Bi hitzarmen sinatu dituzte Astigarragako Parrokiak eta Udalak, azken egunotan; eta horien bitartez, batetik, apaiz etxeko etxebizitzak alokairu sozialerako erabiliko dituzte; eta bestetik, elkarrekin kudeatuko dute elikagaien banaketa.
Ez da aurreneko aldia, Udalak eta Parrokiak hitzartu dutena apaiz etxeko etxebizitzaren bat Udalak kudeatzea. Izan ere, 2017 urtean, etxebizitzetako bat utzi zuen Parrokiak, Gizarte Zerbitzuetako sailaren esku.
Gerora, eraikin horretako beste bi etxebizitzak egokitu ditu Parrokiak, eta horiei begira, hitzarmena egin dute berriro. Parrokiak nahi du, hiru etxebizitza horiek erabiltzea gizarte bazterkeria egoeran dauden astigartarrei bizilekua emateko, baina ez dauka beharrezko baliabiderik, zeregin humanitario hori gauzatzeko. Eta era berean, Udalarentzat garrantzitsua da, horrelako etxebizitza gehiago izatea, behar sozialei erantzuteko.
Gauzak horrela, hitzarmenaren bitartez, Udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatuko dituzte hiru etxebizitzak, alokairu sozialerako edota harrera etxebizitza bezala erabiltzeko. Udalak, bere aldetik, 24.000 euroko dirulaguntza emango dio Parrokiari, etxebizitzak egokitzeko egindako obrengatik.
Hitzarmena indarrean egongo da pasa den abenduaren 1etik, 2022ko azaroaren 30era arte; eta beste urtebetez luzatzeko aukera izango du, 2023ko abenduaren 31ra arte.
Elikagaien banaketa elkarrekin, 2021ean
Udalak eta Parrokiak sinatutako bigarren hitzarmena, elikagaien eta beste behar batzuen banaketari buruzkoa da. Horren arabera, elkarrekin egingo dute banaketa hori, 2021 urtean, eta banaketaren gastuei aurre egiteko, 3.600 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Parrokiari.
Horretarako, Gizarte Zerbitzuek aztertuko dute familia eta herritarren egoera, eta zerrenda bat osatuko dute. Hortik aurrera, Parrokia arduratuko da, hilean behin, zerrenda horretan dauden herritar eta familiei elikagaiak banatzeaz; eta elikagaiekin batera, musukoak ere banatuko dizkiete.
«Hitzarmen hauek garrantzitsuak dira, bereziki bazterketa egoeran dauden pertsona eta familiei laguntzeko, eta Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzu eta programen osagarri dira», nabarmendu du Udalak.