Partehartze prozesua abiatu dute, animalien araudia berrikusteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 00:00

Bereziki txakurren inguruan sortutako egoera gatazkatsuei konponbidea eman nahi die Astigarragako Udalak, horrekin. Datorren asteartean, saio irekia egingo dute herritarrekin, 18:00etan Herri Eskolako areto nagusian.

Aspalditik sortu dira elkarbizitza arazoak Astigarragan, txakur jabeen eta txakurrekin eragozpenak dituztenen artean. Eta horri aurre egiteko, konponbidea bilatu nahian, partehartze prozesua jarri du martxan Astigarragako Udalak, Aztikerrekin batera. Helburua da, «herritarren iritziak jasoz» konpontzen saiatzea arazoa, Xabier Urdangarin alkateak azaldu duenez.

Prozesuaren azkeneko pausoa litzateke, animalien araudia berrikustea, eta herriak behar duenera egokitzea. Baina horretara iristeko, herritarren iritzi eta ekarpenak bilduko dituzte.

 

Txakurren inguruan dauden «sentsibilitate eta ikuspuntu guztiak» biltzea, asmoa

Prozesua martxan da dagoeneko, aurreneko fasea bukatzear baita: «diagnosi fasean, ikusi nahi izan dugu zein egoeratan sortzen diren arazoak, eta zeinetan izan den elkarbizitza ona. Horretarako, egin ditugu elkarrizketak herritarrekin eta udal langileekin, eta jaso ditugu txakur jabeen zein txakurrik ez dutenen ikuspuntua», azaldu du Maitane Barrenetxeak, Aztikerreko ikertzaileak.

Elkarbizitza horren ezaugarriak eta berezitasunak jaso dituzte, eta aurreneko ondorioak bildu dituzte dagoeneko. Baina, era berean, datu eta informazio bilketa ere egin dute: zenbat txakur dauden herrian, hainbeste diren beste herri batzuekin alderatuta... «Eta errealitatea da ez daudela antzeko beste herrietan baino gehiago. Kontua da, biztanleriaren igoerak ekarri duela, baita ere, urte gutxitan asko haunditzea txakur kopurua ere», dio Barrenetxeak.

Elkarrizketetan jaso dituzten ikuspuntuetatik, ikusi dute ez direla bi talde homogeneo, elkarren kontra daudenak: «txakurrak dituztenen artean, ikuspegi ezberdin asko daude; eta berdin txakurrak ez dituztenen artean ere».

 

Herritarrekin partehartze saio irekiak, bigarren fasean

Aurreneko fasea bukatuta, bigarrenari ekingo diote, datorren astean. Partehartze saio irekiak egingo dituzte, herritarren ekar­­penak jasotzeko. Bi saio izango dira. Aurrenekoa datorren aste­­a­­rtean egingo dute, arratsaldeko 18:00etan ha­sita, Herri Eskolako areto na­gusian. Eta bigarrena Gabonetatik bueltan egingo dute, urtarrilaren 12an, 18:00etan Herri Eskolako areto­an hori ere.

Aforo kontuagatik, beharrezkoa izango da izena ematea. Eta jende asko izanez gero, beharbada bi zatitan egingo dute saioa. «Izenematea zabalik egongo da azkeneko momentura arte, baina etorriko direnei, eskatzen diegu abixatzea», azaldu dute.

Horretarako, hiru bide jarri dituzte aukeran: alkatetza@astigarraga.eus helbide elektroni­kora idatzi, edo deitu 943 33 52 40 (Alkatetza) edo 608 018 512 (Aztiker) telefonoetara.

Partehartze saio irekietara azaltzeko, izena eman beharko da, aforo kontuagatik:  943 33 52 40 eta 608 018 512 telefonoetan, edo Astigarragako Udaleko alkatetzaren emailera idatzita.


Saioetan parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu herritar guztiak, Astigarragako Udalak. Saio horietan jasoko dituzte herritarren ekarpenak, elkarbizitza hobetzeko eta araudian al­daketak egiteko. «Elkarbizitzaren gakoetan sakondu eta ordenantzaren moldaketak adosteko bi saio izango dira».

Aurreneko saioan, eztabaidatu eta sakonduko dute, diagnosi fasean atera diren ideia nagusietan eta elkarbizitzarako gakoetan. Eta bigarrenean, planteatuko dute nola moldatu ideia guztiak, «animalien udal ordenantzaren moldaketa zehatzetara, konpromiso eta betebeharretara, edota protokolo berrietara», azaldu dutenez.

 

Ordenantzaren moldaketa edo berridazketa, azkeneko pausoa

Eta behin herritarren ekarpenak jasota, azkeneko faseari hel­duko diote: animalien ingu­ruko ordenantza moldatu edo be­rri­da­tziko dute, saioetan ados­tu­ta­koaren arabera. Otsaila aldera izan daiteke hori. Eta lau aurkezpen saio ere egingo dituzte, egun eta ordutegi ezberdinetan, «ordenantzaren bertsio berria herritarrei komunikatzeko, eta araudiaren sozializaziorako».

Udalak azaldu duenez, prozesuaren emaitza nagusia izango da «herritarren arteko eta, batez ere, gaian inplikatutako herritarren eztabaida eta hausnarketaren bitartez egitea ordenantzaren berrikuspena».

Xabier Urdangarinek nabarmendu du, gainera, prozesuak berak balioko duela, ondo jarduten ez duten txakur jabeei abixu bat emateko. Ibai parkea izan da eztabaida guneetako bat, txakur jabeen eta txakurrik ez dutenen arteko elkarbizitzan. «Txakurrekin joaten da jende asko bertara. Baina han, txakurrek ezin dute aske egon. Ibai parkerako proiektuen artean dago, hori bai, txakurrak aske ibiltzeko eremu bat prestatzea», gogorarazi du alkateak.

Ahalik eta herritar gehienen ekarpenak jasotzea da kontua orain, ematen diren elkarbizitza arazoak konpontzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!