Prozesua abiatu du Astigarragako Udalak, Aztikerrekin batera, animalien araudia berrikusteko, bereziki txakurren inguruan sortutako eztabaida eta gatazkak konpontzeko asmoz. Abenduan diagnosi fasea gauzatuta, eztabaida herritarrari egin zioten bidea, eta bi saio ireki antolatu zituzten. Abenduaren 22an egin zuten aurrenekoa, eta etzi izango da bigarrena: arratsaldeko 18:00etan hasita, Herri Eskolako areto nagusian.
Saioan parte hartzea irekia izango da, baina izena eman beharko da aldez aurretik, osasunaren prebentziorako neurriak betetzeko asmoz. Horretarako, emailez idatzi behar da, alkatetza@astigarraga.eus helbide elektronikora; edo deitu 943 33 52 40 (Astigarragako Udaleko Alkatetza) edota 608 018 512 (Aztiker) telefono zenbakietara.
Aurreneko saio irekian, eztabaidatu zituzten diagnosi fasean ateratako ideia nagusiak eta elkarbizitzarako gakoak. Eta etzikoan, berriz, planteatuko dute «nola moldatu landutako ideia guztiak, txakurren udal ordenantzaren moldaketa zehatzetara, konpromiso eta betebeharretara, edota protokolo berrietara», azaldu dutenez.
Etziko saioaren helburua izango da, proposatutako ideiak moldatzea animalien udal ordenantza berrikusi eta egokitzeko.
Hortik aurrera, prozesuaren hirugarren fasea faltako litzateke: ordenantzaren moldaketa edo berridazketa. Saio irekietan landutako proposamen horiek, ordenantzara ekarriko ditu Udalak, adostutako aldaketak eginez, edo ordenantza bera berridatziz. Otsaila aldera hasi daitezke moldaketak egiten. Eta ondoren, lau aurkezpen saio egitea aurreikusi dute, herritarrei bertsio berria komunikatzeko, eta araudia sozializatzeko.
Herriko elkarbizitza hobetzea denez prozesuaren asmoa, Astigarragako Udalak herritar guztiei luzatu die gonbitea eta deia, etziko saio irekira bertaratu eta parte hartzeko.