Aurtengoa urte berezia izanda, ez dute ohiko moduan egingo Inuxente Lasterketa; baina prestatu du alternatiba, Mundarrok: modu birtualean egingo dute, gaurtik abenduaren 27ra arte.
Probari eutsi eta kirola egiteko ohitura bultzatzeko asmoz, hiru ibilbide ezberdin prestatu dituzte, adin eta gaitasun ezberdinetako herritarrek osatzeko modukoak. Urteroko krosaren ibilbidea izango da aurrenekoa, 6 kilometrokoa, korrika egiteko. Baina bizikletan osatzeko prestatu dituzte beste biak: mendiko bizikletarekin horietako bat, 23 kilometrotakoa, 600 metroko desnibel positiboarekin; eta errepideko bizikletarekin egitekoa bestea, 25 kilometrokoa.
Parte hartzeko, izena eman eta Strava aplikazioa deskargatu
Proban parte hartzeko, izena eman beharko da, hilaren 23ra arte, kiroldegian edo astigarragakomundarrofke@gmail.com helbide elektronikoan. Izenematearekin jasoko dituzte partehartzaileek, jarraibideak. Strava aplikazioaren bitartez burutuko dute proba, eta beraz, deskargatuta izan beharko dute partehartzaileek. Gaur bertan argitaratuko dituzte ibilbideak.