Arrobitxuloko igogailuak irisgarritasuna hobetuko du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 00:00

Arrobitxuloko igogailuaren marrazkia.

Udalak onartu zuen Arrobitxulo auzoa eta Santio Zeharra lotuko dituen exekuzio proiektua.

Udalerrian jarriko den lehen igogailuak Arrobitxulo eta Santio Zeharra zuzenean lotzeaz gain, zerbitzu eta eraikin publikoetarako irisgarritasuna erraztuko du, hala nola, Herri Eskolara, Kiroldegira eta udaletxera joateko.


Aspaldikoa da Astigarragako beheko aldearen eta goiko aldearen irisgarritasuna hobetzeko asmoa, izan ere, maldan gora daude funtsezkoak diren hainbat zerbitzu publiko: Herri Eskola, Kiroldegia, Foru plaza eta bertan kokatuta dagoen udaletxea. Eraikin eta zerbitzu horietara irisgarritasuna hobetzea da Arrobitxuloko igogailuaren helburua.


Herritar askok egiten dute Herri Eskolarako, Kiroldegirako eta Udaletxerako bidea eta, gaur gaurkoz, irisgarritasuna ez da egokia. 


Igogailua eraikitzeko lehiaketa
Gaur egun Arrobitxulo eta Santio Zeharra 20 metrotik gorako sestra-aldaketa batek banatzen ditu, eta horiek lotuko ditu igogailuak. Santio Zeharran kota ezberdinetan dauden bi gunetan geldituko da igogailua. Kota baxuenean dagoen irteeratik Herri Eskolako jolastokira iritsi ahal izango da 20 metroko luzera duen pasabide baten bidez. Kota altueneko irteera, aldiz, Kiroldegiarekin lotuta geratuko da 14 metroko luzera duen pasabide baten bidez.

 

Obra apirila edo maiatzean hasiko da
Proiektua onartzearekin batera, Udalak igogailua eraikitzeko obrak egiteko baldintzen pleguak onartu eta lehiaketa martxan jarri du. Lan hauek 1.229.490,81 euroko aurrekontua izango dute (BEZ barne), eta obrak egiteko aurreikusten den epea 8 hilabetekoa da. Obrak apirila-maiatzean hasiko dira, martxoan lehiaketa amaituta.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!