Urtarrilarekin batera hasiko dira adinekoen gimnasia ikastaroak eta noski ttipi-ttapa jarduera. Adinekoen gimnasia ikastaroa gaur hasiko da, eta ttipi-ttapari bihar emango zaio hasiera.
Bi jardueren kasuan egun bakarrean eman ahal izango da izena, eta bigarren egunerako interesa dutenek, plaza libreak dauden ziurtatu arte itxaron beharko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, «ahalik eta pertsona kopuru haundienari parte hartzeko aukera emateko» gehitu dute.
Gimnasia ikastaroan bi saio eta hamar parte-hartzaile gehienez
Gimnasia ikastaroa gaur hasiko da eta asteko bi egunetan izango da: asteartea eta osteguna, goizeko 10:30etatik, 11:30etara bitartean. Gehienez 10 parte hartzaile egongo dira saio bakoitzean. Astean egun bakarra egiten bada, 5 euro ordaindu beharko dira hilabetean, eta bi egun egiten badira berriz, 10 euro.
Taldea kiroldegian elkartuko da eta egun bakoitzerako monitoreak programatutakoa egingo dute. Hainbat segurtasun neurri hartuko dira kontutan, «saio guztietan musukoa jarrita izatea derrigorrezkoa da, eta parte hartzaileen artean azpitaldeak egingo dira.
Ttipi-ttapa jarduera, bihartik
Bestetik, bihar emango zaio hasiera Ttipi-ttapa jarduerari, eta hau ere asteko bi egunetan izango da, asteazkena eta ostirala, goizeko 10:30etatik 11:30etara. Gehienez 12 parte hartzaile egongo dira, eta 6ko bi taldetan banatuko da jarduera.
Segurtasun neurriak ere hartuko dira noski, «nahitaezkoa izango da saio guztietan musukoa eramatea, eta ez da kirol materialik erabiliko ezta partekatuko». Joseba Barandiaran plazan elkartuko dira, eta bertatik irtengo dira, monitorearekin. Jarduera amaitzean, plaza berdinera itzuliko dira, eta bertan amaitutzat emango da saioa.