen 2021erako Udal Au­rrekontua, Udal Gobernuak. Eta hortik aurrera, bi-hiru asteko epea izan zuten oposizioko alderdiek, ekarpenak egiteko: «haien proposamen gehienak txertatu ditugu aurrekontuan, edo dagoeneko sartuta zeuden», adierazi du Urdangarinek.

PSE-EEk, eskatu zuen haunditzea COVID-19ari aurre egiteko dirulaguntza partida, 60.000 euroan: «onartu genuen 40.000 euro haunditzea partida hori», dio alkateak. Eta EAJ-PNVk, zazpi proposamen egin zituen: «horietatik hiru, aurrekontuan jasota zeuden dagoeneko; Sagardoetxeari buruzko partehartze prozesua burutzeko partida bat, adibidez. Eta beste bi proposamen onartu genituen; tartean, COVID-19aren inguruan aurkeztu zutena, PSE-EEren proposamena babestuz. Gainerako bi proposamenak ez genituen onartu», azaldu du alkateak.

Ekarpen horiek jasota, azaroaren 24an eraman zuten Plenora, 2021eko Udal Aurrekontua; eta hasierako onarpena eman zioten, EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin, eta EAJ-PNVren kontrako botoekin. Ondoren, alegazioak aurkezteko epea zabaldu zen, baina horrelakorik izan ez zenez, behin betiko onartuta geratu zen aurrekontua, abenduaren 18an, berriro Plenotik pasa beharrik izan gabe.

 

Garbitania, desadostasunen arrazoi nagusia

Oposizioko bi alderdien jarrera eta postura ere baloratu du Udal Gobernuak: «EAJ-PNVk hasieratik planteatu zigun, kontrako botoa emango zuela, bereziki poligonoetako hondakin bilketa dela eta, ez dutelako ondo ikusten hori Garbitaniaren bitartez bideratzea. Arrazoi beragatik abs­tenitu zen PSE-EE ere. Egia esan, guk oraindik ez daukagu erabakita, Garbitaniak egingo duen poligonoetako hondakinen bilketa. Azterketa bat egiten ari gara, eta seguruenik horrela izango da, zenbakiak txukunak direlako. Baina oraindik hartu gabe dago erabakia; eta egia esan, 25.000 euroko partida bat zegoen aurreikusita, hondakinen bilketa Garbitaniak egin beharrean gure gain hartuz gero, enpresei ontziak eraman beharko genizkiekeelako», azaldu du Udal Gobernuak.

«Aurten, bereziki garrantzitsua izango da Plan Orokorra berrikusteko prozesu partehartzailea. Finkatuko duguna da, zer egingo den Astigarragan datozen 10-15 urteotan»

Zentzu horretan, uste du «oso diru gutxirengatik» eman duela kontrako botoa EAJ-PNVk: «beste guztiarekin gutxi-asko ados azaldu ziren, baina Garbitaniarekin oso kontra daude. Niri zer pentsatua ematen dit, bederatzi milioi euroko aurrekontu batean, 100.000 eurora ere iristen ez den desadostasun batekin kontrako botoa emateak. Garbitaniaren barruan gaude, ni joaten naiz bileretara, eta gauzak oso txukun egiten dituen enpresa bat da. Gehiago iruditzen zait arrazoi ideologikoak daudela tartean. Gehiago da jarrera politiko bat, eta ez hainbeste aurrekontuaren edukiari buruzko iritzia», adierazi du alkateak.

Antzeko ildotik ikusten dut, PSE-EEren botoa ere: «oso zaila da guk aldeko botoa jasotzea beraien aldetik, gaur egungo panorama politikoan eta goitik datozen aginduen arabera. Baina abstentzio horrekin, ulertzen dugu ez daudela kontra, eta ikusi dutela aurrekontu egokiak direla. Mikel Duran zinegotziarekin oso harreman estua daukagu, eta berak ez digu kontrako jarrerarik agertu, gainerako erabakietan», dio Urdangarinek.

 

EAJ-PNV: «EH Bilduren aurrekontuaren muina da, gure proiektuak jarraitu eta beraienak balira bezala saltzea»

EH Bilduren zaborren kudeaketaren kontrako jarrera berretsi du EAJ-PNVk, 2021eko Udal Aurrekontuari buruzko balorazio­an. «Argumentu potoloa eman diogu, gure ezezkoari: berriz ere, eta alkatetza hartzen duen bakoitzean bezala, EH Bildu zaborra nahasten dabil. 2021ean, esaterako, 70.000 euro haundituko ditu zaborren kudeaketara bideratutako partidak. Aurten, Garbitania, EH Bilduko udalek soilik osatzen duten enpresa publikoa, hasiko da poligonoetako atez ateko bilketa egiten». Zentzu horretan, EAJ-PNVk dio «EH Bilduren kapritxoak» herriari suposatuko diola 70.000 euro gehiago inbertitzea: «pandemiaren ondorioz astigartar asko jasaten ari diren egoera larria kontutan hartuta, onartezina iruditzen zaigu, EH Bildu kezkatuta egotea zerbitzua bere lagunei esleitzeko, jakinda horrek zerbitzua garestitzea dakarrela».

Alderdi jeltzaleak nabarmendu du, «COVIDaren ondorioak ahal den neurrian arintzea» izan behar zela aurrekontuaren «lehentasun nagusia», herritarren premietan jarriz arreta. «Zoritxarrez, EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuaren lehenengo zirriborroan, fokua ez zen jartzen biztanlerian. 60.000 euroko partida planteatzen zuen COVIDaren aurkako dirulaguntzetarako, kopuru oso eskasa. Are gehiago, beste batzuekin konparatuz: jaietakoa, adibidez, 70.000 eurokoa zen. Pandemia garaian, diru gehiago aurreikusi zuten jaietarako, COVIDaren dirulaguntzetarako baino. Baina gure emendakinei esker, eta PSE-EEk ere berdin eskatuta, 100.000 eurokoa izango da partida hori, EH Bilduk aurkeztutakoa baino 40.000 euro haundiagoa. Eskerrak EAJk, nahiz eta oposizioan egon, lanean jarraitu duen desoreka nabarmen hori konpontzeko», adierazi du.

Aldiz, EAJk dio «zoritxarrez kajoian sartu» dituela EH Bilduk, alderdi jeltzaleak aurkeztutako bes­te emendakin batzuk: «nabarmenena, agian, Ergobiako bizilagunek hainbeste eskatu duten aldaketa puntuala bideratu ahal izateko partida».

Eta horrekin batera, adierazi du ez dela ahaztu behar, zeintzuk diren 2021eko aurrekontuko proiektu nagusiak: «Haurreskola, igogailua, Herri Eskola... Guztiak aurreko legealdian hausnartu zirenak, EAJ-PNV alkatetzan zela. Ibai parkearekin edo kultur etxe berriarekin egin duten bezala, hauxe izango da, aurten ere, EH Bilduren zeregina, eta bere aurrekontuaren muina: EAJren proiektuak jarraitu eta beraienak balira bezala saltzea».

 

PSE-EE: «Urte oso zail bati aurre egiteko moduko udal aurrekontua da»

Alderdi sozialistari dagokionez, berriz, Mikel Duran zinegotziak ontzat eman du 2021eko Udal Aurrekontua: «urte oso zail bati aurre egiteko moduko udal aurrekontua da; pandemiak eragindako ezohiko egoerari eta horrek ekarri duen krisi ekonomikoak aurre egiteko modukoa. Gure helburua izan da egoera hori arintzera bideratutako diru partidak haunditzea, eta 40.000 euro gehiago bideratu dira horietara, guk aurkeztutako emendakinari esker», azaldu du.

Abstentzioaren arrazoia ere azaldu du Duranek: «ez gaude ados, poligonoetako hondakinen bilketa Garbitaniak egiteko aurreikuspenarekin, behin baino gehiagotan adierazi izan dugun bezala».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!