2021 urteari aurre egiteko prest dago Udala, EH Bilduren ustez

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 20a, 00:00

Aurrekontuak onartuta, Astigarragako Udalak argi du, «2021eko urte konplikatuari aurre egiteko martxan dela dagoeneko eta ez duela astirik galduko». 

Udal aurrekontuei buruzko balorazioa egin du EH BIlduk, eta uste du, Astigarragako Udala prest dagoela 2021garren urteari aurre egiteko. 
2020 urtearen gorabeherei aurre eginez, EH Bilduko Udal gobernua gai izan da, azaroko osoko bilkuran berriz ere aurrekontuak onartzeko. Onarpen honekin gainera, Astigarragako Udala 2021eko urte konplikatuari aurre egiteko martxan da dagoeneko, eta «ez du astirik galduko esku artean dauden erronkei aurre egiteko», azaldu du.  
Gizarte Zerbitzuetako sailak, inoiz izan duen aurrekontu haundiena izango du, hain zuzen, 910.000 euro, «iaz baino 120.000 euro gehiago». Gainera azpimarratu dute Udalak egindako esfortzua, izan ere «aurrekontu osoa ia 170.000 euro gutxiago da». Besteak beste, 103.950 euro egongo dira pandemiak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko laguntzak banatzeko eta larrialdi laguntzen partida %50ean areagotu da, «60.000 eurotik 90.000eurora». Horrez gain, EH Bilduk azaldu du, kulturak, berdintasun, ingurumen eta enplegu politikek ere igoera nabarmena izango dutela aurrekontuetan, «eta horien artean aipatzekoa da Emakumeon Etxeak aurrekontuetan lehendabizikoz izango duen tartea». Beraz EH Bilduk dio, alderdi politikoaren ildo nagusiak indartzeko tresna baliagarria izango direla: «gizarte babesa, feminismoa, ingurumena eta parte hartzea». 

«Oposizioan, oso bestelako jarrerak agerian» 
Aurkeztutako emendakin bakarra onartuta, PSE-EE abstenitu egin zen, eta jarrera eraikitzaile horrengatik, EH Bilduk esker ona adierazi nahi izan dio, alderdi sozialistari. 
EAJk aldiz, «muturreko posizioetan gotortuta jarraitzen du». Izan ere, EH Bilduren arabera, «bere aurkako botoa hondakinen kudeaketa eraginkorrago eta jasangarriagora bideratzeko diren 70.000 eurotan oinarritu zen, hau da, aurrekontu osoaren %0,8agatik eman zion aurkako botoa aurrekontuari». 
Gainera, azaldu du, EAJren adierazpen publikoak honen adierazgarri direla, «jaietan Covid19ari aurre egiteko neurrietan baino gehiago inbertitzea saihestu duela esan baitu gorritu gabe».
2020ra begiratzea besterik ez dagoela dio EH Bilduk, «EH Bilduren Udal Gobernuaren ez-ohiko erabakiak ikusteko. EH Bilduren gobernuak laguntzetarako 300.000 euro bideratzea erabaki  baitzuen». Eta noski, 2021garren urteak hala behartzen badu, EH Bilduk dio ez duela zalantzarik egingo, «Covid19aren pandemiari aurre egiteko gizarte babesa guztiei ziurtatzeko». 
Bitartean, alderdi jeltzaleak pandemiako hilabete hauetan, «ez du ekarpen edo proposamen bakar bat ere mahaigaineratu, eta orain pandemiari aurre egiteko duen alderdi aitzindaria bezala saldu nahi izan du bere burua». 

Joko merkeetan erori gabe 
Hala ere, EH Bilduk dio, ez dela EAJren «jokoan sartuko». EH Bilduk jainarazi du nahikoa duela bere lana behar den bezala egin eta pandemiak ekarri dituen errealitate gogorrari irtenbideak aurkitzearekin, «beti ere profesionaltasunez eta dagokion arduraz, joko merkeetan erori gabe».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!