Astigarragako Landarbaso ibaian, 11 presa txiki kenduta

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 00:00

Uraren Euskal Agentziak, 11 presa txiki kendu ditu Astigarragako Landarbaso ibaiaren ibilguaren 360 metroko zati batean.

Otsailean hasi ziren zaharberritzeko lanen bigarren fasearekin. «Astigarraga eta Donostia udalerrien mugan, izen bereko zubitik ibaian behera, Astigarraga eta Errenteria lotzen dituen errepidetik gertu, ingurune menditsuan eta landaretza askorekin. Landarbaso ibaia, Epele erreka ere deituta, Urumea ibaiarekin bat egiten du, eta interes bereziko eremua da, Pirinioetako muturluze eta bisoi europarrentzat», azaldu du Uraren Euskal Agentziak. 
Jarduera hau, aipatu moduan, otsailean hasi zen, 11 presa txiki partzialki eraitsi ziren, eta orain azpiegituraren hondakinak erabat kendu dituzte. Helburua da, zati azkar bat berreskuratzea, «putzuak, sedimentu barrak, eta egur hila», bai eta ibaiertzeko basoaren jarraitutasuna ere, «habitaten aniztasuna haunditzeko eta lehen aipatutako Pirinioetako muturluze eta bisoi europarra bezalako espezieen intereseko habitata izateko baldintzak errazteko».
Gakoa izan da «tartea lehengoratzea eta 11 ur-jauzi artifizialak kentzea, ibilguan zehar fauna aske mugitzea eragozten baitzuen», dio URAk. 
Horrez gain, ibaiertzei eusteko hormak kentzea ere, «ibilguaren eta ibaiertz eta erriberen arteko joan etorri askea eragozteen baitzuen. Hamaika ur-jauzi artifizial, euste hormak eta ibaira sartzeko eskailerak 70eko hamarkadan eraiki ziren»,  eta Uraren Euskal Agentziak azaldu du, azkenean eraiki ez zen urbanizazio batetik ibairako sarbidea errazteko izan zela.
Eraitsitako presa txikiek hainbat indusketa maila behar izan dituzte, kokapenaren eta ibaiaren maldaren arabera. Eraispen horren barruan «atagiak eraiki dira, (hauek ibaiaren fluxua aldi batera bideratzea dakar),  ibaiaren emaria alboko hodi baten bidez desbideratzeko, makineria sar dadin ahalbidetzeko eta presa txiki bakoitzean lanak egiteko».  
Tartean eskuinaldeko ibaiertzaren zati haundi bat euste horma batez osatuta zegoen. Horma horren «altuera pixkanaka haunditzen zen, metro batetik Landerbaso zubitik gertu zegoen hiru metro altuerako hormara arte». 
Gainera Uraren Euskal Agentziak jakinarazi du, «plataforma bat eta 13 metro luzeko horma bat eraitsi direla ezkerraldean», Landerbaso zubiaren ondoan hain zuzen. Horri esker, eremua nabarmen lehengoratu da eta ibaiertz «natural bat sortu da, espezieentzako ibilguaren eta hurbileko lurraldearen arteko lotura berreskuratzen duena». 
Era berean, ibilguaren gaineko pasabide egitura zahar bat eta ibilgua gainditzen zuen hormigoizko kanalizazio zahar bat ere kendu dira «bai eta hari eusteko horma ere». 
Zaharberritze honek, Astigarraga eta Donostiako Udalen laguntza izan duela aipatu du URAk, «hondakinak erretiratzeko eta kudeatzeko batik bat». 
Azkenik, ibaiak lehengoratzeko jarduera hori, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu duela azaldu du Uraren Euskal Agentziak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!