Udala

Hastear dira lanak, DBHren eraikinarentzako eremua prestatu eta Hezkuntzaren esku uzteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 00:00

Egun hauetan ekingo diete hiritartze lanei, eta horien bitartez, linea elektrikoa lurperatuko dute, Santiomendiko ur depositutik hilerrira doana. Hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek, eta 302.664 euroko kostua.

Beste pauso bat emango du Astigarragako Udalak, datozen hilabeteotan, herrian DBHko ikastetxea izateko bidean. Izan ere, hastear dira lanak, eraikinaren eremua izango dena hiritartzeko, eta Hezkuntza Sailaren esku uzteko. Hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek, eta horretarako, 302.664 euroko inbertsioa egin du Udalak. Sasoi Eraikuntza SL enpresak gauzatuko ditu.

Hiritartze lan horien bitartez, airetik doan linea elektrikoa lurperatuko dute: Santiomendiko ur depositutik hilerrira doana, hain justu, Anuska eta Aranibar auzoen gainetik.

«Linea lurperatzeak, Eusko Jaurlaritzak planteatutako eskakizuna betetzeaz gain, nabarmen hobetzen ditu aireko lineak eragindako arazoak», adierazi du Udalak.

Trafiko etenak eta hainbat eragozpen, obrek iraun bitartean

Udalak azaldu du, era berean, obrek iraun bitartean «hainbat eragozpen» izango dituztela Aranibar eta Anuska auzoetako bizilagunek; eta aldez aurretik eskatu nahi izan die barkamena, eragozpen horiengatik.

Horrela, esaterako, Aranibar auzoko aparkalekuaren zati batean jarri dute obrako etxola bat. Eta trafikoa ere eten egin beharko dute, une jakin batzuetan. Dena den, mozketa horien berri aldez aurretik emango du Udalak, jakinarazi duenez.

Behin obrak bukatuta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren esku utziko du eremua  Astigarragako Udalak, DBHko ikastetxearentzako eraikina eraiki dezan bertan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!