Bi mozio eta eztabaida gutxi, urteko azkeneko Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 26a, 00:00

Ez zen adostasunik izan mozioetan, baina aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala, 'Bidea gara' mobilizazioarekin bat eginez.

Laburra eta eztabaida gutxikoa izan zen astearteko Plenoa, astebete aurreratu zutena, Astigarragako Udalean. EH Bilduk aurkeztutako bi mozioekin soilik izan zen desadostasuna, hiru talde politikoen artean. Aho batez onartu zuten, aldiz, Astigarragako Sareren adierazpen instituzionala, Bidea gara mobilizazioarekin bat eginez.

Aurreko Plenoko akta onartuz eman zioten hasiera Plenoari, eta Rofer-Buenaventura harrobiaren inguruko puntu bati heldu zioten segidan. Iraileko Plenoan, ez zuten onartu Excavaciones Astigarraga SL enpresak aurkeztutako errekurtsoa, eta horri erantzunez, auzitara jo du enpresak. Auzi horretarako abokatua eta prokuradorea izendatu ditu Udalak, alkatearen dekretu bidez, eta Plenoak berretsi zuen, aho batez.

Ondoren, 2020ko Udal Aurrekontuko kreditu aldaketa baten berri eman zuten: 10.000 euro bideratu dira Astiko elkartera, eta Gabonetako saskien kanpainarako baliatu dituzte horiek.

Eta horien ondoren egin zieten bidea, mozioei eta adierazpen instituzionalari. Aurreneko mozioa, izan zen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arreta sare publiko antolatu gisa defendatzeari buruzkoa. Horretan, EH Bilduk hiru adierazpen zuzen bere egitea eskatu zion Astigarragako Udalari: «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arreta sare publiko antolatua eta erantzukizun publikokoa dela adieraztea; sistema horretan pribatizazio politikak legitimatzeko, bultzatzeko eta hedatzeko ahalegin oro arbuiatzea; eta eskatzea Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren funtzioa mugatzea, aldi baterako prestazio edo zerbitzu bat eskuratzea bermatu ezin den egoeretara, baldin eta prestatzio edo zerbitzu hori administrazio publikoak ari badira garatzen».

Hiru puntu horiek, banaka bozkatzea eskatu zuten EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek. Eta horrela, aho batez onartu zen aurreneko puntua; baina kontra agertu ziren oposizioko bi alderdiak, beste bietan. EAJko Nerea Zusberrok adierazi zuen, testu­ko «hitz potolo» batzuekin ez daudela ados: «adibidez, negozio bezala definitzea euskal sistema», azaldu zuen.

Bigarren mozioan, EH Bilduk eskatu zuen Europar Funtsak udaletara ere bideratzea: «pandemiaren aurrean, udalek lan haundia egin dugu zerbitzuak eta dirulaguntzak emateko, baina horrek finantziazioa behar du». EAJk erantzun zuen, gainerako instituzioetan ere berbera izan dela egoera: «gastu potoloenak Aldundiak eta Jaurlaritzak hartu dituzte bere gain, eta haien egoera ez da hobea». Horrela, EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa, eta kontra azaldu ziren EAJ eta PSE-EE.

Eta azkenik, aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala: urtarrilaren 9ko Bidea Gara mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei; eta adierazi dute, «salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu beharra» dagoela.

2021eko Udal Aurrekontua, behin betiko onartuta

Plenoko deialdian egon arren, eztabaidatu gabe geratu zen 2021eko Udal Aurrekontuen be­hin betiko onarpena. Izan ere, alegaziorik aurkeztu ez denez, automatikoki onartuta geratu da, Plenotik pasa gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!