Emakumeon plaza

«Ondo dakigu izenak izana ekar dezakeela, ta gure herritako plazak hartzeko unea dela»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 15a, 00:00

Agurra eskaini zuten Astigar taldeko dantzariek eta Txirrisklako txistulariek, ekitaldiari hasiera emateko.

Igandean inauguratu zuten Emakumeon Plaza berritua eta jarri duten murala: «identitatea, energia eta emakumeon aniztasuna islatzen duen plazaren inaugurazioa da hau».

Jende askorekin eta kolore morea nagusi zela. Horrela ageri zi­ren Emakumeon Plazaren inguruak, igande eguerdian. Ikusmin haundia piztu zuen plaza berrituaren inaugurazio ekitaldiak, eta baita bertan jarri duten mural bereziarenak ere.

Eta ezin bereziagoa egin zuten ekitaldia bera, plazaren aterpeko eszenatokira igo ziren protagonistek, zein plazako lur berritik lagundu eta txalo artean hartu zituzten herritarrek. Tessa Andonegik aurkeztuta, Aintzane Barandiaran berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza aurrena: «urte zaila izan dugu 2020a, baina zorionez, Astigarragan inaugurazio batzuk egin ahal izan ditugu. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, prozesuan parte hartu duzuenoi, eta plaza hau zuena sentitzen duzuen guztioi. Hau ez da inaugurazio soil bat; identitatea, energia eta emakumeon aniztasuna islatzen duen plazaren inaugurazioa da», nabarmendu zuen.

«Oso pozgarria da sortu den ilusioa, eta hau dena aurrera eramateko gogoa»

Segidan erakutsi zuten, bideo baten bitartez, murala osatzeko burutu duten prozesua. Nagore Legarreta argazkilari eta sortzailea izan da prozesu horren arduraduna, eta berak ere esker hitzak izan zituen partehartzaileentzat: «oso pozgarria da sortu den ilusioa, eta hau dena aurrera eramateko gogoa, Astigarraga bezalako herri batean. Sortzaileok ez dugu aukera asko izaten, horrelako obrak garatzeko espazioak edukitzeko. Talde lana izan da hau, sorrera prozesuan parte hartu dugun guztiona».

Eta izandako partehartzea goraipatu zuen: «garbi geneukan partehartzailea izan behar zela murala, plaza eta murala bere sentituko bazuten herritarrek, eta ez arrotza. Eta partehartzea ikaragarria izan da, perfil askotariko emakumeekin, aurrez elkar ezagutzen ez zutenak. Egungo gizarte indibidualistan, oso garrantzitsua da hori». Eta azkenik, nabarmendu zuen emakumeen indarra «eustearekin» irudikatzen dela askotan: «baina aldaera asko ditu, eta horiek ikusarazi nahi izan ditugu diseinuan. Emakumeen askatasuna, aukeratzeko gaitasuna, indar intelektuala eta fi­sikoa, eraikitzeko gaitasuna, el­kar babesteko gaitasuna, irribarre edo dantza egitekoa...».

Dantzan eman zioten segida, hain justu, inaugurazio ekitaldiari. Dantza garaikidea eskaini zuen Uxuri Irastorzak, Inma Aramburoren biolin doinuek lagunduta. Eta ondoren, bertsoei ere egin zieten tartea. Emakumeon Plazari propio jarritako hiru bertso bota zituen Izarne Zelaiak, musikaren laguntzaz: Aramburo aritu zen biolinarekin berriro, eta Barandiaran gitarrarekin. Honakoak dira bertsoak, Goizean altxatu eta doinuan:


Jaiotzetik zein da guri

esleitzen zaigun partzela?

Ba espazio pribatua

edo zaintzaren epela.

Genero bakoitzak bere

rola, muga, erregela,

dakargun motxila honek

ez al du pisu itzela?

Nahiz ta plaza batek soilik

ezin dun eten kordela,

ondo dakigu izenak

izana ekar dezakeela (bis)

ta gure herritako plazak

hartzeko unea dela.

 

Partehartze publikoan

sortu ohi dira arantzak,

nork betetzen ditu sarri

zelaiak edota kantxak?

Espazio hortantxe daude

boterearen lorratzak

ta ahalduntzeko mugitu

behar ditugu ardatzak,

mikrofonora hurbilduz

gure ahots ta arnasak,

erdigunera ekarriz

gure gorputzaren dantzak (bis)

botere hartze bat ere

irudikatzen du plazak.

 

Kalean askatzen denez

mataza honen haria,

Astigarragan plaza bat

izan da lorpen haundia.

Irudi hauek ez ote

dira islada garbia

emakumea beti izan

dela borrokalaria?

Itsaso bihur liteke

tanta baten emaria,

gaur egin nahi izan degu

indar erakustaldia (bis)

lehena da baina ez da

izango azken aldia.

«Egin dezakegunak eta egiteko daukagun txikiak ere, asko dauka aldatzeko etorkizunean»

Eta noski, Emakumeon Plazaren inaugurazioa izanda, herriko talde feministek ere hartu zuten hitza. Olatz Mitxelena gerturatu zen mikrofonora, Aztifemiak taldearen eta Harituz elkartearen izenean: «gurea den plaza bat daukagu, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, izanari izena jarri zeniotenoi. Egin dezakegunak eta egiteko dugun txikiak ere, asko dauka aldatzeko etorkizunean. Historia egiteko aukera daukagu. Maite zaituztegu, emakumeok».

Herriko beste hainbat emakume igo ziren taula gainera ondoren, gitarra, biolin, pandero, piano eta musika kutxak hartuta, Mikel Markezen Konplize ditut eta abestia eskaintzera. Irudikatzeko, emakumeak elkarren konplize direla, eta horretarako gune propioa ere badutela orain, Emakumeon Plazan. Eta emakumeak bakarrik ez, kanturako konplize egin zituzten ekitaldira bertaratutako guztiak, elkarrekin abestera animatuz:


Emakume zuzenak,

okerrak, kirtenak,

moja txintxoak eta

zerrama irtenak,

itsusiak, politak,

atletak, herrenak:

konplize ditut eta

maite ditut denak.

Eta musikarekin agurtu zuten ekitaldia ere: batukadak ja­rri zizkion azkeneko hotsak inaugurazioari, eta lagundu zituen Emakumeon Plaza berriaren aurreneko taupadak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!