Hamaika egiteko aukera Astigarragan, urtarrileko kultura-agendarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 00:00
'Ez dok ero' antzerkia eskaini zuten Erriberan, pasa den urteko azaroko kultura-agendan.

Dagoeneko eman diogu hasiera 2021 urteari, eta Astigarragan gogotsu heldu diote urtarrilari. Izan ere, kultura-agenda zabala prestatu dute, eta ekintza ugari izango dituzte herritarrek, hilabete osoan egiteko. Gainera, ikastaroak eta erakusketak ere izango dira eta, beraz, ez dute aspertzeko unerik izango astigartarrek. Adin guztiei zuzendutako kultura-ekintzak dira, eta tartean izango dira musika emanaldiak, antzerkiak, literaratura solasaldiak edota ipuin kontalariak. 

Joan den asteburuan zinea izan zen Erribera kulturgunean. Larunbatean eta astelehenean Erlauntza eta Koko dragoi txikia filmak proiektatu zituzten, eta, momentuz, horiek izango dira hilabetean egongo diren zine saioak. Halaber, irakurketarako tartea ere egongo da Erriberan. Oraingo honetan Harkaitz Canok eta Adur Larreak idatzitako Antzara eguna liburuaren gainean arituko dira, saioa Isabel Etxeberriak gidatuko du . Parte hartzea doakoa eta irekia izango da egun horretan. Horrez gain, literaturarekin jarraituz, Zazpi antxumeak nobela landuko dute urtarrilaren 14an. Bi saio egingo dituzte, arratsaldeko 17:00etan eta 17:45etan. Azken horietarako gonbidapenak liburutegian aldez aurretik eskatu behar dira.   

Literatura saioez gain, antzerkia eta bestelako ekintzak ere izango dira. Hilaren 17an, datorren igandean, Ene Kantak-en Liluragarria gorputz barrura goaz antzerki musikatua eskainiko dute Erriberan, arratsaldeko 17:00etan.   Sarrerak salgai egongo dira kulturgunean: umeek 3 euro eta helduek, berriz, 6.

Ikastaroetarako izena eman behar da, aurretik

Aipatutako ekintzez gain, tailerrak eskainiko dituzte Kontxaenean. Zehazki, 4 izango dira: yoga, joskintza, natural armony eta emakumearen indarra. Yogarako eta joskintzarako izenematea astelehenean zabalduko da, urtarrilaren 11n, eta Aste Santu arteko aste horiek guztiak izango dira izena emateko. Informazioa eta izenematea Erribera kulturgunean egin daiteke, edo, bestela, 943 335 064 telefono zenbakian.

Bestalde, hilaren 21ean eta 28an beste bi tailer egongo dira Kontxaenean. Hilaren 21ean, goizeko 09:30etan natural armony egitasmoa izango da. Pilatesa, yoga eta tai chi-a uztartzen dituen jarduera fisikoa da. Ariketa horrekin, helburua da oreka fisikoa eta emozionala lortzea. Halaber, emakumearen indarra izeneko ikastaroa ere emango dute. Udaleko Euskara sailak eta AEK euskaltegiak antolatuta, gai hori hainbat dinamiken bidez landuko dute Assumpta Ayerdik eta Nagore Legarretak. Bi saio egingo dituzte: lehena, urtarrilaren 21ean 18:30etan; bigarrena, aldiz, hilaren 28an, 18:30etan. 

Horrez gain, heziketa digitalari buruzko hitzaldia eskainiko dute Erriberan. Otsailaren 3an izango da, arratsaldeko 18:00etan. Helburua da eskaintzea familiei haurrek ikastolan erabiltzen dituzten tresna informatikoen gaineko informazioa.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!