Nondik dator, espazioko zaletasuna? Txikitatik datorkizu?
Bai txikitatik datorkit, izan ere, txikitatik zientzia, astronomia eta espazioa nuen gustuko, jakin min haundia neukan, espazioaren inguruan jakiteko gehienbat. Bigarren hezkuntza amaitzear nengoela, banekien espazioaren inguruko lan bat topatu nahi nuela, ez nekien oraindik ziurtasun osoz zertan, baina argi neukan espazioarekin erlazionatutako ikasketak egin nahi nituela. Batxilergoan, zientzietako bidea hartu nuen, eta hor ikusi nuen, Ingenieritza Aeroespaziala existitzen zela, eta hor piztu zitzaidan zerbait barnean. Hor hautatu nuen, nire ogibidea.
Ofizialki zer zara, Ingeniero Aeroespaziala?
Gradua Ingeniari Aeroespazialean dut, eta masterra berriz Espazioko Sistemen Ingenieritzan. Ingeniero Aeroespazialeko Graduan, aeronautika eta ingenierian oinarritzen da, espazioko ikasgai gutxi ditu, gehiago lantzen da aeronautika. Espazioko pare bat ikasgai baditu, baina nire ustez ez da nahikoa nik behar nituen ezagutzak hartzeko. Azkenean ikasten duzu espazioari buruz, baina sakondu nahi izanez gero, ez da nahikoa. Nire kasuan, gehiago espezializatu nahi nuenez, master bat egiteko hautua egin nuen, eta Espazioko Sistemen ingenieritzan egin berri dut.
Beti daude zalantzak zer ikasi, edo hautatutako hori ondo aukeratu duzun… gertatu zaizu?
Bai noski, beti daude zalantzak, batez ere ikasten nenbilenean eta astuna egiten zitzaidanean gauzak egitea. Azkenean zalantzan jartzen nuen nire burua, honetan jarraituko dut, edo beste zerbait egiten hasiko naiz?
Ingeniero Aeroespazialak, badu nolabaiteko prestutasuna edo garrantzia, nola sentitzen da bat postu hau duela jakitean? Eta zure ingurua nola egokitu da?
Niretzako nire ekinaren adierazlea da, lan asko egin behar baita, eta urteetan lan asko egin dut, nire helburua betetzeko.
Lagunak, nire burua aurkezten dutenean, Ingeniero Aeroespazialtzat aurkezten naute. Eta norbait ezagutuz gero, beti harritzen dira, jakitean zer naizen, zer ikasi dudan eta zertan egin dudan lan. Azkenean ez baita egunerokotasunean ikusten edo entzuten duzun zerbait, espazioa badirudi, guregandik urruti dagoela.
Gainera, hemen gertu ez dago ingenieritza aeronautikoa ikasteko baliabiderik, kanpora joan behar duzu. Badago master bat, ingenieritza mekanikotik sartuz, EHUn, eta bertan espazioko sistemen ingenieritza badago baina master bat bezala da, ez da bere osotasunean Ingeniero Gradua bezala.
Nire inguruak aspalditik zekien espazioa gustuko nuela eta zerbait berezia pizten zidala baitan, eta argi zuten norabide hori hartuko zuela nire bizitza profesionalak.
Zeintzuk izan dira zure lan esperientziak?
Madrilen lan egin dut helikoptero eta hegazkin txikien mantentze eta ingenieritzan. Hauek praktikak izan ziren, enpresa txiki bat zen eta bere kargu zituen hegazkin txiki batzuk pilotatzen ikasteko, eta hontaz gain, helikopteroak ere bazituzten, suteen aurkako eta antzerako gertaeretarako erabiltzen zituztenak. Enpresa horretan, begiratzen zen nola zeuden hegazkinak, ea mantenuak eguneratuak zeuden, orduak kontrolatzen ziren aldaketak egiteko… Halaber, kaxa txiki batzuk egiten zituzten, helikopteroetako ekipamendua hor sartzeko. Eta bertako ingenieritzan laguntzen ibiltzen nintzen ni, asko ikasi nuen.
Hortik, Donostiara itzuli nintzen, Geminys enpresara teknikari gisa, manual teknikoak idazten egon nintzen. Oso esperientzia ona dut bertatik, enpresa ona da. Geminysen, manual teknikoak egiten dituzte enpresa ezberdinentzako, esaterako: CAFentzat. Asko ikasten da, azkenean ordu ugari dira manual teknikoetan, eta bezeroak nahi duen erara moldatuz. Baina egia da iritxi zela momentu bat non gehiago hazi nahi nuen. Geminysek gainera, aukera eman zidan, haien ordezkari gisa Parisera joateko, beste merkatu berriak bilatzeko asmoarekin, eta hori aparteko esperientzia izan zen egia esan.
Eta horra heltzeko bidea, nolakoa izan da? Zaila?
Bai, luzea eta zaila, baina betidanik egin nahi nuena lortu dut. Bidean ezagutu ditut lagun eta esperientzia berriak… egindako esfortzuak merezi izan du, noski.
Esan duzu esperientzia ugari bizi izan dituzula, zuretzat garrantzitsua izan dena zein da?
Bai badaukat bat, beti gogoan dudana, Alemaniara joan nintzenean satelite baten jaurtiketa ikustera, Europako Espazio Agentziako zentrotik gainera. Eta hori oso aberasgarria edo garrantzitsua izan zen niretzat.
Zer moduzkoa izan zen Euskaraldia zela eta egindako ekarpena?
Ba egia esan oso gustura egin nuen. Izan ere, satelite eta suziri jaurtiketak zuzenean streamitzen ditut, www.twitch.tv/espazioa katetik. Kasualitatea izan zen, jaurtiketak atzerapen batzuk izan zituen, eta Euskaraldiaren egun berean egin genuen. Poz asko eman zidan horrela parte hartu ahal izateak. Azkenean egindako ekarpen honekin behar bada jendeari espazioaren inguruko jakin mina piztea lortu nuen, nork daki.
Nik bidali nien Euskaraldiko teknikariei email bat, esanez zer egingo nuen, eta euskaraz egiteko asmoa nuela. Oso ideia ona iruditu zitzaien, eta ondo atera zen. Elhuyarri ere bidaltzen dizkiet honelako emailak, zer egingo dudan azalduz, azkenean zientzia eta teknologian oinarritutako lanak biltzen dituzte bertan, eta horregatik bidaltzen dizkiet.
Non izan ziren zure ikasketak, eta hauek nola eraman zenituen?
Etaparik gogorrena, Leoneko unibertsitatean izan nuen. Hasiera zen, nik betidanik euskeraz ikasi dut dena, eta han gaztelaniaz egin behar nuen, bai hitz egin, ikasi zein idatzi, eta kosta egin zitzaidan. Gero Madrilen eta Erresuma Batuan esperientzia hobeagoa izan zen. Southamptoneko unibertsitatean hobeto ibili nintzen, ingelesez egiten nuen, baina askoz ere gogorragoa egin zitzaizkidan lehenengo urteak, hau da, euskera utzi eta gaztelaniaz egin behar nuen garai hura.
Pertsonalki, iruditzen zait, hizkuntzak ez zaizkidala ondo ematen, baina tira, Madrilen eta Erresuma Batuan ederki moldatu nintzen.
Madrilen, unibertsitate pribatu batean ikasi nuen, eta hango sistema asko gustatu zitzaidan, proiektu txikiak egiten ziren urte osoan zehar, eta horrez gain, erraztasun haundiak ematen zituzten bertakoek. Ingalaterran ere, oso sistema ona zuten, nahiz eta publikoa izan, ikasle eta irakasleen arteko komunikazio asko dago, eta orokorrean kudeaketa askoz ere hobeagoa da. Nire esperientzia behintzat hori da, pasa ditudan unibertsitate batzuk, oso onak izan dira. Ingalaterran gainera, bazeuden ikasleak errepresentatzen zituzten taldeak, eta hauek lortzen zuten ikasleen beharrak helaraztea, eta aldaketak ere lortu zituzten. Azkenean nabaria da, irakasleak eta unibertsitateak ikerketara bideratuta daudela. Espero dut, hemengo unibertsitateek hango maila helburutzat hartzea.
Orain langabezian zaude, eduki duzun azken lanpostua zein izan da?
Geminyseko teknikari bezala egin dut lan azkenekoz, justu 2020ko abenduan graduatu nintzen masterretik, eta denbora hori ikasten eta nire kasa ibili naiz.
Ikasitakoa praktikara eramatea erraza? Zer esan dezakezu?
Teoria praktika ulertzeko eta praktika teoria sakontzeko balio du. Enpresetan beste modu batera egiten da lan, praktikoagoa da, baina asko laguntzen du jakiteak norabidea zein den eta zergatik egiten diren gauzak horrela, azkenean zentzu batekin ikasten dituzu gauzak, zergatia ulertzen bada.
Aukeratu duzun bide hau egiteko, erreferenterik izan duzu?
Txikitan Javier Casado ingeniariari buruz asko irakurri nuen, espazioaz asko idazten zuen Espacio aldizkarian, eta Pedro Duque Astronauta, estazio espazial internazionalean egon zenean 2003an. Esan dezaket, nire erreferente moduan hartu daitezkeela.
Planteatu duzu noizbait astronauta izatea?
Mundu hori gustatzen zait, hori egia da baina astronauta bere horretan ez nuke izan nahi. Lan egiteko ez dut nire burua hor ikusten, oso kontrolatuta dago dena. Hala ere, turista moduan bai gustatuko litzaidakela, hori oso argi daukat.
Noizbait pasa zaizu, espazioari buruzko zerbait “harrigarria” ikasi duzula? Ez zenuena espero edo…
Bai, adibidez, azkeneko urteetan ikasi dut, atmosferan daukagun oxigenoa eta atmosferaren gasa apurka jaisten ari dela. Gutxi gora behera esan daiteke altuera galtzen ari dela. Urte hauetan aurkitu den tendentzia bat izan da jaitsiera hau, oraindik gauza asko daude aztertzeko.
Nola irabazi zenuten, ‘Un reto en el parque’?
Geminysen nengoela, proposamen egoki bat nuela iruditu zitzaidan, informatika munduan asko erabiltzen den hackaton formatua enpresen arteko proiektu batean erabiltzeko. Aurkeztutako proposamen hau gustatu egin zitzaien, behin beharretara egokituta, Parke in Action 2030ean bilakatu da, 2020ko azaroan egin zen zilarrezko ekonomiari aurre egiteko erronka batean hain justu.
Nolakoa da Ingeniero Aeroespazial baten egunerokotasuna?
Beste edozein pertsonen antzerakoa seguru, lan egiten, jakin mina elikatzen, lagunekin hitz egiten, eta prokastinazioaren aurkako borrokan pasatzen ditut egunak, hori bai. Gainera, esan beharra dut espazioaren mundu honetan lan mota asko daudela, telekomunikazioa, informatikoak, matematikoak...Azkenean espazioko telekomunikazioan egiten duzun eragina, behar bada egunkari baten berdina izango da. Esan nahi dut, kate bat ari zarela irekitzen, informatzen ari zara. Egia da, espazioa dela sektore bat ezezaguna, baina lan honek besteengan suposatzen duen eragina, beste lan batek ere egin dezake, azkenean beste lan asko dira espazioa bezain garrantzitsuak.
Orain lanik gabe zaude, zer egin nahiko zenuke?
Hiru elementu ditut helburu, lehenengoa misioen diseinuan, bigarrena sateliteen operazioan eta hirugarrena sateliteetatik lortzen den datuen aplikazioetan.
Misioen diseinuan, daukazu helburu bat, adibidez, nahi duzula uholdeak neurtu. Behin helburua finkatuta, diseinatzen da satelite bat, bere orbitarekin eta bere instrumentuekin, helburu hori betetzeko. Hau jakin behar duzu nola bideratu, ahalik eta koste gutxien izanda. Aukeratu behar dituzu satelite tamaina bat, eta hautatutako guztiak enkajatu egin behar du. Lurrean ere antena batzuk jarri beharko dituzu, satelitearen seinalea jasotzeko... Misioa gehienbat da, satelitea eta lurreko infraestruktura planifikatzea.
Badaukazu oraindik bete ez duzun ametsik?
Bai noski, bat espaziora joatea da, Baikonur ere bisitatu nahiko nuke, libururen bat idatzi... gauza asko!
Baikonur, Sobietar Batasunak eduki zuen baina orain Errusiar federazioak daukan jaurtiketa zentroa da eta bertara joan nahiko nuke. Liburua edozerri buruz idatziko nuke, ipuin txiki bat...
Egunero zerbait berria ikasten dela esan ohi da, esango zenuke egunero ikasten duzula zerbait berria espazioaz?
Beti dago zerbait ikasteko, espazioa ez da eremu isolatu bat, baizik eta gizakion egunerokoan gertatzen diren gauzak aplikatu daitezkeen eremu bat, batez ere gizakien hegaldi espazialetan eta etorkizun bateko kolonia espazialetan. Esan daiteke lurra espazioan dagoelako, beti dagoela zerbait berria ikasteko, itsas hondoan baldin bada ere.
Konfinamendua, zer moduz joan zen?
Konfinamenduan amaitu nuen Masterra, azterketak eta guzti. Espero baino hobeto jasan dut familiari esker. Itzulia izan zen okerrago, Aste Santuan itzultzekoa nintzen Erresuma Batuetatik, eta hegaldiak atzeratu egin ziren. Hala ere hegaldi batean sartzea lortu nuen, eta konfinamendua etxean pasa nuen, etxekoekin. Zortea izan nuen egia esan, bestela Ingalaterran pasako nuen konfinamendua.
Gehiago espezializatzeko asmoa daukazu?
Espazioaren Ingurumenaz gehiago ikasiko dut, baina ez dut titulu ofizialik bilatuko oraingoz behintzat. Espazioaren ingurumenean, bi arlo daude; lehena da, nola eragiten duen lurrean espazioaren ingurumenak, esan daiteke eguzkiaren klimatologia eta eguzkiaren eragina lurrean nolakoa den aztertzen eta ikasten dela. Esaterako, ekaitz elektriko bat badago, eguzkitik etorritakoa, eragina eduki dezake lurreko kanpo magnetikoan, hau sinpleki kontatuta noski, askoz ere sakontasun gehiago du gai honek. Erlazio hauek ikustea eta hauek ikastea gustatuko litzaidake, noiz egon daitezken... Bigarren arlo bat ere badago, erabiltzen ditugun zaborrak adibidez, eragina dauka kanpo magnetikoan, sateliteak hausten baldinba dira bere eragina izango dute ingurumen horretan, eta hori ikasteko balio du espazioaren ingurumena ikasteak. Azkenean esan daiteke, ingurumena lurrean bezala, espazioan ere badagoela eta baduela eragina.
Ingenieritza Aeroespazialeko munduan sartzeko gogoa duten haiei, zer esango zenieke?
Pasioz egiteko hautatu duten hori, gustukoa badute behintzat. Jakin mina eta interesa badute animatzeko esango nieke. Gustukoa izan behar duzu ikasiko duzuna, horrelako gradu zail bat egiteko. Horrez gain, esan beharra dut, espazioan lan egin nahi bada, ez dela zertan ingeniaria izan behar, mota askotako langileak behar baitira, hala nola, informatikoak, matematikoak, artistak, marketin eta enpresen administrazioa ikasi dutenak... Gustuko eremuan lan egin dezakezu zure abilidadeak erabiliz, eta pasioa ateraz.
Eta aurrera begira, zer daukazu pentsatuta?
Zerbait egin nahi dut espaziotik lortzen diren datuak erabiliz, egunerokotasunean laguntzeko. Posizionamendu sistemak errazago nabigatzen lagundu digute, baina informazio asko dago ez duguna aprobetxatzen, adibidez nekazaritzan, osasunean... Ingurumen espazialaren ondoren horri begirada bat eman nahiko nioke.