Informatika landu edota abesbatza sortzea, Galtzaurreko bazkideen proposamenak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Taldeka elkartu ziren jubilatuak, saioaren une batzuetan, hausnarketa-ariketak egiteko.

Jubilatuen elkarteari buruzko hausnarketa saioa egin zuten asteazkenean, Erribera kulturgunean; eta saiora azaldu ziren adineko 25 herritar inguru, Galtzaur nola ikusten duten eta zer hobetuko luketen konpartitzera.

Joan den urtean abiatu zuten Galtzaur jubilatuen elkarteari buruzko hausnarketa, Bat, Bi ta Hiru taldeak gidatuta, Udalaren eta Galtzaurren lankidetzarekin. Eta joan den asteazkenean eman zioten segida, gogoeta prozesu horri. Erribera kulturguneko areto nagusian egin zuten saioa, eta adineko 25 bat herritar azaldu ziren.

Eta saioa hasteko, aditzera eman zituzten, joan den urtean Galtzaurreko bazkideen artean egindako inkestaren emaitzak. Horretan, galdetu zieten funtzionamenduari eta antolaketari buruz, jarduerei buruz, komunikazioari buruz, eta bazkideen partehartze eta inplikazioaz.

Funtzionamenduari eta antolaketari dagokienean, inkesta erantzun zuten guztiak daude ados, «etengabeko bizipen-hobekuntza bilatzea» izan behar dela Galtzaurren helburua. Eta egiten diren jarduerak ere, oso modu positiboan baloratu dituzte, asterokoak zein noizbehinka egiten direnak. Martxa arautua, mantentze gimnasia, bingoa eta eskulanak dira gehien gustatzen zaizkienak, baina berriak ere proposatu dituzte, asteroko dinamikan txertatzeko: informatika, sare sozialak eta mugikorreko aplikazioak lantzea, abesbatza sortzea, jarduera kulturalak egitea, historia, literatura edota euskera lantzea...

Gainera, gehienek erakutsi dute interesa, herriko beste elkarteekin batera jarduerak egiteko; zehazki, %82ak.
Komunikazioaren gaiari heldu zioten ondoren, eta gehienek uste dute (%84ak), elkarte barruan ona dela komunikazioa. Baina kanpoko komunikazioari dagokionez, hobekuntzak egin behar direla uste du ia heren batek: kultur etxean zein Kronikan elkartearen berri gehiago ematea, besteak beste. Eta era berean, %45ak uste du beste komunikazio tresna bat izan beharko lukeela Galtzaurrek, informazioa, iritziak eta bizipenak jasotzeko eta emateko: gutunak, sare sozialak, bazkideen artean iritziak partekatzea, bloga, posta elektronikoa...

Eta azkenik, partehartzeari dagokionez, denek uste dute egokia dela zuzendaritza batzordearen lana, eta kontutan hartzen dela bazkideen aniztasuna. Bazkide izateko arrazoiak, berriz, bi multzo nagusitan banatzen dira: jarduerak gustuko dituzte, edota bizitza sozial aktiboagoa izan nahi dute.

Emilio Adan (presidentea): «inkestak erakutsi du, interes gutxi daukatela bazkideek»
Inkestaren emaitzak azaleratu ondoren, Emilio Adan Galtzaurreko presidenteak hartu zuen hitza, eta adierazi zuen, inkestak erakutsi duela «oso interes gutxi» daukatela bazkideek, elkartearen inguruan: «urte osoan zehar aritu gara lantzen, zer nolako egoitza nahi dugun etorkizunean, guztiok bizipen berriekin gozatu ahal izateko. Baina inkestaren emaitza ez da oso positiboa izan; 331 bazkidetik, %12ak bakarrik erantzun du. Hala ere, badakigu badaudela elkarteko jardueretan interesa daukaten bazkideak ere, eta gutxi izan arren, ekarpen interesgarriak aterako ditugu inkestatik», azaldu zuen. Harriduraz hartu zuten bertaratuek, hain gutxi izatea inkestan parte hartu zuten bazkideak.

2020 urte «oso gogorrari» ere egin zion errepasoa presidenteak, eta azaldu zuen, Udalarekin zein bazkideekin egon direla harremanetan, «ahal den neurrian hobetzeko guztien egoera». Eta era berean, berriro luzatu zuen deia, zuzendaritza talde be­rri bat osatzeko: «arrazoi serioengatik eskatzen dugu zuzendaritza berri bat osatzea». Martxoaren hasieran egingo du urteko batzar orokorra Galtzaur elkarteak, seguruenik.

25 bat jubilatu elkartu ziren asteazkenean Erribera kulturgunean, Galtzaur elkarteari buruzko hausnarketa egiteko. 

Galtzaurren indargune eta ahulguneak aztertzen, taldeka
Eta presidentearen hitzen ondoren, gogoeta-ariketei egin zieten bidea, asteazkeneko saioan. Taldeka banatu zituzten bertaratuak, Galtzaurren indargune eta ahulguneak identifikatzeko, eta baita izan ditzakeen aukerak eta mehatxuak ere. Gustora aritu ziren talde lanean, eta aukera eman zien horrek, elkarrekin hausnartu eta iritziak konpartitzeko; aurrena taldeka, eta ondoren denekin. Hori horrela, inkestan azaleratu gabeko ideia berriak atera ziren hausnarketa saioan. Esate baterako, espazioarekin zeukaten arazoa eman zuten aditzera, haundiagoa beharko luketelako. Eta hortik abiatuta, komentatu zuten beharbada erabili ditzaketela herriko beste espazio batzuk, jarduera batzuetarako.

Inkestan ez bezala, asteazkenean utzi zuten agerian egoitza ixteko beldurra ere badutela, osasun egoerak hala behartuta (orain behin behinean dago itxita, baina behin betiko itxiko ote den), edota zuzendaritza taldeak uzteagatik, adibidez. Eta komunikazioaren inguruan, aipatu zuten interesgarria izan daitekeela ikastea posta elektronikoa erabiltzen, barne komunikazioa erraztuko lukeelako horrek.

Eta hausnarketa saioaren bukaeran, inplikazioari eta partehartzeari buruz aritu ziren. Bertaratu guztiei eskatu zieten, paper batean idazteko zer nolako rola hartu nahiko lukeen Galtzaurren barruan: pasiboa (jarduera batzuetan parte hartzea bakarrik), aktiboa (jardueretan zein horien antolakuntzan parte hartzea), edo proaktiboa (zuzendaritza taldean sartzea). Eta horretatik abiatuta, konpartitu zuten beste ideia bat ere: ekintza guztiak zuzendaritza taldeak antolatu beharrean, orain egiten den bezala, ekintza batzuk antolatu ditzaketela beste bazkide batzuek; jarduera horretan interes berezia dutenek, adibidez.

Aurreneko fasea bukatuta, bigarren bat behar ote den aztertzeko garaia
Jardueren antolakuntza zabaltzeko aukera hori, eta prozesutik ateratako ondorioak, mahai gainean jarriko dituzte Galtzaurrek martxoan egingo duen urteko batzar horretan. Eta horrekin emango diote bukaera, proiektuaren aurreneko faseari: Galtzaurren egungo egoeraren diagnostikoa egin, eta hutsuneak eta horiek hobetzeko aukerak ezagutzeari, hain justu.

Ondoren, Udalak eta Galtzaurrek aztertuko dute, jarraipen bat behar ote duen proiektuak, eta bigarren fase bati helduko ote dioten. Horretarako, dagoeneko luzatu die proposamena Bat, Bi ta Hiru taldeak, eta aztertzeko daukate.
Zentzu horretan, Esti Neira Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du, etorkizunera begira «gogotsu» ikusi dituztela adinekoak, arrisku taldekoak izan arren. Eta adierazi du, «oso gauza interesgarriak» atera dituztela, hausnarketa prozesu honetatik.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!