Izotz Jauregira irteera, karaokea eta beste hamaika egiteko izango dira Gaztelekuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 4a, 08:13

Hilabete osorako ekintza bereziak prestatu dituzte, eta Donostiako Izotz Jauregiko irteeran parte hartzeko izan ezik, gainerako dinamiketarako ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. 

Prestatu duten agenda bereziarekin dagoeneko eman diote hasiera urteari Astigarragako Gaztelekuan. Herengun Just Dance 2021 ekimena izan zuten gazteek, eta atzo Mitologik saioarekin gozatzeko aukera izan zuten Donostian. Azken horretarako, ordea, izenemate epea itxita zegoela jakinarazi zuten arduradunek, izena eman zutenen kopurua plaza baino altuagoa izan zelako. Dena den, beste hainbat egiteko izango dituzte gaztelekuan hilabete honetan.
Lagunki saioez gain, dinamika bereziak prestatu dituzte. Hilaren 9an fimo tailerra egingo dute, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara bitartean. Gero, asteburu horretan ere, poker partidak antolatu dituzte gazteentzat. Horrez gain, hurrengo asterako ere dinamikak antolatu dituzte. Hilaren 16an sex buzoia jarriko dute lokalean, nerabeek beraien kezkak edo galderak bertan plazaratu ditzaten; eta igandean, hilaren 17an, karaokea izango da gaztelekuan.

Donostiara, hilaren 23an
Hilabetea amaitu aurretik Donostiako Izotz Jauregira egingo dute irteera. Izena emateko epea oraindik ez dute zabaldu, baina beharrezkoa izango da inskripzioa aldez aurretik egitea. Bestalde, hilaren 24rako Times Up ekimena antolatu dute, eta urtarrilaren 31an Gazte talent saioa izango da Gaztelekuan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Nerabeek beraien talentua zein den erakusteko aukera izango dute egun horretan.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!